Memoria memorian

Memoria memorian https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/01/15
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Ilustrazioak: Xabier Sagasta
Memoria memorian
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin, unitate didaktikoa prestatu dute Miren Rodrigo eta Amanda Ruiz irakasleek, Xabier Sagasta artistaren laguntzarekin. 


1976ko urtarrilean, Forjas Alavesas eta beste 30 enpresatako langileek greba hasi zuten. Ez zen Gasteizen greba jendetsuak gertatzen ziren estreinako aldia; 1950etik aurrera, aldizka, langileak euren eskubideak berma zitezen borrokatzeko kalera atera ziren. 1976an langile guztiek elkarren arteko koordinazio sarea eraiki zuten, eta hainbat ekintza burutu zituzten. Adibidez, garaiko emakumeak azoka, kale eta erakundeen aurrean erosketa saski hutsekin agertu ziren, jatekoa falta zitzaiela erakusteko. Bestalde, emakumeak soldata-berdintasunaren aldeko aldarrikapenak ere egiten hasiak ziren.

Martxoaren 3a hirugarren aldarrikapen-eguna izan zen, eta Gasteiz osoa atera zen kalera. Biztanleria aktiboaren %80k bat egin zuen protestarekin. Eta hiriko kaleak ehunka poliziak inguratu zituzten; goizean goiz hasi ziren tiro-hotsak. Aurrena Mevosako eta Areitioko langileen aurka egin zuen tiro poliziak. Baina gordinena etortzear zen oraindik. 17:00etan asanblada deitu zuen Enpresen Batzorde Ordezkatzaileen Koordinadorak Zaramagako San Frantzisko parrokian. Bertako apaizak lekua utzi zien publikoan bildu zitezen. Horren jakitun, polizia gerturatu eta parte hartzaileak barruratu arte itxaron zuten. Barrua zein kanpoaldea jendez josita zegoen. Orduan hasi ziren istilurik bortitzenak; eliza husteko gas negar-eragileak jaurti zituzten barrualdean. Iskanbila eta urduritasuna loratu ziren.

Batzuek leihoetatik jauzi egitea lortu zuten, beste askok atetik ateratzeko aukera izan zuten. Baina kanpoaldean metraileta eskuetan zuten polizia zain. Jendea ateratzeko ahaleginean zen bitartean, horiei laguntzeko asmoz, kanpoaldean zirenak polizien atentzioa bereganatzen saiatu ziren. Bizi larriminak bustitako hamabost minutu horietan, bost pertsona hil zituen poliziak: 17 eta 32 urte bitarteko langile gazteak ziren. Beste 60 pertsona larri zauritu zituzten, eta horietatik 43k bala-zauriak zituzten.

Gertatutakoa ikasgeletara
Miren Rodrigo eta Amanda Ruiz irakasleek, Xabier Sagasta artistaren laguntzarekin, gertakari horren lanketa egiteko unitate didaktikoa prestatu dute, gertatutakoa ahaztu ez dadin. "Urtebetez aritu gara lanean, baina batez ere azken hiruzpalau hilabeteetan hartu du forma orain esku artean dugun tresnak", dio Miren Rodrigok. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute, eta dagoeneko topatu daiteke Arabako Bigarren hezkuntzako Institutuetan. Horrek ez du esan nahi lurralde horretara soilik mugatu nahi dutenik, izan ere, eskatzen duen hezkuntza zentro orok eskuratu dezake unitate didaktikoa. "Gure asmoa ekainean Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxeetan ere izan dezaten da, datorren ikasturtean lantzeko aukera izan dezaten" dio Rodrigok. Gainera, Euskaltegien sareak ere euskalduntze prozesuan murgilduta dauden ikasleekin materiala erabiltzeko interesa agertu du.

Unitate didaktikoaren bi egokitzapen egin dituzte. Lehena, DBHko 2. eta 4. mailetan Gizarte Zientziak arloan lantzeko erabiliko da, eta bigarrena, Batxilergoko bi mailetan Historia Garaikidea ikasgairako. 
Unitate didaktikoak lau ataletan banatuta dauden 28 orrialde ditu. Marko historikoaren azalpenak ematen dio hasiera, eta ondoren, martxoaren 3ko kronologia erakusten da ekintzaz ekintza. Gero, ikasleentzako ariketak daude, eta azkenik, ariketa horiek ebaluatzeko irizpideak.

Proposatutako ariketak egiteko materialaren artean, Xabier Sagastak marraztutako komikia dago. Zortzi biñetaren bitartez, egunean jazotako ekintzak irudikatu ditu. Horrekin batera, ABC egunkariak gertakarien berri nola eman zuen aztertzeko parada dute ikasleek. Hemerotekatik berreskuratutako dokumentuari esker, garai hartan tankera horretako gertakariak prentsan nola landu ziren aztertu ahal izango dute. Subjektibitatearen eta objektibitatearen arteko aldea ezagutu, gertatutakoaren gaineko hausnarketa egin eta eztabaida piztea du helburu materialak, memoriak memorian biziraun dezan.

Memoria bizirik mantentzearen garrantziaz ondokoa dio Rodrigok: "Beharrezkoa ikusten genuen, guk zein Martxoak 3 elkarteko kideek. Gure historia ezagutu behar dugu, horrelakorik berriro ez gertatzeko. Martxoak 3ko biktimak ez dira beste biktima batzuk bezala tratatuak izan, ez dira aintzakotzat hartuak izan, eta horregatik, uste genuen memoria bizirik mantendu behar genuela".