Rosamund Pike: Ezezagunaren momentua

Rosamund Pike: Ezezagunaren momentua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/01/15
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Rosamund Pike: Ezezagunaren momentua
Lehenengo aldia lehenengo aldia da, baina lehenengo aldi guztiak ez dira berdinak. Ez da gauza bera munduko hiri nagusietako aretoetan blockbuster bat estreinatzea, edota ehun ikusle baino gutxiago izan ostean zuzenean saltoki erraldoietako beherapenenen DVD apalera joatea.


Horregatik, Die Another Day (Lee Tamahori, 2002) James Bond protagonista duen hogeigarren filmean Pierce Brosnan eta Halle Berryren alboan debutatzeak badu berea.

Hala ere, ordura arte MI6ko agentearen filmik arrakastatsuena izan zenean paper esanguratsua egiteak ez du izarren olinporako aterik irekitzen, eta ibilbidea luze bezain malkartsua izan daiteke. Ondorengo urteetan, bigarren mailako pertsonaiak egin zituen hainbat filmetan; batzuk azpimarratzekotan, Pride and Prejudice (Joe Wright, 2005), Fracture (Gregory Hoblit, 2007) edota An Education (Lone Scherfig, 2009) aipa daitezke. Aktore orok noizbait esku artera iritsiko zaion amestutako gidoiaren zain jarraitu besterik ez zitzaion geratzen.

Baina lanak eta konstantziak ematen omen dute azkenburuan fruitua. 2012an, plazaratu eta berehala, best-seller bihurtu zen Gillian Flynn idazlearen Gone Girl eleberria. Hala, Hollywoodek egun duen zuzendaririk talentudunetako bati, David Fincherri, eskatu zioten istorioa zeluloidera eraman zezan. Eta Nick Dunne senarrarena egiteko berehala Ben Affleck fitxatu zuen arren, Amy Dunne lerden eta eder bezain misteriotsua gorputzez eta arimaz betetzeko hautagaia tentuz bilatzeari ekin zion. Natalie Portman edota Charlize Theron bezalako izarrek euren burua eskaini bazuten ere, Fincherrek aurpegi ezezagunagoa nahi zuen, eta halaxe aukeratu zuen Pike. Eta halaxe liluratu ditu ikusle zein kritikoak. 2014ko interpretaziorik bikainenetakoa izan da berea, eta ondorioz, askok zapaldu nahiko luketen alfonbra gorria zapaltzeko izendapena jasoko du, gutxienez.

Rosamund Pike


IZENA: Rosamund Mary Elizabeth Pike.
JAIOTEGUNA: 1979-01-28.
JAIOLEKUA: Londres (Ingalaterra).
BIKOTEKIDEA: Robie Uniacke.
FILM MAITEENA: In the Name of the Father (Jim Sheridan, 1993).
AKTORE KUTTUNA: Daniel Day-Lewis.
MAITE DU: Zailtasunei aurre egitea.
GORROTO DU: Bere lanari buruzko iritziak irakurtzea.