Maika Etxekopar: "Antzerkian oso zaila da ikusleak sentitzen duena antzematea"

Maika Etxekopar: "Antzerkian oso zaila da ikusleak sentitzen duena antzematea" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/11/16
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Ainhoa Resano
Maika Etxekopar: "Antzerkian oso zaila da ikusleak sentitzen duena antzematea"
Maika Etxekoparrek (1987, Gotaine-Iribarne) zainetan darama sortzailearen txinparta. Amaren alabak taldearekin musikan ari da, zinema aretoetan ikusiko dugu ‘Euskal Harriaren ABDak’ proiektu kolektiboan, eta antzerkian ere ari da Le Petit Théâtre de Pain taldearen eskutik; Artedrama Arte Eszenikoen Plataformaren ‘Etxekoak’ gorpuzten ari dira egunotan.


'Etxekoak’ antzezlanaren estreinako emanaldia egin duzuen aretoan egin dituzue azken entseguak.
Bai, urriko hirugarren astean sartu ginen Luhusoko Arri Xuri gelan, eta azaroaren 1ean estreinatu genuen bertan. Lau gara oholtza gainean, baina jende asko daukagu inguruan. Egunero ari gara lanean, baina baita karraskan ere!

Antzerkiaren mundutik kanpo bizi garenontzat, modu deigarria daukazue antzezlanak prestatzeko.
Egonaldiak egiten ditugu, aste batzuk pasatzen ditugu elkarrekin. Urri osoa pasatu dugu elkarrekin: elkarrekin lan, elkarrekin jan, elkarrekin lo, elkarrekin bizi. Taulaz kanpo dabilen zuzendari bat ere badaukagu, Mariya Aneva, kanpotik laguntzeko, Ander Lipus zuzendari zein aktore lanetan ari baita. Bestetik, horrelako antzezlanak montatu ditudanean eszenaka landu izan dugu. Azken batean, bukaeran erraztasun aire bat emateko atzean lan asko behar da.


Zer ikusiko dugu ‘Etxekoak’ lanean?

Nortasunaz mintzo da, familia den mundu txiki horretan. Gaur egun aktualitatea den migrazioaren gaia du hizpide, eta maitasuna ere tartean da. Jokatzen dudan pertsonaia neska bat da, Maddi. Afrikan urtebete pasa ondoren mutil batekin maiteminduta itzultzen da, eta antzezlanak nola iristen den kontatzen du: etxekoei kontatzen die maitemindu dela, bere bizitza aldatu dela eta gizon horrekin bizi nahi duela. Hortik aurrera, etxekoak zer nolako borrokan sartzen diren kontatzen da. Administrazioak jartzen dituen zailtasunak ere islatzen dira Mamadou izeneko mutil afrikarraren bitartez.

Euskal Herri osoan hitzordu zerrenda luzea duzue itxita. Artedrama euskarazko antzerkian erreferente da, eta horrek badu eragina, ezta?
Bai. Artedramaren bidez sare bat eraikita dugu. Berrogei bat emanaldi lotu ditugu dagoeneko. Sarea beti zaintzen eta lantzean joan behar zara, baina oinarri sendoak ditu. Hamlet antzezlanarekin egindako biraren heinekoa izango da Etxekoak honekin egingo duguna.

Artedramaren azken lanek izan duten harrera beroa ikusita, presiorik sentitzen duzue?
Lehenengo emanaldietako bat lotu zutenean, oraindik ezer ez genuela iruditzen zitzaigun, obra sortzen hasiak baino ez ginela. Hastapenean kezka sortzen du, baina gero, obraren garapena aitzineratu ahala, lanean aurrera egiteko motibazio ere bihurtzen da. Pena litzateke horrenbeste lan hartzea hamar emanaldi baino gutxiago egiteko. Beste bira batzuetan konturatu gara publikoa antzokitik atera eta iritzia ahoz aho zabaltzen denean bide asko egiten duela ikusgarriak. Beraz, emanaldi gutxiegi egitea lana bidean uztea bezalakoa da. Alde horretatik,
Artedrama ezagun izatea eta emanaldi asko lotzea zorionekoa da guretzat.

Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen arteko elkarlana oso txertatuta dago Artedraman. Beste kultur esparruetan hori egitea posible ikusten duzu?
Bai, egia da Artedraman ondo txertatuta dagoela. Edozein esparrutan egin daitekeen gauza da. Era berean, erronka bat ere bada. Lan honetan, adibidez, familia bat gorpuzten dugu eta familia horretan bizkaitarrak, xiberotarrak eta gipuzkoarrak gaude. Euskarari dagokionez zerbait kuriosoa da hor sortzen dena. Apustu bat egiten dugu. Ez gara gertu bizi, lanerako elkartzen gara eta horrek presak eta dirua suposatzen ditu… Baina oso interesgarria da, eta aukera asko zabaltzen dizkigu.

Musikari helduz, Amaren alabak taldean aldebiko harreman hori eta euskararen transmisioa sendotzeko ahalegin berezia egin duzue, ezta?
Zorte handia ukan dut Amaren alabak taldearekin Hegoaldera kantatzera joan garelako, ez hainbeste profesionalki, baina bai elkarte munduan. Amaren alabak eta Oreka TX taldeen artean ere egin genuen proiektu bat. Egia esan, profesionalen artean sortzen ari da dinamika hori; antzerkian, Le Petit Théâtre de Pain eta Artedramaren artean badago elkarlan hori.

Musika eta antzerkia lotu ditugula, ‘Akitaniako Alienor’ pastoral alternatiboan ere parte hartu zenuen.
Antzerki lanak badu niretzat zerbait oso berezia. Orain arte kantuan eta pastoralean ibili naiz, eta antzerki lana, maila batean, zailagoa dela iruditzen zait. Musika naturalagoa egiten zait eta pastorala menperatzen dut forman, baina oro har, antzerkian oso zaila da ikusleak sentitzen duena antzematea.

Musikarekin ez zaizu hori gertatzen?
Ez, musikan jendeak zer sentitzen duen antzematea errazagoa dela iruditzen zait. Antzerki lanetan nahiko berria naiz, eta ikasten ari naiz. Kantuan txikitatik ari naiz, hortaz belarria eginda daukat, baina antzerkian haur sortu berria bezala sentitzen naiz, kar, kar, kar!

Musikari bezala kanta propioak ere badituzu, eta kontrabaxuarekin laguntzen zara.
Pieza sinpleak dira. Ez dut benetan ikasi instrumentu hori jotzen, baina jostatzeko eta kantuan laguntzeko adina badakit. Behin jo nuen kontzertu bat. Eta bi lagun xiberotarrekin badugu kanta talde bat, HorHor, eta nik jotzen dut kontrabaxua.

Argi dago musika izan duzula irteera puntu artistiko. Nola egin duzu salto antzerkira?
12-13 urterekin hasi nintzen antzerki tailer bat jarraitzen. Lizeoan ere antzerki pixka bat ikasi nuen, baina ez nuen pentsatzen nire burua hortara dedikatzera. Behin unibertsitate ikasketak finituta Le Petit Théâtre de Painek proposatu zidan haiekin lan egitea, kantaria nintzelako eta norbait hartu nahi zutelako pixka bat formatzeko. Zerbait transmititu nahi zuten, eta zortea ukan dut ni izan naizela horretarako aukeratu duten pertsona. Beraz, hiru urte daramatzat haiekin lanean, eta esan dezaket hor hasi nintzela antzerkia ikasten. Kasualitatez izan da, eta zorte handia izan dut, betidanik amestu dudan zerbait izan delako.