Jeloskortasun buruhausteak

Jeloskortasun buruhausteak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/07/14
erreportajea
Ander Lertxundi. Arremanitzeko kolaboratzailea @Arremanitz
Jeloskortasun buruhausteak
"Hori egiten duenean oso urduri jartzen nau"; "ezin dut jasan bikote ohiarekin whatsappeatzen duenean"; "ez dut hau egingo badakit eta gaizki pasatzen duela". Jeloskortasunarekin lotura duten esaldiak dira, baina zer dago hauen atzean?


Asko hitz egiten da jeloskortasunari buruz eta baita jeloskortasunetik ere. Baina zer da jeloskortasuna? Sarritan jarrera eta jokaera batzuekin lotzen bada ere, sentimenduak dira. Are gehiago, oso ohikoak eta denok sentitu ditugunak. Gehienetan bikotearekin lotzen diren arren, lagun, guraso eta anaiengatik ere senti ditzakegu. Haurrek, adibidez, modu nabarmenean azaldu ohi dituzte gurasoen arteko afektu keinuen aurrean. Hala ere, hasieran aipatutakoei egingo diegu so.

Esanahia eta kudeaketa
Sentimentu orok bezala, jeloskortasunaren ondoren pentsamendu bat dator, aurrez ditugun pentsamenduetatik sortutakoa. Honek esanahia ematen dio sentitutako horri, eta, honen arabera, bizipena oso desberdina izan daiteke. Era berean, emandako esanahi honek, aurrez ditugun ikuspegiekin batera, jokaera bat edo beste sortzen du.

Batzuek, bikoteari jarraitu, espiatu edota askatasuna mugatzeko jokaera hartzen dute, sentitutakoa kudeatzerakoan trebetasun falta dela eta, norbere buruari, bikoteari eta harremanari kaltea eraginez. Honek ez ditu inolaz ere jokaera hauek justifikatzen, eta, hau jakinda, sentitutakoari beste esanahi bat emanez eta adierazteko (edo ez adierazteko) trebeziak garatuz, kudeaketa egokiagoa izan daiteke.



Maitasunari eta harremanei buruzko gogoeta eta lanketa egin dutenentzat ere ez da gai erraza. Batzuek, jeloskortasuna sentitu behar ez den zerbait bezala ikusten dute, eta, sentitzean, kontraesanetan erortzen dira; ondorioz, gaizki sentituko dira, dituzten irizpideen aurka doazen sentimentuak baitituzte. Orokorrean, horiek ez dute kudeaketa interpertsonalean zailtasunik, baina bai emandako esanahiarekin.

Jeloskortasunaren jokoa
Harreman joku inkontziente askotan bezala, jeloskortasunarenak zirkulu biziotsua sortu dezake. Honela, jeloskor sentitzen denak sentitzen dituenak bikoteak egindako oro jeloskortasunetik ebaluatzen badu, bikotea gauzak ezkutatzen hasiko zaio bi arrazoiengatik: kontrolatuago sentitzen delako eta ez diolako, besteak atera ditzakeen ondorioetaz kontziente, gaizki interpretatzeko aukerarik eman nahi. Paradojikoki, ezkutatze  honek hipotesia indartu egiten du zirkuluaren enegarren bira hasiz. Sentimenduak (tristura, jeloskortasuna, amorrua...) ukatzeak ezer gutxi konpontzen duenez, hauen kudeaketarako trebeziak izatean egon daiteke gakoa, eta, zorionez, trebetasun hauek landu ezkero eskuratu daitezke.