June Kintana: "Atletismoan jarduten dugunok asko baloratzen ditugu besteen ahalegina eta lorpenak"

June Kintana: "Atletismoan jarduten dugunok asko baloratzen ditugu besteen ahalegina eta lorpenak" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
elkarrizketa
June Kintana: "Atletismoan jarduten dugunok asko baloratzen ditugu besteen ahalegina eta lorpenak"
Euskal atletismoan etorkizunik oparoenetakoa duen kirolaria da June Kintana (1995) disko-jaurtitzailea. Bakaikuarra zortzigarren postuan geratu zen, iaz, AEBetan egin ziren Atletismoko Junior Mundialetan.  


Nolatan hasi zinen disko jaurtiketan?
Ikastolan hainbat kirol probatu ostean, atletismoan jarraitzea erabaki nuen. Atletismoa denetarik egiten da: abiadura lasterketak, iraupenekoak, jauziak, jaurtiketa... Idoia Mariezkurrena jaurtiketa entrenatzaileak esan zidan diskoan ondo aritzeko gaitasuna ikusten zidala, eta astean behin berarekin entrenatzen hasi nintzen, diskoa jaurtitzen. Gerora, bigarren egun bat gehitu genuen, hirugarren bat... eta begira, orain hemen nago, Leongo CEAR-en (Goi errendimenduko zentro espezializatua).

Hasieratik ikusi zenuen gustuko zenuela?
Ez, denborarekin joan zait gero eta gehiago gustatzen. Hasieran, badakizu, neska bat jaurtiketa kirol bat egiten... Jendeak ez du ohikotzat jotzen, gainera, gorpuzkera jakin bat izan behar duzula uste da. Neska batentzako ez da erraza izaten. Baina Espainiako txapelketetan lortzen ari nintzen emaitzak eta bidean egiten ari nintzen lagunak ikusita, jendeak zer esan zezakeen alde batera uztea erabaki nuen.

Beraz, laster hasi zinen txapelketetan parte hartzen.
Hasieran hobby bezala hartu nuen, kirolen bat egiteagatik, baina laster hasi nintzen kontzentrazioetara joaten, Castellóra edota Alacantera, adibidez. Pamplona Atlético atletismo taldean sartu nintzen, eta sasoi horretan serioago hartzen hasi nintzen. Lehen aldiz junior mailako mundialetan leihatzeko gutxieneko marka lortu nuenean ikusi nuen serio hartzeko ordua zela; oraindik jubenil mailan nintzen artean. Bartzelonan izan zen, esperientzia bikaina bizi izan nuen, eta orduan hasi zitzaizkidan Leonera beka batekin entrenatzera joateko proposamenak egiten.

Baina ez zenuen orduan erabaki Leonera joatea.
Ez. DBH 4. mailan nintzela egin zidaten lehen eskaintza, baina batxilergoa Iruñean egitea erabaki nuen, eta unibertsitatean hasteko ordua iritsitakoan Leonera joatea. Betidanik ikasi nahi izan dut albaitaritza, eta, kasualitatez, Leonen ikas daiteke. Beraz, dena ondo egokitu zitzaidan.

Junior mailan Espainiako txapelduna izan zinen.
Junior mailako bi urteetan izan nintzen Espainiako txapeldun. Ostean, peronea apurtu nuen, eta denboraldi batez geldirik egon nintzen, baina laster berreskuratu nuen maila.

Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren beka batekin ari zara Leonen entrenatzen, ezta?

Bai, eta beka ona da. Egoitza baten ematen digute bazkaltzen eta afaltzen, eta etxebizitzaren alokairurako dirua ere ematen didate. Lehen urtean lo ere egoitzan egiten nuen, baina orain pisu batean nago. Egia esan, asko errazten dizkigute gauzak.

Entrenamenduak ezberdinak izango dira Iruñean eta Leonen, ezta?
Bai, Leonen guztia seriotasun handiagoarekin egiten da; kirolari bakoitzak bere entrenatzailearekin zein norbere buruarekin konpromiso handia du. Horretaz gain, igandeak salbu egunero entrenatzen dugu bost bat orduz; gogorra da. Baina kirolari asko gaude egoera berdinean, eta guztiok elkar animatzen dugu.

Disko jaurtiketan zer da garrantzitsuagoa, teknika ala indarra?
Esango nuke teknika garrantzitsuagoa dela, %60, eta fisikoa gainontzeko %40a. Fisikoki prestakuntza egokia izatea oso garrantzitsua da, baina disko jaurtiketaren giltza teknikan dago. Teknika hobetu ahala argi eta garbi ikusten da gero eta urrunago botatzen duzula diskoa. Bestalde, psikologikoki ondo prestatuta egotea ere garrantzitsua da, pentsamendu positiboa izatea.

Duela bi urte Europako Junior Txapelketan parte hartu zenuen. Horrelakoetan hazten da kirolaria?
Bai, batez ere jendea ezagutzen duzu, eta Espainiatik kanpo zein maila dagoen ikusitakoan kokatzen duzu zu zeu non zauden. Momentu hortatik aurrera, gora begira jartzen dituzu helburuak. Europako txapelketa hori Italian izan zen, eta seigarrena geratu zinen, 49,17 metroko jaurtiketarekin.

Iaz, aldiz, AEBetan jokatu ziren Junior Mundialetan izan zinen, eta helburua lortu zenuen, finalerako sailkatzea.
Bai, lehen zortzi onenen artean sailkatzea zen nire helburua, eta lortu nuen. Egia da momentuan urrunago botatzeko gogoarekin geratu nintzela, baina oso pozik amaitu nuen. 54,21 metroko jaurtiketarekin munduko zortzigarren onena izan nintzen.

Kirol minoritarioa da zurea. Komunikabideek zure lorpenei behar besteko garrantzia ematen diotela uste duzu?
Komunikabideen arreta lortzea ez da erraza. Kirol batzuen eta besteen artean, jarratzaile kopuruari dagokionez, alde handia dago. Hala ere, atletismoak futbolak besteko oihartzunik izan ez arren, atletismoan jarduten dugunok asko baloratzen ditugu besteen ahalegina eta lorpenak.

Dagoeneko promesa mailan zaude. Martxoaren 13tik 15era, Portugalen, Europako Jaurtiketa Txapelketan izan zinen.
Neguan atletismoa pista estalian egiten denez, disko-, xabalina-, mailu- eta pisu-jaurtiketa egiten dugunok ezin dugu txapelketa orokorretan parte hartu. Horregatik, Europa mailan behintzat, guretzako txapelketak antolatzen dituzte, udaberrira bitartean aktibo manten gaitezen. Pertsonalki oso parte-hartze kaskarra izan nuen, baina bertan lehiatzea garrantzitsua izan da niretzat. Oraintxe bertan 55,66 metrotan dago nire markarik onena; ea hurrengo txapelketan hobetzen dudan.

Goi mailako kirolak dedikazio handia eskatzen du. Hala ere, unibertsitatean albaitaritza ikasketak burutzen ari zara. Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Argi daukat ikasketak ez ditudala alboratu behar. Atletismoan goi mailan lehiatzen aritu naitekeen urteak mugatuak dira, ez da biziarteko zerbait. Gainera, ekonomikoki ez du ekarpen handirik egiten, beraz, bestelako ogibidea izatea beharrezkoa da.  Saiatzen naiz biak uztartzen, baina badakit epe luzean zer gertatuko den.

Amaitzeko, atleta ororen ametsa Olinpiar Jokoetan parte hartzea izan ohi da. Horretan pentsatu duzu? 
Biziki poztuko nintzateke lortuko banu, azken helburua hori baita. Nik uste goi mailan ari garen kirolari guztion helburua dela, ezinezkoa ikusi arren, gutxienez saiatu beharrekoa. Baina ez naiz horrekin obsesionatuko, denborarekin ikusiko da.