Raspberry Pi, 35 euro balio dituen ordenagailua

Raspberry Pi, 35 euro balio dituen ordenagailua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Raspberry Pi, 35 euro balio dituen ordenagailua
Urteak daramatza gure artean, baina kaleratu duten azken modeloarekin badirudi
erabiltzaileen artean ezagunagoa egiten ari dela.


Raspberry Pi zortzi zentimetroko luzera eta bost zentimetroko zabalera dituen ordenagailua da. Hardwareari dagokionez, 900 MHz-etako lau nukleo ditu eta 1GB-eko RAM memoria. Egia da, gaur egungo smartphone-ek potentzia gehiago dutela, baina 35 euroren truke ez dago batere gaizki.

Dena dela, ohiko ordenagailuei ematen diegun erabilera emateko, Raspberry Pi Kit-a erosi beharko dugu: SD txartela, korronterako kablea eta Raspberrya gordetzeko kaxatxoa dakartzan paketea. Hala ere, horren guztiaren prezioa 55 euro ingurukoa dela kontutan hartuta, oso ordenagailu ekonomikoa izaten jarraitzen du.

Orain arte Linuxekin funtzionatu du, baina azken bertsioak laster plazaratuko duten Windows 10 sistema eragilea ere onartuko duela diote garatzaileek. Jendeak etekin handia ateratzen dio ordenagailu berezi honi; sarean milaka adibide aurki daitezke. Hona hemen aukera interesgarri batzuk:

Stop-motion
Raspberryarekin erabiltzeko bideo kamerak salgai daude, eta ez kalitate txarrekoak, adibidez, badira 1080p-etara grabatu dezaketenak. Horrelako batekin, stop-motion teknika erabilita, film labur interesgarriak egin ditzakezu.

Smart TV & Media-center
HDMI irteera duenez, telebistara konektatzeko aukera ematen du. Horrela, etxeko telebista Smart TV bihurtu dezakezu. Adibidez, Chromerekin Interneten nabigatu ahal izango duzu, YouTubeko bideoak ikusi edo Spotifyn musika entzun. Zerbitzu horiek erabili nahi ez badituzu, SD txartelean gorde ditzakezu nahi dituzun argazki, musika eta bideoak, eta telebista media-center bezala erabili dezakezu.

Ambilight
Pazientzia eta abilezia pixka batekin, Philips etxeak garatutako Ambilight argiztapen sistema ere txertatu ahal izango diozu zure telebistari. Sistema horrek ikusten ari zarena modurik egokienean ikusi ahal izateko girotzen du telebistaren inguruko argiztapena. PiBob eta AmbiPi dira Raspberryarekin sistema hau erabiltzeko aukera ematen duten proiektuak.

Wifi hedapena
Etxeko txoko batzuetara wifi seinalea iristen ez baldin bazaizu, Raspberrya erabili dezakezu seinalearen indarra handitzeko. Gainera, softwarearekin jolasteko beldurrik ez baduzu, haririk gabeko aparteko beste sare bat ere sortu dezakezu, adibidez, etxera datozen gonbidatuek erabiltzeko.

Estratosferatik ateratako argazkiak
Aukera guztien artean, hauxe da nabarmentzen dena. Sartu Dave Akerman-en blogean (daveakerman.com) eta bertan ikusi ahal izango duzu globo bitartez Raspberry Pi gailua estratosferara bidalita zer nolako argazkiak atera daitezkeen. Bitxiak Supermanen panpina batekin ateratakoak! GPS sistemak globoa berriz lurreratzen du.

Hamaika dira diru gutxirekin, eskulanaz eta pazientzia askorekin Raspberry Pi-ak eskaintzen dituen aukerak. Imajina badezakezu, egin dezakezu.

Katxondoena



Demócratas $.A.
@masademocrata

Politika, umorea eta kritika oinarri dituen Twitter kontua. (Gaztelaniaz)

Informazio bila



Red Star OS
Ipar Koreak garatutako Linux
distribuzioa omen da Red Star OS. Informazio faltaren aurrean, zeuen kabuz ikertzera gobidatzen zaituztet.

Harritu gaitu



Dropbox for gmail
Gmail kontutik mezu bat bidaltzerakoan Dropbox kontuan ditugun fitxategiak eransteko aukera eskaintzen duen Chrome nabigatzailearentzako hedapena.