Sarearen neutraltasuna

Sarearen neutraltasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sarearen-neutraltasuna/@@download/image/sarezulo02_1479458078.jpg
2016/11/18
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @Aldakur
Sarearen neutraltasuna
Internet gure etxeetara sartu zenetik, gaur egun ezagutzen dugun Internetarekin alderatuta desberdintasun handiak aurki ditzakegu. Bai eskaintzen dituen edukien aldetik eta baita erabilpenaren aldetik ere. Gogoan dut, amari oihukatzen nionean: "Ama, Internetera konektatuko naiz. Ez eseki telefonoa!".

Garai batean, denbora zehatz eta labur batez konektatzen ginen Internetera, konexioa minutuko ordaintzen baitzen.

Gero IRC txatak etorri ziren –oraindik jende askok erabiltzen ditu–. Munduko edozein tokiko pertsona batekin momentu berean komunikatzeko aukera izatea ikaragarria iruditzen zitzaidan momentu horretan. Baina, orain ez bezala, ezizenak erabiltzen genituen; sare sozialak, batez ere Facebook, iritsi arte gure nabigazioa ‘anonimoa’ zela esan dezakegu. Ez genuen gure benetako izena erabiltzen eta are gutxiago abizena. Baina gauza onak ere gertatu dira; aurrekoa aldaketa txarra dela uste badugu, informazioa zabaltzeko aukera edozeinen gain dago orain. Bertsio ofizialak zalantzan jartzen dituen milaka testu, bideo eta argazki zabaltzen dira momentu oro saretik. Hori gutxi balitz, zuzeneko emisioak edozein erabiltzaileren esku daude. Beraz, gaur egungo sarean, edozein eduki (testu, argazki, irudi, bideo) deskargatu eta igo dezakegu inongo eragozpenik gabe.

Konexioa mundu osora

Internet konexioa giza eskubide bezala definituta dagoen momentu honetan, Googlek Loon proiektuarekin eta Mark Zuckerbergek (Facebook) Free Bascis (lehen internet.org) proiektuarekin konexioa iristen ez den tokietara eraman nahi dute. Hau lortzeko, bi modu bitxi planteatu dituzte. Lehenak, GAZTEZULO 158. zenbakian azaldu genuen bezala, Globoen bitartez haririk gabeko konexioa zabaldu nahi du. Bigarrenak ordea, globoak erabili beharrean, hilabeteko autonomia duten dronak erabiltzeko asmoa du.

Hau albiste ona izango litzateke sarearen neutraltasuna zapaldu nahi izango ez balute. Behintzat, Mark Zuckerbergek planteaturiko konexioak.

Sarearen neutraltasuna

Sarearen neutraltasuna da ezagutzen dugun Internetaren oinarria. Sarera konektatzen garenean, denok gara berdin. Gure ordenagailuak eskatzen dizkigun pakete digitalak (bat eta zeroz osatuta) ez dira munduan dagoen beste puntaren pertsona batenak baino garrantzitsuagoak. Ez gureak, ez bereak, ez dute inongo lehentasunik sarean ‘bidaiatzeko’.

Gainera, bisitatzen ari garen edukia zein den ez du axola. Bideoak ikusi, musika entzun, egunkari bat irakurri. Edozer gauza egiten ari garela, sarearen neutraltasuna mantentzen da. Guzti hau, Internet zerbitzu hornitzailearen gain dago.

Baina, neutraltasun hau apurtzeko gogoa egon, badago. Imagina dezakezu P2P deskargak, Skype bidezko bideokonferentziak edo Streaming bidezko bideoak ikusteko gehiago ordaindu behar izango bagenu? Zerbitzu horiek itxita izango bagenitu gure Internet zerbitzu hornitzailearekin horrela adostuta dugulako? Ba egoera horretan, sarearen neutraltasuna apurtzen da. Hau da, sarearen erabilpenaren arabera gehiago edo gutxiago ordainduko genuke, eta zerbitzu asko diru truke saihestu daitekeen zentsura baten menpekoak izango lirateke.

Indian doako konexio mugatua


Internet mundu osora zabaltzeko asmoz, Mark Zuckerbergek aipatutako Free Basics proiektua Indian martxan jarri zuen, baina azkenean zerbitzua bertan behera utzi behar izan dute sarearen neutraltasuna errespetatzen ez zutelako. Free Bascisek doako konexioa eskaintzen zuen, baina soilik web orrialde zehatz batzuetara eta app batzuentzako. Muga hauek ez dira onargarriak sare neutro batean.

Guifi.net Euskal Herrian

Herrialde Katalanetan hasitako eta jadanik Euskal Herrira iritsitako sare neutral eta aske bat da www.guifi.net. Guifi.net fundazioak zehaztutako baldintzak betetzen dituen edonork parte hartu dezake sarean. Sare lokal erraldoi bat dela esan dezakegu, eta pixkanaka-pixkanaka Euskal Herrian hedatzen ari da.