Señores: "Ez dugu ez inspiraziorik eta ezta iturririk ere"

Señores: "Ez dugu ez inspiraziorik eta ezta iturririk ere" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/senores-ez-dugu-ez-inspiraziorik-eta-ezta-iturririk-ere/@@download/image/señores_verbe_1432056169.jpg
2015/05/20
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)
Señores: "Ez dugu ez inspiraziorik eta ezta iturririk ere"
2012ko ekainean kaleratu zuen Bilboko Señores laukoteak izen bereko lehendabiziko EPa. Geroztik, Cuatro Barbas zigilua sortu eta hiru lan gehiago argitaratu dituzte, azkena, pasa den martxoan. Datorren larunbatean, bigarrenez igoko dira MAZ Basauriko agertokira.


Martxoan kaleratu zenuten ‘Verbena en la plaza del pueblo’ izeneko azken diskoa. Nolako harrera izaten ari da?

Betidanik nahi izan dugu 45 RPMko single bat kaleratu, eta aukera izan genuenean goputz osoz jaurti ginen itsasora, kolore orlegi eta guzti. Gure lehen diskoaren jarraipen antzeko bat da, eta entzun ditugun iritzien artean, hobekuntza hitza heldu zaigu eta momentuz ez digute berdel ustel batekin zaplastekorik eman….

‘Girando Por Salas’ ekimenaren babesarekin egin zenuten, nola suertatu zitzaizuen aukera?  

Aukeratuak izan ginen beste 800 talderen artean eta gogotsu ospatu genuen. Santander, Vigo, Madril, Alcala de Guadaira, Bartzelona eta Zaragozan zuzenean aritzeko eta lagun berriak egiteko aukera ez dugu galdu nahi izan.

Tira, 2012an debutatu zuen Señores taldeak. Egun are gizonagoak zarete?

Urteak pasa arren ez gara askoz gehiago gizondu, egia esan, nahiko gizonak ginelako ordurako... Beharbada gizendu bai, kampora irten garen bakoitzean sabela ondo bete dugulako...

Zertan erranen zenukete aldatu dela taldea?

Funtsez ez da gehiegi aldatu, lan kopurua handitu zaigu eta sorkuntzari dagokionez ardura antzeko zerbait somatzen dugu. Baina zoriona ekartzen daben momentuak, txarrak baino askoz gehiago dira. Duela gutxi 80. kontzertua egin genuen Gasteizen eta gogoratzeko gaua izan zen!

Euskal taldeen oihartzuna Euskal Herritik at murritzegia dela erran izan duzue behin baino gehiagotan. Ez dut uste, hala ere, zuek arazorik izan duzuenik, ezta?

Guri ez zaigu zaila egin kanpora irtetzea. Gure ustez gakoa irten nahi izatea da, eta ez zure entsegu lokalera zure bila etorriko den inor itxoitea. Hala ere egia da Estatu mailan euskal taldeek hainbat aretoetara iristea zaila izaten dutela, Madril eta Bartzelonako zirkuituetan dabiltzan taldeek baitute bakarrik hedabideetan agertzeko aukera.

Eta Euskal Herrian nola ikusten duzue musikaren eszena?

Oso talde onak daude gaur egun, eta Euskal Herrian, The Great Barrier, Mobydick, Viva Bazooka, Diana Lagarto, 5000 rpm, Despeñaperros, Yellow Big Machine, Larry Bird, Jupiter Jon, Maderacore edo Belako bezalako taldeengan dago, gure ustez, etorkizuna.
Eta noski, ibilbide interesgarria dute baita Ainara Legardon, We Are Standard, Lisabo, Mursego, Audience, Berri Txarrak, Joseba Irazoki edo Willis Drummond bezalakoek.

Jaialdiak ere barra-barra daude. Datorren asteburuan, MAZ Basaurin ariko zarete zuek...

Pasa den urtean ere jo genuen The Pains of Being Pure at Heart taldearekin batera. Horregatik, aurten ere MAZ Basaurik gure atea jo izana pozgarria izan da guretzat.

Amaitu aurretik, taldeaz aparte duea pare bat urte sortu zenuten Cuatro Barbas zigilua. Zein erronka duzue zentzu horretan?

Lehenengo EPa atera genuenean sortu genuen zigilua gure lanak kaleratzeko, baina zorionez, gureaz aparte, lau erreferentzia gehiago atera ditugu dagoeneko. Zigiluaren ibilbidea eta taldearena batera joan dira orain arte, eta beste talderen batekin lan egitea gustatuko litzaiguke etorkizunean, zenbat eta gehiago izan zarata gehiago ateratzen baita.

Hitzetan kritika doinuek nagusi dituzue. Zein da zuen inspirazio iturri nagusia?

Ez dugu ez inspiraziorik eta ezta iturririk ere, bizitzako eguneroko gauzak isladatzen ditugu kantuetan, eta bizitza dena da.

Azken bildumako bi abestien hitzak nori zuzenduta daude zentzu horretan?

Bat politika ekonomiko tamalgarriak ezartzen dituztenei, eta bestea, politika horiek pairatzen ditugunoi.

Orain bai, amaitzeko, MAZ Basauriko kontzertuaren aurrerapenik egiterik bai?

Aurreratu ahal dizuet lau tipo erdi itsusi, erdi gogotsu izerdia botatzen, eta beraiengan sinisten, taula gainean egongo direla….

Beraz, kontzertura joateko zalantzan denari zer errango zenioke?

Dirua ez dela arazorik izango guztiz doako kontzertua baita, Tulsa andereak katedralak bezain handiak diren kantuak dituela, eta hori ezin duela galdu!