Izaro Andres: "Bideo bakarretik kontzertu asko sortu zaizkit"

Izaro Andres: "Bideo bakarretik kontzertu asko sortu zaizkit" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izaro-andres-quotbideo-bakarretik-kontzertu-asko-sortu-zaizkitquot/@@download/image/bilbo_1425637852.jpg
2015/03/06
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Izaro Andres: "Bideo bakarretik kontzertu asko sortu zaizkit"
Lagunekin grabatu eta sareratu zuen ‘Paradise’ abestiak ekarri zuen, ezustean,  Izaro Andres (Mallabia, 1993) gaztea Euskal Herriko musika zirkuitura. Martxoaren 13an Gernikako Lekuek jaialdian, Zea Maysen aurretik joko duen kontzerturako astebete falta denean elkarrizketatu dugu GAZTEZULOn.


Denbora gutxian egin zara ezagun, baina, noiz eta nola hasi zinen abesten?

Urte askotan herriko abesbatzan abestu izan dut, eta, duela lau urte, Daniel del Valle durangarra ezagutu eta harekin blues eta jazz kantuak abestera animatu nintzen. Txikitako ametsa izan da jendearen aurrean gitarra jo eta abestea, eta pasa den ekainean gitarra erosi eta etxean ikasi nuen oinarrizkoa. Konposatzeko nahikoa zait, baina asko daukat ikasteko oraindik!

‘Izarrak kalean’ saioan agertu ondoren hainbat kontzertu emateko aukera izan duzu. Espero al zenuen horrelakorik lortzea?

Egia esan, telebistakoak ez du zerikusirik izan orain gertatzen ari denarekin. ‘Izarrak kalean’ saioan parte hartu nuen eta hor geratu zen, ez zuen inolako eraginik izan kontzertuak emateko aukeran. Nire bakarlari ibilbidea Paradise kanta sarera igo nuenean hasi zen. Facebooken eskegi genuen lagun artean egindako lana, erabat ezustekoan harrapatu gintuen izan zuen arrakastak! Bideo bakarretik kontzertu asko emateko aukera sortu da.

Zein izan da urtarrilean sareratu zenuen ‘Paradise’ abestiaren gakoa?

Dena izan da gakoa. Badirudi momentuarekin asmatu genuela. Kantua ezberdina da, edo ezberdina baino gehiago, agian ez zen espero horrelako kantarik orain eta hemen. Bideoaren argia, muntaia eta edizioa zoragarriak dira, Sara Fantovari esker. Soinua garbia eta gardena da Xabimen Aretxabaleta eta Ina Arriolari esker. Guzti hori batuta lortu da lortu den guztia. Gero, gaztea izateak lagundu du; sinplea, arrunta, edonor identifikatua sentitzeko modukoa kanta dela uste dut. Nork daki,  agian jendea zerbait berriaren zain zegoen.

Emaitzarekin pozik egongo zarete...

Noski! Oso pozik gaude abestiaren sorkuntza zein plazaratze prozesuan parte hartu dugun guztiok. Zoragarria da norberarena den zerbait jendearen gustukoa dela ikustea, jendearen arreta lortzea eta publiko horren animoak jasotzea. Beldur handia ematen dit hain pertsonala den zerbait bistaratzeak, baina, jendearen gogoak bultzatzen nau aurrera jarraitzera.

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten duzu. Zein hizkuntzatan zaude erosoen?

Orain arte kanta gehienak euskaraz dira. Hizkuntza bakoitzak bere xarma du, musikalki oso ezberdinak dira, batez ere melodikoki. Euskaraz idaztea da niretzat erosoena hori baitut ama-hizkuntza. Noizean behin, gaztelaniaz idazteari ekiten diot, xarma berezi bat hartzen diodalako; intimoa edo. Baina, abesteko orduan, hizkuntzarik erosoena ingelesa da nire ahotsarentzat. Melodikoki oso ondo datorkit.

Barruak hustutzeko abesten omen duzu. Zer da musika zuretzat?

Bizitzeko modu bat da. Kantu gehienak nahiko goibelak direla esango nuke, lasaitzeko eta terapiarako erabili ohi dudalako musika. Egun osoa pasatzen dut abesten, ez nuke jakingo azaltzen zer den niretzako. Lasaitzeko balio dit, erlaxatzeko, haserreak pasatzeko, goibel nagoenean alaitzeko, pozik nagoenean hori kanporatzeko… Edozertarako balio du, ezta?

Lekuek jaialdian egoteko aukera nola sortu zen?

Bideoa igo eta gero hainbat lekutatik deitu zidaten. Lekuek jaialdian parte hartzeko aukera eman zidatenean saltoka pasa nituen ondorengo bi minutuak. Zea Maysen aurretik jotzen dut Astran! Beldurra ematen du, espero dena eskaintzeko gai ez izateak eta baita leku handietan, talde handien artean jotzeak ere. Asko eskertzen dut eman didaten aukera, eta urduri eta gogotsu nago. Eskerrak eman nahi dizkiot nire izena proposatu zuenari, niretzat abentura handia da.

Nolako emanaldia izango da?

Nire emanaldiak oso lasaiak izaten dira, intimoak, nire publiko zati fidelak negar egiten du sarri. Horregatik beldur naiz gau-giroan lekurik aurkitzeari. Entzun beharreko emanaldia izango da, ez du balio kontu-kontari egon eta musika fondoan entzuten den zerbait izatea. Barrenak husten ditut eta kontzertu gehienetan sortu den kimika hori lortu nahiko nuke publikoarekin Gernikan ere.

Diskoa grabatzeko aukera hor dago. Nolakoa izango litzateke Izaro Andresen aurreneko diskoa?

Nolakoa litzateke… 12 kantuz osatutakoa. Hiru hizkuntzatan abestua. Lasaitasunean entzutekoa, abestekoa eta kanturen batean dantzagarria. Arretaz entzutekoa eta, uste dut, erraza.

Nahiago al duzu bakarrik edo norbaitekin oholtzaratzea?

Beti da gogorra bakarrik oholtzaratzea. Baina gustatzen zait. Publikoak sarri sentiarazten nau eroso oholtzan. Hitz egitea ere gustatzen zait, kontaktu hori sortzea publikoarekin, hortaz, sekula ez nago bakarrik. Baina Lekuek festibalean jotzeko bi lagunei eskatu diet laguntza! Testuinguru bakoitzak kontzertu jakin bat eskatzen du, hori ondo egiten bada arrakasta ziurra da.

Musika maite duzu, baina, antzerkia eta dantza ere jorratzen dituzu. Non sentitzen zara erosoen?

Erosoen musikan, dudarik gabe! Antzerkia plazer bat da eta dantza dibertsio hutsa. Baina ezin zaio musikari konparatu, ez nik behintzat.

Komunikazio gradua egiten ari zara Donostian. Zenbateraino laguntzen zaitu komunikazioak musikan?

Uf… Lagundu dit sare sozialen mantenuan eta kanten arteko hitzaldi txikietan. Lasaitzen eta kontaktua sortzeko beldurrik ez izaten. Sekula ez naiz pertsona lotsatiegia izan, baina bultzada pixka bat eman didala uste dut. Baina ez nuke jakingo galderari zirutasunez erantzuten.

Nola daramazu ikasketak eta musika uztartzea?

Badaramat. Denbora asko ari naiz orain musikan inbertitzen eta estutzen hasia nago. Kontzertuetan dut burua,  gustatu behar horretan, eta lehen banintzen pertsona urduria, bada, imajinatu orain! Baina lagun onak ditut inguruan dena errazago egiten dutenak. Alboan ditudan bitartean ez nau ezerk kezkatzen.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure helburuak?

Diskoa ateratzea gustatuko litzaidake, bideoak grabatu eta sarera igotzen jarraitzea, eta  kontzertuak ematea. Momentuz, hainbat hitzartuta ditut. Uda amaieran Kalifornian egingo dut ikasteko lau hilabetetako egonaldia.  Beldurra ematen dit hemen aukera bat sortu, eta hara joateagatik aukera hori galtzea. Nola edo hala moldatu gara! Nork jakin etorkizunak zer ekarriko duen… Momentuz orainean ondo egiten zentratuko naiz!

Izaro Andresen datozen kontzertuak:


Martxoak 7, larunbata: Larrabetzun, 19:00etan
Martxoak 13, ostirala: Gernikako Lekuek jaialdian, 22:00etan (+ Zea Mays)
Martxoak 14, larunbata: Bilboko Kafe Antzokian 22:00etan (+ Maika Makovski)
Martxoak 21, larunbata: Ondarruko Arriandi Ostatuan
Apirilak 10, ostirala: Elgoibarren
Apirilak 17, ostirala: Berriatuan
Apirilak 24, ostirala: Oromiñon, Durango
Apirilak 30, osteguna: Gasteizen