Morau ta Beñardo: "Entzulea proiektu komun bateko partaide sentitzea askoz ere aberatsagoa da"

Morau ta Beñardo: "Entzulea proiektu komun bateko partaide sentitzea askoz ere aberatsagoa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/morau-ta-benardo-entzulea-proiektu-komun-bateko-partaide-sentitzea-askoz-ere-aberatsagoa-da/@@download/image/errekalden2_1425982923.jpg
2015/03/10
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Morau ta Beñardo: "Entzulea proiektu komun bateko partaide sentitzea askoz ere aberatsagoa da"
Hamabost urte bete dira aurten Andoni Tolosa ‘Morau’ eta Beñardo Goietxe musikariak elkarrekin lanean hasi zirenetik, eta bost disko argitaratu ondotik ‘Arrainentzako Himnoak’ argitaratu zuten iaz. Martxoaren 14an, Gernikako Lekuek jaialdiko Kaleko Egunean ariko dira zuzenean.


Agotak taldea desegin ondoren sortu zen zuen proiektua. Nola laburtuko zenukete zuen ibilbidea?

Andoni Tolosa ‘Morau’: Lehenagotik elkar ezagutzen bagenuen ere, Amodio Domestikoak diskoan (2000) hasi ginen elkarrekin lanean. Hasieran Morauren musikari gisara, gero Agotak taldean elkarrekin aritu ginen, eta azkenik, halako harreman estuak aitortza behar zuenez, Morau eta Beñardo proiektuari heldu genion. Izen aldaketa baino gehiago izan da, elkarlanean aurrerapauso bat eman, eta bikote gisara landu baitugu kantu sorta.

Beñardo Goietxe: 2013ko urrian kantuak lantzen hasi, 2014ko Pazkoetan grabatu, udazkenean CDa argitaratu eta zuzenean putzuz putzu igeri hasi ginen, bi arrain musikazaleen arteko adiskidetasunean, beti...

Ibai, itsasoko edo arrainontziko arrainentzako himnoak dira zuenak?

M:
Edozeinentzat; handi, txiki, polit, itsusi... Arrainok nahi dugun lekuan bizi gaitezke eta leku horietan guztietan izango da musika, kantuak eta jakina, himnoak. Nola jakin arraina zaren ala ez? Arrainentzako Himnoak entzuten hasi, eta minutu baten buruan urmael batekin gogoratzen bazara, ez dago zalantzarik, zeu ere arraina zara.

B: Euskal uretako tamaina guztietako arrainentzako izan litezke, musika korrontearen arabera. Hori bai, seguru asko ezkata zaharragoak dituztenei gehiago gustatuko zaizkie.

Aurreko bosten aldean, azken diskoaren sortze prozesua bestelakoa izan da. Alderatuta, zein da egiten duzuen balantzea?

M: Hasieratik, disko soila baino gehiago izan da. Kantuen sortze prozesua konpartitu, ekarpenak jaso eta hastapenetik egindako guztia agerian jarri dugunez, aurretik kaleratutako diskoekin alderatuta, askoz ere bizi eta intentsoagoa gertatu da. Aberasgarriagoa, tartean jende askoren ekarpenak izan baititugu. Neurri handi batean, autogestioan oinarrituta sormen kolektiboko esperimentu bat ere gertatu da. Asko disfrutatzen ari gara, oraindik ez baita bukatu...

B: Bion arteko lan biluziagoa izan da, akustikoagoa eta oinarrizkoagoa. Iruditzen zait ditugun dohain eta mugak hobeto orekatu ditugula eta kantu gehienei ahalik eta zopa gehien atera diegula.

Kantuen ibilbidea diskoan amaitzen ez dela diozue. Hortaz, nolakoa izango da Lekuek jaialdiko emanaldia?


M: Beno, Lekuek jaialdiko emanaldia oso berezia izango da, aspalditik gonbidatu baina sekula aukerarik  ez izateagatik asko atzeratu zaigun Kafea eta galletak saioa burutuko baitugu. Saio honek bi atal ditu, lehenik eta behin artistarentzat esanguratsua den disko bat entzuten da, gure kasuan,  Townes Van Zandten Live At The Old Quarter, 1973ko zuzenekoa. Kantuak entzun eta diskoaz solas egingo dugu Kafea eta galletak dastatzen ditugun bitartean. Bigarren zatian, berriz, ohiko emanaldia burutuko dugu, arrainentzako himno guztiak joko ditugu, unean uneko bertsioan.

B: Zenbat eta gehiago jo, abestiak ontzen doazela uste dut, bereziki, grabazioan berdeago zeudenak. Mugi eta mugi pil-pil puntua hobetzen ari gara. Espero dugu Lekuek jaialdian bakailu goxoa prestatzea.

Bertsioak egitea gustatzen zaizue. Bertsioa egiteko moldatu beharra dago, horrela bada,  arrainentzako himnoetako There Is a Light That Never Goes Out kantak, zenbat dauka The Smith taldearena eta zenbat Morau eta Beñardorena?

M: Oso ariketa gustagarria da bertsioak egitearena, ustekabean, Facebooken beste arraintxo batek botatako erronkari erantzunez prestatu genuen, ez baikenuen aldez aurretik horretarako asmorik. Beti bezala jokatu dugu, ahalik eta modurik apalenean hurbildu gara kantura, eta gure mundura ekartzen saiatu gara. Ez daukat erantzun zehatzik galderarentzat. Hori entzuleek esan beharko dute, noraino lortu dugun 80ko hamarkadako hit hori Morau eta Beñardoren mundura ekartzea. Esango nuke lortu dugula, oso gustura jotzen dugu zuzenean eta diskoan ere txukun geratu da. Handikeriarik gabe jokatzeko ohitura oso egokia da horrelako kantu ezagunetara hurbiltzen zarenean.

B: Musika maitale sutsuak gara eta maite ditugun kantuen perbertsioak –Andonik definitu bezala– egiten gozatzen dugu. Izugarri zaila bada ere, bertsio fidela edo itxuraldatua eginda ere, kantuak geuri sortu digun xarma hori geureganatzen eta jendeari ahalik eta zintzoen sentiarazten saiatzen gara. Nolabait ere, aldi berean, geu The Smiths eta euren zale diren M ta B sentitzen gara, eta jendeak ere The Smiths eta M ta B batera ikus ditzaten nahi genuke...

Espero al zenuten diskoak jaso duen harrera beroa?

M: Egia esateko, inola ere ez. Sei urtetan ez dugu diskorik atera, eta bat-batean terrenoa berreskuratu behar izan dugu, baina ez da erreza. Arrainentzako Himnoek izan duten oihartzunari dagokionez, zer ikusi zuzena du proiektuaren ezaugarri bereziak; guztia konpartitzeko eta jendeari ekarpenak egiteko aukera ematearekin.

B: Ez, ur hotzagoetan igerian ibiltzen ohituak gara. Oraingoan, jendearen eta hedabideen arreta sekula baino hobea izan da. Hala ere, ez izutu, ez gaituzue kristalezko arrainontzi dirdiratsuetan jira-biraka ikusiko...

Zein izan da gakoa?

M:
Entzulea proiektu komun bateko partaide sentitzea askoz ere aberatsagoa da, eta horrek, epe ertainera eskatzen dizun lana baino askoz ere onura gehiago ekartzen dizkizu. Zalantzarik gabe. Izan ere, zergatik izan behar du entzulea artistaren jardunaren hartzaile soila?  Disko bat baino gehiago izan da, ez genekien gai izango ginen jendeari hori ulertarazteko, baina argi gelditu da baietz. Hortxe egon daiteke Arrainentzako Himno hauek jasotako harrera beroaren gakoetako bat.

Etorkizunari begira, ba al duzue bertze proiekturik eskuartean?

M:
Ez, oraingoz gustatuko litzaidake Arrainentzako Himnoekin egindako bidearen moduko amaiera ematea. Proiektuak merezi duen amaiera, hori hausnartzen ari gara une honetan, baina kantuen ibilbideari amaiera egokia ematea gustatuko litzaidake, ea zer bururatzen zaigun

B: Baliteke, ongi moldatzen garen bitartean eta ur kolpeak lagun, himno gehiago sortuko dira, ia seguru.

Zein dira zuen erronka nagusiak?

M: Kantuak egiteko grina ez galtzea, ea gai garen gero eta kantu hobeak egiteko, eta horiekin horrelako proiektu emankorrak burutu eta jendearekin konpartitzeko.

B: Osasunez, maitasunez, arnoz eta musika-zaletasunez, orain arte bezalaxe kantuak sortuz,  joz eta gozatuz, urez ur plisti-plasta segitzea.

Morau eta Beñardo zuzenean:


Martxoak 20, ostirala: Erratzuko Zubipuntan
Martxoak 28, larunbata: Urdazubiko Nikolaurenean
Maiatzak 22, ostirala: Zarauzko Putzuzulon.
Ekainak 27, larunbata: Urretxuko Kalegorrian jaialdian