Los Bracco: "Kutxa Kultur eta Tibidabo Live jaialdietan jotzeko aukera aprobetxatu nahi dugu"

Los Bracco: "Kutxa Kultur eta Tibidabo Live jaialdietan jotzeko aukera aprobetxatu nahi dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/los-bracco-quotkutxa-kultur-eta-tibidabo-live-jaialdietan-jotzeko-aukera-aprobetxatu-nahi-duguquot/@@download/image/los_bracco_prom_1441274300.jpg
2015/09/03
elkarrizketa
Saioa Baleztena / @SaioB
Los Bracco: "Kutxa Kultur eta Tibidabo Live jaialdietan jotzeko aukera aprobetxatu nahi dugu"
2013an Groseko Iparra tabernan landatu zituzten Toni Medinak eta Pablo Fernandezek Los Bracco taldearen lehen haziak. Jorge Lopez, Pablo Ruiz del Cerro, Dani Ayala eta Iñaki Amundarain musikariek borobildu zuten gerora taldea. Bihar Kutxa Kultur eszenatokira igoko dira 20:15etan.


Zergatik aukeratu zenuten Los Bracco izena?

Lehen kontzertua jo aurretik izenik ez genuen, eta Jorgek, abeslari eta konposatzaileak, Los Bracco proposatu zuen. Bracco txakurrak gustuko ditu, nekaezin eta ehiztariak dira, fideltasun handikoak, eta denoi aproposa iruditu zitzaigun izena.

Zuen musikak britainiako rocketik edaten du. Zein izan dira taldearen eragin nagusiak?

Gehienbat The Beatles taldearen eragina dugu. Guztioi gustatzen zaigu Liverpooleko laukotea, baina egia da Stone Roses edo Oasis bezalako taldeak eragin asko izan dutela guregan ere.

Bihar Kutxa Kultur Festibaleko agertokira igoko zarete. Nola aurreikusten duzue kontzertua?

Guretzat pauso garrantzitsua da dudarik gabe. Donostian baditugu gure jarraitzaileak, baina Gipuzkoa mailan indarra hartzeko lagungarri izango da eta gogo handiz joko dugu bertan!

Donostiatik Bartzelonara, larunbatean Tibidabo Live jaialdian duzue hitzordua. Kataluniako hiriburuan jo duzue aldez aurretik?

Madrilen bitan jo dugu, baina Katalunian jotzen dugun lehen kontzertua izango da hau, eta hori ere albiste ona da. Kutxa Kultur eta Tibidabo Live bezalako jaialdietan parte hartzeko atea zabaldu zaigu, eta aukera hau aprobetxatu nahi dugu!

Duela gutxi ikusi zuen argia zuen lehendabiziko lanak eta, oker ez banago, abuztuan bigarrena grabatzen aritu zarete. Nola joan da?

Oiartzungo Mecca estudioan egon gara abuztuan, Ezeiza anaiekin, eta ekoizpenean Yon Vidaur laguntzaile dugularik. Ziurrenik urte amaieran kalean izango da lan berria, baina oraingoz ez dugu presarik, gure lehenengo EP-a duela hilebete gutxi kaleratu baitugu.

Nola izendatuko duzuen badakizue? Zer aurktuko du entzuleak bigarren lan honetan?

Bienvenida Paranoia izendatuko dugu eta, gutxienez, 5 kanta izango ditu. Bigarren bilduna lehena baino rockeroagoa izango da, indartsuagoa, batez ere gitarren distortsioa puntu bat igoko delako. Lan berri hau aurrekoarekin batera, El disco de la locura bilduma osatuko dute.

Zein izan zen da 'Bendita Esquizofrenia' lehen EP-ak izan duen harrera?

Harrera bikaina izan du dudarik gabe. 200 kopia baino gehiago saldu ditugu hilabete gutxi hauetan. Komunikabideek ere ongi hartu dute eta, esaterako,  Zarata Mondosonoron, TOP 10ean sartu zen ekaineko edizioan.

Amaitzeko, aurrerantzean zein dira zuen erroka nagusiak?

Irailean baditugu beste hainbat hitzordu garrantzitsu. Irun Rock jaialdian joko dugu, eta Musika Parkean ere arituko gara. Hurrengo hilabeteetan EP berria txukuntzen ibiliko gara, eta hortik aurrera, auskalo! Denborak esango du zein den gure tokia.