Mikromatxismoa

Mikromatxismoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/01/10
erreportajea
Amaia Urbieta. Oteitza Lizeo Politeknikoa (Zarautz)
Mikromatxismoa
Zeintzuk dira "matxismoa" entzuten dugunean burura datozkigun irudiak? Orokortzea arriskutsua bada ere, askori gizonezkoen irudia etortzen zaigu, emakumeak iraintzen edo gutxiesten. Haratago joanik, batzuei genero indarkeria islatzen duen jipoi baten argazkia agertzen zaie buruan.


Ez dakit kontu hau noraino den kezkagarria, baina askotan gure egunerokoan hauteman ditzakegun xehetasun txikiez ahazten gara, matxismoa aipatze hutsak ur handitara garamatzala iruditzen zaigulako. Hau adibide bat baino ez da, beldurgarria baita kontzeptuak interpretatzerako garaian nolako astakeriak entzuten diren. Metrosexualitatea bi generoetako bakarrarekin lotzetik, matxismoa eta feminismoa aurkako kontzeptuak direla uste izateraino. Ez dut dramatiko jarri nahi, berdintasun perfektua utopia hutsa dela iruditzen baitzait, arrazoi sinple batengatik: naturalki, ezberdintzen gaituzten ezaugarri batzuk ditugun unetik, bereizketa ezin daiteke ekidin. Gizarteak asmaturiko ezberdintasunak, ordea, guztiz kritikagarriak dira.

Baina aurreko gaiari heldurik, jar gaitezen duela bi hilabete gure postontzietan sartu zuten jostailuen katalogoari begira. Argi bereiz dezakegu bi zatitan, bi koloretan, bi generotan. Ez dago azaldu beharrik zein zati edo kolore dagokion genero bakoitzari. Ohartarazi nahi dudana zera da, urteen joanean eginiko berdintasunaren aldeko urratsak ezerezean gelditzen direla liburuxka hauek gure esku artera, edo okerrago, gure haurren esku artera iristen direnean. Zoritxarrez, ez da begi onez ikusten etxeko txikienei irribarrea pizten dien katalogoa matxista eta arriskutsua dela esatea, gaixoei ilusioa zapuztuko baitiegu. Baina ezikusiarena egite horrek ondorio latzak ekar ditzake gerora.

Aldaketak ez ematearen arrazoi nagusia boteretsuenen interes falta izaten dela esan ohi da, eta horregatik mugitu behar dugula herritarrok, goikoen zain egon beharrean. Kasu honetan, ordea, ez dut interes falta horren arrazoi garbirik ikusten. Benetan horrenbesteko gainbehera izango al lukete jostailuen salmentek katalogoetako koloreen ordena eta argazkietako haurren generoak nahasiz gero? Ez naiz marketingean aditua, baina asko kostatzen zait horrelakorik sinestea, agian ez dudalako sinetsi nahi.

Hemen argi dagoena zera da, iturri zaharreko ur berriak ureztatu beharko dituela biharko baratzak, eta ur berri hori hasieratik kutsatuz gero, orain artean izan dugun uzta ustel berbera jasan beharko dugu datozen urteetan ere.