Kontzertuak etxean bezala!

Kontzertuak etxean bezala! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzertuak-etxean-bezala/@@download/image/ahopeko_kontzer_1435564126.jpg
2015/07/13
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Guillermo Urkijo eta Ibai Armentia
Kontzertuak etxean bezala!
Formatu txikiko kontzertu intimoarekin disfrutatzeko gogoz, edozein momentutan eta edozein tokitan biltzeko gonbita egin diezazukete. Hortan datza Ahopeko  kontzertuak egitasmoa. Musika hurbiletik, musika maitatzeko.

Jon Urrutia (Pierrot) eta Alberto de la Hoz dira Ahopeko kontzertuak egitasmoaren arduradunak. Musikan jarduten duten musikazaleak diren bi kideei musika egiten eta entzuten gozatzen dutenen arteko amildegian zubilana egitea otu zitzaien. Eta zubi lan horretan, distantzia txikiagotu, bi aldeak lotu eta gertuko esperientziak elikatzea lortu dute. Jon Urrutiak azaldu digunez, euren helburua ez da inondik inora ohiko moldean kontzertuak eskaintzen dituzten aretoei konpetentzia egitea: "Jendea musikara hurbildu dadin nahi dugu, audientzia eta musikariak elkartu inguru erosoa sortuz".


2009an jaio zen Sofá Underground egitasmoan oinarritu dira Ahopeko kontzertuei hasiera emateko. Sofá Undergroundekoek etxe pribatuetan egiten dituzte kontzertuak bi hilabeterik behin. Espainian hiru hiritan ari dira: Madrilen, Valentzian eta Sevillan. Poloniako bigarren hiririk garrantzitsuena den Krakovian ere antolatzen dituzte kontzertuak, eta berriki Belgikara heldu dira; ekainean egin zuten aurreneko kontzertua Bruselan.

Euskal Herritik kanpo ohikoa gisa honetako kontzertuak etxeetan antolatzea den arren, Bilbon martxan jarri duten Ahopeko kontzertuak egitasmoan etxeetan ez ezik formatu txikirako egokiak diren beste hainbat kokalekutan ere egin dituzte emanaldiak. Besteak beste, hiribilduko liburu dendak zein paraje erdi abandonatuak ere izan dituzte eszenatoki. Oro har, xarma handiko toki goxo eta familiartekoak bihurtzen dira guztiak.



Zertan datza?

Egiteko moduak eman die izena Ahopeko kontzertuei. Ekitaldietan parte hartzeko bi aukera daude. Batetik, kontzertuak egiteko lekua eskaini nahi baldin baduzu, Ahopeko kontzertuen webgunean sartu eta bertan topatuko duzun posta helbidera idatzi baino ez duzu. Antolatzaileak zurekin harremanetan jarriko dira emanaldia lotzeko. Bestetik, ikusle izan nahi baduzu, izena posta zerrendan eman beharko duzu. Behin zerrendan sartu zaituztenean, kontzertu bat antolatzen duten bakoitzeko postaz jakinaraziko dizute. Kontzertua izan baino astebete lehenago helduko zaizu lehenengo komunikazioa. Bertan, kontzertuaren eguna, ordua eta hiriko eremua zehaztuko zaizkizu. Hots, argibide guztiak izango dituzu, bi izan ezik:  kontzertua non izango den eta, are garrantzitsuagoa dena, musika nork joko duen. Korreo horretan bertan sarrera erosteko aukera izango duzu. Ekitaldira joan nahi duzula erabakiz gero, bost euroren truke sarrera erosi eta 24 ordutan kontzertuaren kokapen zehatza emango dizute; helbidea jasoko duzu. Nork edo nortzuk joko duten, ordea, bertaratuta baino ez duzu jakingo.

Hortan datza Ahopeko kontzertuen magiaren gakoetako bat: ezustekoa.
Bost eurotako sarrerak, Urrutiak kontatu legez, ez du askorako ematen: "Guk ez dugu honekin dirurik irabazten, baina berez sortzen diren gastuak kubritzeko adina lortzen saiatzen gara". Beraz, ez da diru kontua mugitzen dituena; hau da, galerarik ez dute nahi, baina helburua praktikoa baino are erromantikoagoa da. Alegia, aberastasuna zubilana egitetik lortzen dute; gozamenak elikatzen ditu.

Guztira, normalean 30 bat pertsona biltzen dira Ahopeko kontzertuetan. Gainera arduradunen ustetan, audientzia fidela izaten da; ekimen txikia da eta zerrendan izena eman dutenen gehiengoa azaldu ohi da emanaldietara.