Nire zakila okerra da, eta zer?

Nire zakila okerra da, eta zer? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nire-zakila-okerra-da-eta-zer/@@download/image/sexuak_179_01_1482746678.jpg
2016/12/22
erreportajea
Ander Lertxundi. Arremanitzeko kolaboratzailea @Arremanitz
Nire zakila okerra da, eta zer?
Denak gara bereziak eta bakarrak, baina zer egingo genuke ‘bereziegiak’ edo ‘bakarregiak’ bagina?

Gaur egun, zorionez, geroz eta jende gehiagoren diskurtso eta jarreretan daude gorputzen eta sexualitateen aniztasuna, koito eta genitaletatik haragoko erotika eta norbera den bezalakoa onartzearen onurak. Baina, besteen azalean jartzen al gara benetan?

Imajinatu

Imajinatu zure gorputzeko zati bat begiratzean, nahiz eta besteen gorputzak euren artean desberdinak diren, desberdinagoa ikusten duzula. Demagun berezitasun horren ondorioz, aldageletan egoteak sortzen duen begiratua izatearen sentsazioak dutxak ekiditera eramaten zaituela.

Imajinatu, gainera, bizi zaren gizartean desberdina den gorputzeko zati hori zure sexuaren ezaugarri garrantzitsuena bezala ikusten dela. Garrantzi handia izan du zure izenean, hezkuntzan eta ingurukoek zurekiko duten tratuan.

Pentsatu, era berean, gizarte horretan zati hori ezinbestekotzat hartzen dela harreman erotikoetan eta garrantzi handia ematen zaiela zati horren ezaugarriei ia sakratutzat hartzen den jokaera erotikoan. Imajinatu gustuko dituzunek onartuko ez dutelaren beldurrez, horiengana ez zarela hurbildu ere egiten, edo behin ausartuta ezinezkoa zaizula aurrera egitea eta honek eragin negatiboa duela harremanean.

Adibide erreala

Guzti hau pairatu eta jasan behar izaten dute, besteak beste, jaiotzetiko zakilaren okerdura dutenek, hau da, zakila okertuta dutela jaio direnek. Okerdura jaiotzetik dago eta gorputz leizetsuen ez ohiko garapena dela eta, erekzioak izatean, zakila, aipatutako gorputz leizetsu horien kokapenaren arabera, norabide konkretu batera okertzen da nabarmen, 90ºrainoko angelua osatzera iritsi daitekeelarik.

Aurrez ikusi dugunaren ondorioz, askok medikuntzak ematen dizkion konponbide bat hartzen du. Esku hartze hauetan, metodo desberdinen bidez, erekzioan zakilak duen itxura zuzendu (norabideaz ari gara ez egokitasunaz) daiteke.

Emaitza estetiko onenak lortu ohi dituzten teknikak zirkunzisio bidez egiten dira eta ezagunenean, Nesbit delakoan, zakilaren luzeera apur bat murriztu daiteke.
Internet izaten da askotan lehen informazio iturria eta baita egoera berean dauden beste batzuekin kontaktuan jarri eta bizipenak partekatzeko plaza ere.

Elkarreragin hauek indartuta, bai zakila moldatzea, zein dagoen bezala mantetzea erabakitzen dutenen artean, askok profesionalen laguntza (medikuak, psikologoak, sexologoak…) bilatzen dute.