Legearen arabera elkartzeko moduak Euskal Herrian

Legearen arabera elkartzeko moduak Euskal Herrian https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
Testua: Ander Lertxundi. Arremanitzeko Kolaboratzailea @Arremanitz
Legearen arabera elkartzeko moduak Euskal Herrian
Elkarrekin bizi zarete eta bikote harremana legalki ofiziala egiteko erabakia hartu duzue. Zein aukera eskaintzen ditu legediak eta zein ezaugarri ditu bakoitzak?

Gure gizartean gehiengoak bizitza proiektua bikotean egitea erabakitzen du, eta salbuespenak salbuespen, ia kasu guztietan bikotea osatzeko arrazoia erakargarritasun erotikoan oinarritzen da. Gaur egun, duela urte gutxi ez bezala, bikotean bizitzeko erabakia legalki jasota geratzeko hainbat modu daude, eta horrek hainbat buruhasute eragiten die bikoteei.

Eliza bidez ezkontzea da aukerarik tradizionalena. Elizara joan, egun bat aukeratu, ezkontza aurreko ikastaroak egin eta apaizak ezkontzea. Legalki baliagarria da elizan egindako erritua, eta ez da beharrezkoa berriz zibiletik ezkontzea. Hala ere, sexu bereko bikotekideek ezin dute aukera hori baliatu, elizak ez dituelako ezkontza homosexualak onartzen.

Ezkontzeko beste aukera ezkontza zibila da. Legeei dagokienez, ez da elizatik ezkontzearekin ezberdintzen. Azken urteetan ezkontza mota horrek indar handia hartu du, hainbeste, gaur egun gurean egiten diren ezkontza gehienak zibilak direla. Gainera, kasu honetan, bikote homosexualak heterosexualek dituzten eskubide eta betebehar berberekin ezkondu daitezke; Hego Euskal Herrian 2005etik eta Ipar Euskal Herrian 2013tik.

Bestelako elkartzeak
Hego Euskal Herrian bikoteek izatezko bikote bezala legez babesteko aukera dute. Hala, Izatezko Ezkontzen Erregistroan erregistratzen den bikoteak ezkondutako bikoteek dituzten eskubide eta betebehar berdinak dituzte, bakoitza bizi den autonomia erkidegoak eskumenak dituen gaietan: fiskalitatean, familia gaietan (familiako bitartekaritza, adopzioa eta harrera, osasun zentroekiko harremana...) eta funtzio publikoan. Oinordetza- eta ekonomia-erregimenari dagozkien kontuetan ere autonomia erkidegoaren legedia aplikatzen zaie.

Ondareari dagokionez, akordiorik ez badago, ezin izango da aplikatu irabazpidezko ondasunen adjudikazioa; hortaz, bikotekide bakoitzak ondare komuna osatzen duten ondasunen gaineko bere eskubideak egiaztatu beharko ditu. Baten izenean soilik erregistratutako ondasunei dagokienez, titular bezala agertzen ez denak dagozkion ekintza judizialak baliatu beharko ditu jabekidea dela aintzat har diezaioten.

Izatezko bikoteen elkartzea indargabetzea, oro har, errazagoa da ezkontza indargabetzea baino, bikotekideak ados daudenean zein bietako baten erabakia denean. Azken kasu horretan, nahikoa da inprimaki bat betetzea eta bikotekideari egiazta daitekeen bide batez komunikatzea, notario baten akta edo burofaxa baliatuta, adibidez. Ipar Euskal Herrian ere bada izatezko bikotearen parekidea den izaera juridikoa, pacte civil de solidarité izenez ezagutzen dena.

Azken aukera bizitza proiektua partekatu arren legalki inon ez islatzea izango litzake, eta kasu horretan, bikotekideen eskubideak norbanako bezala dituztenak izango lirateke.

Legediak aniztasuna sinplifikatzen duen arren, bada aniztasun hau azaltzeko aukerarik, zein da zeuen aukera bikote?

Legeztatu gabe
Legeak aitortu gabeko (ez)elkartze motak:
1. Bikotekide egonkorrik ez izatea.
2. Bikotea izan arren, bakoitzak bere etxea izan eta elkarbizitzarik ez egitea.
3. Bikotean bizi baina elkarrekin lorik ez egitea.
4. Harreman bat baino gehiago mantentzeko aukera hautatzea.
GOGORATU: Sexudunak tartean dauden kasu guztietan bezala, harreman ereduetan ere aniztasuna da arau. Aukeratu duzu zeurea?

Hitzetatik ekintzetara



Sexuenea
Sexuaren inguruan hausnarketarako parada ematen duen bloga da. Sexuan aditua den egilea, egunerokotasunean oinarritzen da hainbat gai plazaratzeko. Besteak beste, telebista saioak, publizitatea edota filmak aitzakia dira sexuaren inguruko kezkak eta eztabaidak mahai gainean jartzeko.

Tinder
Ligatzeko aplikazioa da. Aurrena kontua ireki eta zure profila osatu behar duzu. Zure inguruan aplikazioa erabiltzen dutenen sailkapena egin eta horiek puntuatzeko aukera ematen du Tinderrek. Puntuazio positiboa ematen diozun pertsona horrek berdina egiten badu zurekin, aplikazioak bien arteko elkarrizketa zabalduko du automatikoki, elkar ezagutu dezazuen.