Laia Sanz: "Zenbaitetan askoz hobeto da hiru segundu galtzea gure segurtasuna bermatzeko"

Laia Sanz: "Zenbaitetan askoz hobeto da hiru segundu galtzea gure segurtasuna bermatzeko" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/laia-sanz-zenbaitetan-askoz-hobeto-da-hiru-segundu-galtzea-gure-segurtasuna-bermatzeko/@@download/image/kh7_6_1452167386.jpg
2016/01/14
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB. Argazkiak: Jordi Borràs
Laia Sanz: "Zenbaitetan askoz hobeto da hiru segundu galtzea gure segurtasuna bermatzeko"
Zaila izaten da Laia Sanzen agendan tarte bat libre topatzea. Bartzelonan, egunotan lehiatzen ari den Dakar Rallyaren aurkezpenaren aitzakiarekin lortu genuen bere ibilbidearen inguruan luze eta zabal hitz egiteko hitzordua. 30 urte bete berri ditu motoziklismoaren munduko ikurrak, eta ohikoa duen lasaitasun, indar eta sentikortasunarekin gogoratzen du bere ibilbidea; eta onartzen digu, gaur egun, palmaresagatik baino harroago sentitzen dela bere esperientziak hainbat eta hainbat neskari motoziklismora gerturatzen lagundu dielako.

Noiz eta nola murgildu zinen motoziklismoan?
Etxean kutxatu zidaten motoarekiko afizioa. Aitak eta anaiak betidanik maite izan dute igandetan motoarekin ateratzea, nahiz eta lasterketetan ez diren sekula ibili. Suposatzen dut eurak ikusita, konturatu gabe, piztu zitzaidala gaur nire ogibidea den motoziklismoarekiko interesa. Oso txikia nintzenetik aitari eskatzen nion motoarekin ibiltzera joateko.

Zazpi urte bertzerik ez zenituenean egin zenuen lehendabiziko lasterketa. Nola joan zen?
Pasada bat izan zen! Zortzi ginen eta ni zortzigarren iritsi nintzen, erabat zoriontsu! Corberan izan zen, nire herrian, eta gogoratzen dut amak aita konbentzitu zuela ni lasterketa hartan apuntatzeko. Esango nuke orduan hasi zela guztia. 

Txikitako ametsa al zenuen pilotu izatea?
Egia esan, ez. Besterik gabe, primeran pasatzen nuen, zaletasuna zen. Aste osoan zehar egoten nintzen eskolan zain, asteburua iritsi eta motoan ibiltzeko desiotan. Ez zen sekula etxean inposatutako kontua izan, nire lagunei saskibaloian edo futbolean jolastea gustatzen zitzaien bezala nik motoarekin ateratzea maite nuen. Are gehiago, asteburuetan goizeko zazpiretan esnatzen nintzen, urduri...



Gerora lasterketeta guztietan izena ematen hasi zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Ezinhobeto pasatzen nuen, baina ez nuen sekula pentsatu iritsi naizenera iritsiko nintzenik. Hasieran neska bakarra izaten nintzen beti, eta arrarotzat ninduen mundu guztiak. Mutilen lasterketetan parte hartzen nuen, eta inurri baten modura ibiltzen nintzen. Ez nuen sekula kategoria bakoitzeko lehen urtean arrakastarik izan, baina azken urtean emaitza bikainak lortzen nituen beti.

Kirol gehienetan, normalean, ttikitatik banatzen gaituzte neskak eta mutilak, baina zure kasuan, hasi zinenean ez zegoen neska askorik, beraz, mutilekin lehiatzen zinen. Zein iritzi duzu banaketa horren inguruan?
Zalantzarik gabe, txikitan hainbeste urtez mutilen kategorian lehiatzea izan da niretzat, gerora, emakumeen kategorian lortu ditudan emaitzak lortzeko gakoa. Betidanik entrenatu baitut mutilek bezala eta neska izateagatik ez diot ezer egiteari utzi, kontrakoa. Niri lagundu dit banaketarik ez egoteak, beraz, eta nire palmaresean argi gelditzen da, mutilen kategorian lehiatzea positiboa izan da.

Zer du onetik eta zer txarretik neska eta mutilen arteko banaketak?
Kirolaren arabera, baina uste dut txikitan neska eta mutilen arteko bereizketarik ez litzatekeela egon behar. Hala ere, egia da zenbait kiroletan iristen dela une bat non diferentzia handia dagoen. Adibidez, oso desberdina izan daiteke hemezortzi urteko neska baten edo mutil baten egoera fisikoa. Gustatu edo ez, gorputza ez da berdina izaten. Baina egia da, nire esperientzian, aldiz, horrek ez duela eraginik izan. Motoziklismoan egoera fisikoak garrantzia handia duen arren, abileziak du garrantzia handiagoa, kirol teknikoa baita. Noski, probaren arabera eragin gehiago izan dezake, Dakar Rallyan adibidez, garrantzitsua baita erresistentzia, baina egia da beste hainbat kirolekin alderatuta fisikotik gutxiago duela honek.

Motoziklismo femeninoaren ikurra zara. Uste duzu zure adibideak balio izan duela neska gehiago kirol honetara gerturatzeko?
Bai, eta berez, nire ibilbidea aztertuta, lortu ditudan tituluengatik baino arrazoi horrengatik sentitzen naiz harroago. Txikia nintzenean ardi beltza izaten nintzen beti, eta plazera da orain ikustea lasterketetan neskek ere parte hartzen dutela. Jende askok esan dit, gainera, euren alabek erreferentziatzat nautela. Uste dut zentzu horretan bide garrantzitsu baten ateak zabaldu ditudala, eta lehenago gurasoek motoa semeari erosten zioten bitartean, orain, orohar, ohikoagoa da alabei ere erostea.

Zein iritzi duzu gaur egun emakumeek motoziklismoan duten egoeraz?
Geroz eta gehiago gara, eta normalizatzen ari dela esango nuke. Hori albiste ona da, baina egia da oraindik ere neskek ez dugula mutilek dituzten erraztasunak kirol honetara gerturatzeko. Itxaropena dut etorkizunean berdintasun horretara helduko garela, eta garrantzitsua iruditzen zait, gainera, moto fabrikek, eta gizarteak orokorrean, ulertzea emakumeok motorgintzan dugun garrantzia, ezagutzear dagoen merkatu berri bat baita.

Zu motoziklismotik bizi zara hoberena zarelako. Baina, kirol guztietan gertatzen den bezala, mutilekin alderatuta guttiago irabazten duzue neskek, maila hobea izan arren...
Argi dago, bai. Mutilek dezente gehiago irabazten dute. Ni ezin naiz kexatu, egiten dudana gustuko baitut eta motoziklismoaz bizi bainaiteke. Baina titulu asko irabazi ditut, eta sentsazioa dut beti guztia irabazi behar dudala norbait izateko. Aldiz, mutil batek antzeko palmaresa edukita abantaila gehiago ditu, eta errazago du guztia.

Tira, motoziklismoan nork irabazten du, piloturik hoberenak edo talde eta moto hoberena dituenak?
Aipatzen dituzun ezaugarri horiek guztiak biltzen dituenak. Argi dago pilotu azkarrena izatea ez dela nahikoa txapelduna izateko. Nahasketa bat da. Alde batetik talde ona edukitzea garrantzitsua da, piloturik hoberenak talde onik gabe ez duelako ezer balio. Bestetik, mekaniko hoberenak, motorik hoberena eta pilotu konpletoa izatea ezinbestekoa da, azkarra, inteligentea eta fisiko ona duena, alegia. Txapeldunak ezaugarri horiek guztiak dituztenak izaten dira.

Hitz egin dezagun Dakar Rallyaz. Pilotu guztiek, eta hedabideek, garrantzia handia ematen diozue lasterketa honi. Ez al duzu uste gainontzekoak isilarazten dituzuela?
Ez. Gogoratzen dut lehen aldiz Dakar Rallyra joan nintzenean trialeko munduko hamar txapelketa irabazita nituela, eta lasterketa amaitu nuenean ‘Dakarraren neska’ gisa ezagutzen zitzaidan. Erabat bidegabekoa iruditu zitzaidan hasieran, baina gero ulertu nuen ez duela zertan bidegabea izan. Zentzua du Dakar Rallya lasterketarik mediatikoena izateak. Motoziklismoaren zaleentzat garrantzia handiko lasterketan bilakatu da, eta gainera, motorraren zaleak ez diren asko eta asko ere erakartzen ditu, izan paisaiengatik edo lasterketaren beraren ikusgarritasunagatik.

Unerik gogorrenetan zer izaten duzu buruan?
Motoaren gainean, lasterketaren erdian, ezin da egiten ari garenaz haratago asko pentsatu. Kontzentrazioak erabatekoa izan behar du. Baina egia da lasterketak gogorrak izaten direla, eta zenbaitetan nekeagatik edo beroagatik indarra galtzen dugula. Momentu horietan laguntzen didana zera da, lasterketaren amaieran pentsatzea. Zorionez bizitu ditut iritsierak, eta helmuga unea gogoratzeak indarberritu egiten nau.

Ez da gauza bera, adibidez, futbolean aritzea, edo moto baten gainean lehiatzea. Kirolari gisa onartu duzu motoziklismoak dakarren arriskua?

Saiatzen naiz horretan gehiegi ez pentsatzen. Batez ere orain, Dakarrera begira, motoziklismoaren lasterketarik arriskutsuena baita. Trialean zein enduroan, gehienez ere, erorita hanka hautsi dezakegu, baina oso zaila da istripu larririk edukitzea. Ordea, Dakarrean, joaten garen abiaduran erorketarik sinpleena ere oso arriskutsua da. Oso kontziente naiz arriskuaz, eta uste dut pilotu orok arrisku hori lasterketan zehar buruan edukitzea garrantzitsua dela. Zenbaitetan askoz hobeto da hiru segundu galtzea gure segurtasuna bermatzeko.

Beldurrik baduzu?
Noski, asko baitira gu ikusteko gai ez garen arrisku une eta lekuak, eta motoak mugimendu arraroren bat egin izan didanean beldurtu naiz, asko, erori izan banintz gertatu zitekeenean pentsatze hutsarekin. Zorionez ez dut sekula eroriko arriskutsurik izan. Aldiz, zoritxarrez, ikusi ditut eroriko larriak izan dituzten pilotuak, eta kolpe gogorra izaten da. Seguruenik une horietan izan dut beldurrik gehien.

Motoarekin aski ez eta kotxean ere aritzen zara. Non sentitzen zara erosoen?
Zalantzarik gabe, motoan, esperientzia handia dudalako. Kotxean ez dut entrenatzen, eta duela gutxi hasi naiz. Baina noizbehinka lasterketaren batean parte hartzen dut, eta asko gustatzen zait. Hala ere, motoarekin oraindik bide luzea dut egiteko. Nire ametsa motoa uzteko unea iristen denean Dakar Rallya kotxean egitea da.

Amaitzen joateko, zer da motoziklismoak eman dizun hoberena?
Bizitako esperientzia bakoitza eta ezagututako jende guztia. Baina baita heziketa ere. Asko ikasi dut, unibertsitatera joan ez arren. Izan ere, motoziklismoaren bitartez asko bidaiatu dut, jendea ezagutuz eta hizkuntza asko ikasiz. Lagun gehienak motoziklismoak eman dizkit.

Eta okerrena?
Unibertsitatera joateko aukerarik ez izatea. Ez naiz damutzen, moto gainean eskuratu ditudan emaitzek argi uzten baitute bide egokia aukeratu dudala eta, zorionez, honetaz bizi bainaiteke. Askotan esaten didate motoziklismoa gogorra dela, jende arruntak egiten dituen gauzak egitea zaila delako guretzat. Baina niretzat hori ez da arazoa gustuko dudana egiten ari naizelako. Hori bai, nik medikuntza ikasi nahi nuen, eta, horregatik, unibertsitatera joan ez izana da motoziklimoak eragin didan sakrifiziorik handiena.