Äkta Människor: Roboten iraultza

Äkta Människor: Roboten iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kta-manniskor-roboten-iraultza/@@download/image/telesaila_1431332761.jpg
2015/05/13
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Äkta Människor: Roboten iraultza
‘Metropolis’ (1927), ‘Blade Runner’ (1982), ‘The Matrix’ (1999)...
zinemak askotan irudikatu du gizakion eta roboten arteko erlazio bitxia,
baina inoiz ez telesai suediar honetan bezala; klase borroka, xenofobia, maitasuna, bakardadea edota zahartzaroa ageri dira zorrotz aztertuak.


Urtea: 2012.
Sortzailea: Lars Lundström.
Aktoreak: Andreas Wilson, Lisette Pagler, Pia Halvorsen, Johan Paulsen, Natalie Minnevik, Kåre Hedebrant.
Herrialdea: Suedia.
Denboraldiak: Bi.
Atal kopurua: Hamar atal denboraldiko, hogei atal guztira; 60 minutukoak.

Gizakiak eta Hubot deritzen robotak elkarrekin bizi diren orainaldi alternatiboan kokatzen gaitu Äkta människor telesailak; halakoetan ohikoa den cyberpunk estetikatik urrun. Familia gehienek etxeko lanak egiten laguntzeko daukate robot horietako bat.

Istorioa gizakien menpekotasunetik kanpo askatasun bila dabilen Hubot talde batean zentratzen den arren, gidoia hainbat tramatan zatituta  dago. Adibidez, androidea izorratu zaion aitona bakarti batek berri bat erosteko duen beharra lantzen da trametako batean, edota lan egiten duen enpresan robotek langileak ordezkatuko dituzten beldur den gizonaren istorioa beste batean. Hainbat azpigeruzaz osaturiko trama iluna da azken finean; sekretu, sentimendu eta anbiguotasunez eraikia.

Gaiak berriak ez badira, zerk egiten du telesail hau berezi? Giltzetako bat roboten eskubideen tratamendua da, izan ere, apartheid garaiko arrazen arteko borrokaz edo AEBetako esklaboen askapenaz ari balitz bezala lantzen da. Garrantzia ematen zaie roboten eskubideei, eta horrela gizatiartu egiten dira. Horrek nahitaez eragiten du ikuslearengan, hasieratik identifikatzen baikara pertsonaia guztiekin, gizaki zein robot izan. Makinen iraultza, gainera, ez da gehienetan ikusi dugun gudu-eremuan gertatzen, etxe barruan baizik, arropa lisatzeari edo umeen zaintzari uko egiten dioten momentu horretatik aurrera, alegia.

Anbientazioa deigarria da, bisualki guztiz aseptikoa, kolore neutroz josia, ordenatua eta guztia oso garbia dagoen sentsazioa sortzen duena. Bestalde, robotek hain dute begirada artifiziala, hain dirudite hotzak, manikiak, une askotan maltzur bilakatu eta lasaitasun faltsuz beteriko atmosfera sortzen dutela. Horretan, noski, aktoreen lan bikainak asko laguntzen du.

Isaac Asimov edo Philip K. Dick-en kontakizunetatik edaten duen istorio zirraragarri honek ziur harrapatuko zaitu. Akzioa, umorea eta zenbait momentutan beldurra eta suspentsea beharrezko dosietan banatzen ditu. Istorio bikainak gustuko badituzu, telesailaz gozatzeko ez duzu zertan zientzia fikzio zale izan. Generoa maite baduzu, ordea, joan zaitez begi-zuloen kontrako krema prestatzen, atalak bata bestearen atzetik irentsiko baitituzu, lorik egiteko tarterik gabe.

BINGE WATCHING
Bai. Atalak gutxienez binaka ikusteko modukoa.

MUSIKA
– Istorioak eskaintzen duen itxura aseptiko eta garbiari ezin hobeto itsasten zaio Rikard Borggard konposatzaile suediarraren ñabarduraz betetako musika bikaina. Suspentse uneetan ukitu paregabea ematen dio musikak irudiari, ikuslearen urduritasun maila nabarmen areagotuz. Aldiz, momentu hotz edo geldoetan etengabeko akordeek falta den berotasuna modu zorrotzean gehitzen dute.

BITXIKERIAK
Äkta människor Hubotak deusestatzearen alde dagoen alderdi politikoaren izena da.
– Channel 4 kate birtainiarra eta AMC estatubatuarra Humans izeneko remake-a prestatzen ari dira. Udan estreinatuko dute.

LOKALIZAZIOAK
– Suedia: Stockholm eta hegoaldeko hainbat herrixka.
– Danimarka: Kopenagheko kanpoaldea eta Nordjylland eskualdea.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
Black Mirror (2011).  *Informazioa GAZTEZULOren apirileko alean.
Les Revenants (2012).
In the Flesh (2013).