Mary W. Shelley: Frankensteinetik haratago

Mary W. Shelley: Frankensteinetik haratago https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/01/15
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Mary W. Shelley: Frankensteinetik haratago
Nork ez du Frankenstein doktorearen eta honek gorpu ezberdinen zatiak josiz osatutako izakiaren istorioa ezagutzen? Mary W. Shelley (Londres, Ingalaterra, 1797–1851) idazle britainiarrari 1816ko uda euritsu eta hotzeko gau batez bururatu zitzaion beldurrezko istorio hori.


Idazle eta lagun talde batekin egindako egonaldian. Ipuinari nobela forma emanda 1818an eman zen argitara Frankenstein edo Prometeo modernoa, hiru tomotan, egilearen izenik agertzen ez zelarik.

Hasieratik ukan zuen arrakasta, 1921erako frantsesera itzulia zegoen eta 1923rako lehen aldiz taularatua. Geroztik, hamarnaka film, antzezlan eta telebista saio egin dira, eta beste hainbeste egokitzapen libre, Tim Burtonen 1984ko Frankenweenie film laburra tartean.

Shelleyk hemezortzi urte zituen Frankenstein idazten hasi zenean, eta bere obra helduari atea zabaltzen dion nobela honetan geratzen da askotan berari buruz dakiguna. 1822an Percy B. Shelley senar eta poeta Sardinian hil ostean, Ingalaterrara itzuli zen Mary Shelley, eta idazletza profesionalari ekin zion. Ordutik aurrera obra oparoa landu zuen, The Last Man (1826) zientzia fikziozko nobela apokaliptikoa eta Valperga (1823) eta The Fortunes of Perkin Warbeck (1830) nobela historikoak, kasurako.

Haurrentzako literatura, bidaia kontakizunak, hainbat narrazio labur eta zenbait artikulu eta biografia argitaratu zituen tartean. Editore gisa ere aritu zen, Percy Shelleyren hil osteko poema antologietan, besteak beste. Eduki politikoz markaturiko obra literario zabala utzi zuen Frankensteinen autoreak, izenik gabeko izakiari baino erreparatuko al diogu sortzaile ausartari?

Bibliografia hautatua


•    Frankenstein (2013, Erein – Igela).
•    Matilda (1959).
•    Falkner. A Novel (1837).
•    Lodore (1835).
•    The Fortunes of Perkin Warbeck (1830).
•    The Last Man (1826).
•    Valperga (1823).