Jon Lapeira: "Uste dut urrezko dominak eskuan baino pisu handiagoa izango duela curriculumean"

Jon Lapeira: "Uste dut urrezko dominak eskuan baino pisu handiagoa izango duela curriculumean" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/11/16
elkarrizketa
Jon Lapeira: "Uste dut urrezko dominak eskuan baino pisu handiagoa izango duela curriculumean"
Jon Lapeirari (1996, Azpeitia) futbolean jokatzea eta bateria jotzea gustatzen zaion arren, badu ohikoa ez den beste zaletasun bat, Lanbide Heziketako Worldskills Spain 2015 txapelketa irabaztera eraman duena: tornuan eta fresan piezak egiten onena dela erakutsi du. 


Nola egiten da tornu eta fresa lehiaketarako prestaketa?
Makinan piezak egin eta egin orduak pasata.

Zertan datza lehiaketak?
Pieza ahalik eta ondoen egin behar da, eta eskatzen dizkizuten neurriak ahalik eta zehatzenak izan behar dira.

Zer pasatzen zaizu burutik lehiatzen ari zaren bitartean?
Egiten ari naizena ondo egiten ari ote naizen, eta hurrengo pausoa zein den.

Trukorik ba al dago irabazteko?
Azkarra eta ona izatea.

Irabaztea espero al zenuen?
Egia esan ez, beste lehiakideek nirekin alderatuta urte gehiago daramatzatelako ikasten.

Urrezko dominak asko pisatzen al du?
Uste dut urrezko dominak eskuan baino pisu handiagoa izango duela curriculumean.

Gure artean, urrezkoa al da benetan?

Ezetz esango nuke, kar, kar, kar!

Lehiatzen jarraitzeko gogorik ba al duzu?
Gustatuko litzaidake. Ea datorren urtean Europako Txapelketan lehiatzeko aukerarik daukadan.

Bestelako kirolik atsegin duzu?

Bai, futbola. Ikasberri taldean aritzen naiz.

Zein da zure ametsa?

Niri irakatsi didatena eta oraindik ikasteko dudan guztia egunen batean gazteei irakastea, eta haiekin munduko toki ezberdinetara lehiatzera joatea.

Nor miresten duzu?

Nire aitona eta amona, irakatsi didaten guztiagatik.

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke?
Munduan zehar bidaiatzea eta kultura ezberdinak ezagutzea.