Mariama Bâ: Afrika lehen pertsonan

Mariama Bâ: Afrika lehen pertsonan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
erreportajea
Mariama Bâ: Afrika lehen pertsonan
Martxoan aurkeztu zuten Mariama Bâ (1929– 1981, Dakar, Senegal) idazlearen 'Hain gutun luzea' (Edo!) nobela, Iokin Otaegik euskarari ekarria.


"Nor zara?" galderari honela erantzun zion 1979an, lehen nobela argitaratu eta hilabete gutxira: "Senegaldarra naiz. [...]. Eskolan ikasia naiz, aitona-amonak tradizionalistak izan arren. [...] Normalki, ingurune familiarrean hazi behar nintzen, eskola ezagutu gabe, hezkuntza tradizionalarekin. Sukaldean egiten jakin behar nuen, baxera egiten, artatxikia ehotzen, irina kuskus bihurtzen. Arropa garbitzen jakin behar nuen, grand-boubouak lisatzen eta momentua iristean, ados egon edo ez beste familia batean erortzen, senar baten etxean."

Haurra zela ama hil zitzaion, eta aitona-amonek hezi zuten, ingurune musulman tradizionalean. Berak zioenez, aitaren "etorkizunaren ikuspegi zuzena" zela-eta joan zen eskolara. Goi-mailako ikasketekin jarraitu ahal izateko, ordea, eskolako zuzendariak egin behar izan zion aurre aitona-amonei. Horrela, 1947an amaitu zituen ikasketak, irakasle izateko tituluarekin. Irakasle lanetan hamabi urtez aritu ostean hezkuntza ikuskaritza lanetan hasi zen, osasunez makal zebilela eta.

Elkarte ugaritako kide izanik hainbat aldizkaritan artikuluak idatzi bazituen ere, lagun on batek xaxatu omen zuen jadanik buruan zuen Hain gutun luzea amaitu eta argitaratzeko. Gutun formako liburu honetan bere ingurune soziala deskribatu zuen, poligamia, kastak eta emakumeen esplotazioa agerian jarriz; bizitzan zehar egindako aldarrikapen eta salaketak mundura zabalduz.

Un Chant écarlate (1981) bigarren nobela argitaratu aurretik hil zen Mariama Bâ, minbiziak jota.

Bibliografia


Hain gutun luzea (Edo!, 2015).
Un Chant écarlate (Les Nouvelles Editions Africaines, 1981).