Jon Txorromorro 'La jodedera', estudioan

Jon Txorromorro 'La jodedera', estudioan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/07/11
erreportajea
Jon Txorromorro 'La jodedera', estudioan
"Sustraietako erritmoak jotzen ditugu, soinu nekazaria da gurea"


Taldearen izena: La Jodedera
Taldekideak: Jon Txorromorro (ahotsa eta gitarra), Jomes Bap (baxua), Mandi Cienfuegos (ahotsa eta perkusioa) eta Oscar La Habana (tres kubatarra).
Estudioa: Garate
Herria: Euskal Herria & Kuba


INFO7 irratiak bere 10. urteurrena ospatzeko abestia sortzeko eskaera egin dizuete. Nola hartu duzue enkargu berezi hau?
Poz handiz hartu genuen. Izan ere, jakin dugunez, irratiko taldekide guztiek aho batez aukeratu gintuzten eta guretzat ohore handia izan da. Gainera, Miren Amurizak hitzak jarri dizkio eta artista hutsa denez, oso erraz atera da dena.

Zergatik uste duzue izan zaretela aukeratuak?
Talde txikia izan arren, xarma badugu. Ez gaude ohituta ekimen handietan ibiltzera baina publiko guztiarentzako kantak egiten ditugu. Gure letrak konprometituak bezain alaiak dira eta jai giroa konpromisoarekin uztartzea lortzen dugu.

Nolakoa da abestia?
Entzutekoa da eta kontatzeko gaude leloa oinarri hartuta, INFO7ko saio eta esatariekin hitz jolasak egin ditugu, dena umore klabean. Azken batean, ospatzeko gaudela adierazi nahi dugu.

La Jodedera parrandarako balore segurua dela esan dezakegu, baina zein da zuen balio erantsia? Zerk egiten zaituzte ezberdin?
Egoera eta adin ezberdinetara egokitutako musika egiten dugu, gazte, zahar zein umeentzako, lasai egoteko zein dantzarako.
Gure musikaren oinarria son tradizionala da eta sustraietako erritmoak jotzen ditugu. Soinu nekazaria da gurea; Oscar eta Mandi Kubatik etorritakoak dira eta musiko profesionalak izateaz gain, nekazariak ere badira eta hori nabaritzen da. Ni ere Donostiatik alde eginez, Leitzara joan nintzen bizitzera eta hobeto moldatzen naiz aitzurrarekin mugikorrarekin baino.

Izan ere, Leitzan hasi zen zuen abentura...
Bai, hala da. Leitzan elkar ezagutu eta urtebete kalean jotzen eman genuen. Donostiako Sarriegi plazan ere askotan ibili izan gara, anpliak kable luze batez Kinto Pino tabernara entxufaturik. Txalo eta txanpon pila jasotzen genituenez, esperientzia horri beste dimentsio bat eman behar geniola pentsatu genuen.

Euskal Herriko kantu ezagunen bertsio tropikalak egiten dituzue, besteak beste. Zeintzuk dira abesti hauek tropikalak bihurtzeko beharrezko osagaiak?
Tumbaíto bat egitea. Rockeroek gitarrarekin riffa egiten duten antzera, korteak edo punteoak egiten ditugu. Azken batean Tumbaítoa hiru akorde baino ez dira eta pianoan bezala, tresarekin (hiru sokadun gitarra kubatarra) akordeak egiten ditugu. Kubako tresa oso tresna erritmikoa da eta honen soinua da gure estiloa definitzen duen oinarrietako bat.

Kuba eta Euskal Herriko erritmoak bateratzea ez da lan erraza izango. Nola banatzen dituzue rolak taldean?
Jomesek eta biok agenda lanak egiten ditugu eta euskarari eusteaz arduratzen gara. Letrak nik egiten ditut eta nire eguneroko borroka saltsa edulkoratu eta horteratik aldentzea da. Saltsa soila dut gustuko.
Jomesek kriston belarri ona du eta ez du apenas entseatzeko beharrik. Gainera, musika irakaslea da eta bere lanaldia bukatzean, ez du musikarekin lanean jarraitzeko gogorik. Askotan esaten diogu: "Tienes el oído absoluto y los cojones de un cubano". 
Oscar La Habana musikaren esentzia hutsa da.  Nahiz eta eskolakoa ez izan, ikaragarri jotzen du. Sarritan, kontzertua bukatu arren, errepertoriotik kanpo dagoen kantaren bat jotzen hasten da eta atzetik gainontzekoak jarraitzen diogu.
Mandi perkusionista eta abeslaria da, eta edozein gauza egitera animatzen da, inongo beldurrik gabe. Aspaldi euskaltegira apuntatu zen eta hortxe jarraitzen du, bere erritmo karibeñoan...

Zein da zuen helburu nagusia?
Jendea dantzan jarri, alaitzea. Jotzen dugunean gustura egoten gara, eta lau zerbezekin, are gehiago –barrez–. Gure musikaz gozatzen dugu eta nabari da.

Zein da zuen eszenatoki ideala?
Plaza txiki edo kale kantoi bat, haizerik edo korrienterik gabeko lekua. Toki bildua bada, publikoa gerturatu eta bereganatzen dugu segituan. Gainera espazio txikiek, atseginagoak izateaz gain, akustika hobea izaten dute. Taberna gertu badago hobe, gure kontzertuetan jendeak hidratatu beharra izaten du eta –barrez–.

Zuzenekorik udarako?
Bai, iraila bitartean astebururo izango dugu emanaldiren bat. 20 bat lotuta ditugu dagoeneko eta gerora sortzen direnekin 40 kontzertu inguru egingo ditugu aurtengo udan.