Jon Artano: "Sexurako lagunak konkista bidez baino, adostasun bidez lortu ditut nik"

Jon Artano: "Sexurako lagunak konkista bidez baino, adostasun bidez lortu ditut nik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-artano-quotsexurako-lagunak-konkista-bidez--baino-adostasun-bidez-lortu-ditut-nikquot/@@download/image/sexu_jon_artano_1433321152.jpg
2015/06/11
elkarrizketa
Jon Artano: "Sexurako lagunak konkista bidez  baino, adostasun bidez lortu ditut nik"
Jon Artano (1978, Zestoa) ETB1eko ‘Azpimarra’ saioan ikus dezakegu,
astelehenetik ostiralera. Istorio onak topatzea atsegin du, eta bizikleta gainean
abentura bila ateratzea. Berdin jokatuko al du sexuan ere?


Zestoatik Istanbulera egin zenuen bidaia bizikletaz. Sexuan ere abenturazalea zara?
Sexua esplorazioa da, eta, beraz, abentura. Eta ni abenturazalea naiz. Beno, kasu honetan, abentura-xalea esatea hobe.

Beraz, kazetaritza eta euskal kultura ez ezik kirola ere atsegin omen duzu.
Aniztasunaren maitalea al zara?
Biba tripakiak eta biba sushia!

Konskistatu zaitzaten edo zuk konskistatzea nahiago duzu?
Sexurako lagunak konkista bidez baino, adostasun bidez lortu ditut nik.

Zerk limurtzen du Jon?
Mingain bizkor batek.

Eta zer ezin duzu jasan?
Konkistarako setio estrategia erabiltzen tematzeak.

Nola gogoratzen duzu zure lehen aldia?
Dena lanbrotuta. Kostako herria. Diskoteka. Ibilaldi luzea kanpineraino. Eta ari ginela... derrepentean: trrrrrriiit! Kanpin dendako kremailera! Lagunak parrandatik bueltan. Juxtu orduantxe! Desastrosoa. Eta komikoa, gerora.

Zein da larrutan egin duzun tokirik arraroena?
Museo bat.

Eta gehien atsegin duzuna?
Moldaerraza naiz.

Nolakoa zara distantzia motzetan?
Hori distantzia motzetan ezagutu nauen bati galdetu behar diozu.

Kalabazak eman al dizkizute inoiz? Nola?
Nirekin oso gustura zegoela ematen zuen neska bat izan da originalena. Tabernan geunden eta, komunera joan nintzela aprobetxatuz, kearena egin zidan. Desagertu egin zen.

Eta zuk eman al dituzu? Nola?
Ez da lantegi ederra. Poetak kantatu zuen bezala: "Aski dakik, kalabazak ematen badakik".

Zein duzu gau erromantiko baterako aurrekari kuttuna?
Erritual konplikatu xamarra da, baina berdin dio... ez zenuke sinetsiko.

Zer ezin da ohean sekula falta?
Gogoa falta bada luzaroan, ez da ausentzia ederra!

Aitortu dezakezun sekreturik?
Eskatzea libre da baina... dagoeneko batzuk kontatu dizkizut!