Pier Paolo Pasolini: errautsetako poeta

Pier Paolo Pasolini: errautsetako poeta https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/09/10
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Pier Paolo Pasolini: errautsetako poeta
Pier Paolo Pasolini (1922, Bolonia – 1975, Ostia, Italia) idazle eta zinemagilearen izena askotan entzungo dugu datorren udazkenean. Izan ere, azaroan berrogei urte beteko dira Pasolini hil zutenetik.




Zazpi urte zituelarik hasi zen poesia idazten, eta, ordutik, idazten eman zuen bizia. Nobelak, saiakerak, antzezlanak, poema bildumak eta zinemarako gidoiak idatzi zituen, besteak beste.

Haurtzaroa hainbat lekutan igaro zuen, Italia ipar-ekialdeko Casarsan gehienbat. 1937an Boloniara itzuli zen, Boloniako Unibertsitatean artearen historia eta literatura ikasketak burutzera. 1942an Poesie a Casarsa lehen poema bilduma argitaratu zuen, friuleraz idatzitakoa. Gazterik Italiako Alderdi Komunistan sartu zen, eta 1943tik aurrera irakasle lanetan aritu zen, 1949an homosexualitate akusazioen ondorioz irakastea debekatu zioten arte. Alderditik ere bota egin zuten.

1950ean Erromara iritsi zen, eta bertako langile-klaseen bizimodua kontatzeari ekin zion. Ordukoak dira argitaratu zituen lehen bi nobelak: Ragazzi di vita (1955) eta Una vita violenta (1959). Estilo aldetik berrikuntza ekarri zuen, eta istorioak kontatzeko era gordinaren ondorioz hainbat polemika piztu zituen.
Lehendik ere zinemarako gidoiak idatzi bazituen ere, 1961ean bere lehen filma zuzendu zuen: Accatone. 1966an, zinemari esker nazioartean famatzen ari zelarik, urdaileko ultzera batek etxean egotera behartu zuenean hainbat antzezlan idatzi zituen. Ostiako hondartzan bortizki hil zuten egunera arte, idazten, argitaratzen eta politikoki engaiatua izaten jarraitu zuen.

*Pasoliniren literatura ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du Pasolini Roma erakusketak, hainbat idazki original barne. Urriaren 4ra arte zabalik Donostiako San Telmo Museoan.

Bibliografia hautatua


Poesia
•  Poesie a Casarsa (1942).
•  Le ceneri di Gramsci (1957).
•  La religione del mio tempo (1961).