Ioritz Mendizabal: “"Hau da nire bizitza, ez daukat besterik”"

Ioritz Mendizabal: “"Hau da nire bizitza, ez daukat besterik”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ioritz-mendizabal-quothau-da-nire-bizitza-ez-daukat-besterikquot/@@download/image/2011623813ioritz_mendizabal_8.jpg
2011/06/03
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Galder Izagirre
Ioritz Mendizabal: “"Hau da nire bizitza, ez daukat besterik”"
Oiartzungo semea. 37 urte. Frantziako jockey onena. Duela bi hamarkada utzi zuen sorterria bere ametsa gauzatzeko. Ordutik, grinaz segitzen du zaldiekin eta zaldientzat. Paun hartu gaitu, bere saltsan, hainbeste maite duen mundua ezagutarazteko irrikaz.  

Osabaren Josetxo astoak du errua. Astoak eta aitak Ultzaman zuen behorrak. Hura izan baitzen animalia hauekin eduki zuen lehen kontaktua, oraindik ere umea zela. Bere adineko mutiko askok baino argiago ikusi zuen etorkizuna eta batzuek "Aita, ama: artista izan nahi dut" dioten moduan, "Ni jockeya izango naiz" iragarri zien gurasoei 14 urterekin. Eta halaxe ipini zituen oinak Frantzian. Urte hauetan guztietan ezagututako zaldi eta lasterketa guzti-guztiekin oroitzen da.

Inguruko errepideetan barrena, galduta, buelta antzu pare bat eman eta gero, erreskatatzera etorri zaigu bere Mercedes autoan, eta zalditegirako bidea markatu digu. Izugarri argala da, 54 kilo besterik ez. Lasterketarik gabe, denboraz lasai samar dabil gaur –horregatik eduki dugu elkartzeko aukera– baina, hala ere, eguna argitu baino lehen jaiki da bere neska-lagunak Pauko zalditegi honetan dituen hiru zaldiez arduratzeko. "Ukuilua da beraien etxea eta logela, lastoa egunero aldatu behar zaie txukun eta eroso egon daitezen. Eta ibil daitezen ere atera behar ditugu". Rudolph zaldiarengana hurbildu –argazkietan ageri dena– eta prozesua pausoz pauso erakutsi digu. "Zaldi berezia da hau, asko maite dugu". Azaldu digu ez dela oso kategoria altukoa dagoeneko badituelako zazpi urte eta zaldi batek hiru edo laurekin ematen duelako bere onena. "Baina oraindik ere lasterketak irabazten ditut berarekin oso harreman ona dudalako. Gizakia balitz, nire lagun mina litzateke dudarik gabe; berarekin aterako nintzateke zerbait hartzera". Txundigarria da animaliaren mugimenduak eta erreakzioak aurreikusteko duen gaitasuna. Elkar ulertzea erabatekoa da.

"Zikin-zikina nago, ez dut arropa berezirik ekarri argazkietarako!", dio arduratuta. Begi urdin bizi-biziak ditu, izugarri adierazkorrak lotuta daukan unibertso honetaz hitz egiten duenean. Berea bai pasioa.

Aurten ere Urrezko Ustaren bila? Nola doa denboraldia?

Oraingoz ondo, lehengo urteko martxan. Momentuz, helburua ahalik eta lasterketa gehien irabaztea da, goiz da jakiteko Urrezko Usta eskuratuko dudan ala ez, hori urte amaiera aldera argitzen da. Urritik aurrera jarriko dut gogoa horretan.

[Frantziako hipodromoetan lortutako garaipen bakoitza puntu batekin saritzen da, lasterketa kategoria handikoa nahiz txikikoa izan. Urte amaieran puntu gehien bildu dituen jockeyari Cravache d´Or, Urrezko Usta, ematen diote. Ioritz Mendizabalek baditu horrelako lau.]

Dagoeneko lau aldiz izan zara Frantziako sailkapenean onena, eta Arlington Million lasterketa famatua ere irabazia duzu Txikagon Spirit One zaldiaren gainean. Ba al dago lorpen handiagorik jockey batentzat?
Bai noski, kirolari guztientzat bezala. Beti dago hobetzeko aukera eta gehiago egiteko ilusioa.

Zure bizitzaren norabidea markatu duen erabakia 14 urterekin hartu zenuen. Ikasitako frantses apurra bizkar gainean hartu, Oiartzun utzi eta Mont de Marsan-era aldatu zinen ikasketak eta zaldiak uztartzera. Nola gogoratzen duzu hasiera hura? Inoiz pasatu zitzaizun burutik etxera itzultzea?

Behin ere ez. Herrimina izan nuen eta familiaren falta ere sumatu nuen 14 urteko mutikoa nintzelako...

Ez duzu ahaztu nondik zatozen –lepotik zintzilik duen urrezko lauburua seinalatu diot–...

Aitarena da. Familia da bizitzan izan dudan gauzarik garrantzitsuena. Kirolari guztiok ezagutzen ditugu gorabeherak, mometu onak eta txarrak, baina nik badakit etxera hots eginez gero bertan topatuko dudala konponbidea.

Argi dago bide zuzena hartu zenuela eta ez zaizula damutu. Baina, kontrakoa gertatu izan balitz? 14 urteko mutiko bat beti ez baitago gaitua horrelako erabaki potoloak hartzeko.

Semeak orain gauza bera eskatuko balit, ez dakit nire gurasoek egin zutena egingo ote nukeen. Beraiek bete-betean asmatu zuten nahiz eta ez zen aukera errazena niri etxetik alde egiten utzi eta Frantziara bidaltzea, eta sekula ez diet nahikoa eskertuko. Ausardiaz jokatu zuten.

Ordutik, zaldien bizi-erritmoaren arabera bizi zara zu ere. Zaldiaren ordutegi biologikoak agintzen du jockeyaren egunerokotasunean, ala?

Bai, bai, hala da. Eta nire bizitza, esparru guztietan, honen inguruan eraiki dut. Orain,  udaberri eta uda partean, goizeko 5:15ean jaikitzen naiz; neguan beranduxeago, 6:00tan edo. Hemen nagoenean, goiz-goizetik zalditegira etorri eta zaldiak ateratzen ditut, gero lasterketak...

Gainera, kasik hegazkinean bizi zara. Paris eta Pau artean.

Bai, tira, Frantzian egunero izaten dira lasterketak, baina leku desberdinetan. Alde batetik bestera ibili behar izaten dut eta askoz errazagoa da Parisetik mugitzea Pautik baino. Astean hiru edo lau hegaldi egiten ditut askotan.

Ez dirudi oso bateragarria zure adineko –37 urte ditu– beste edozein mutil gaztek eduki lezakeen bizimodu estandarrarekin: etxea, familia, asteburuko planak...

Ba ez. Lagunek zer edo zer berezia egiteko edo ospakizunen baterako deitzen didatenean, nik ezetz esan behar izaten dut maiz. Neska-laguna ere honetan dabil, eta eskerrak!, bestela ez dakit nola moldatuko ginatekeen.

Denboraldiak 11 hilabetekoak izaten dira Frantzian, eta batez beste, sei lasterketa izaten dituzu astean. Lehia konstante hutsa da zure egunerokotasunean.

Denboraldiak hamabi hilabetekoak dira orain egunero jokatzen direlako lasterketak urte osoan zehar, baina arrazoi duzu, abendua beste hilabeteak baino askoz lasaiagoa izaten da. Eta aste bakoitzeko sei esan duzu, baina zazpi lasterketatan ere parte hartzen dut askotan! Atzo Bordelen nintzen, herenegun Parisen, gaur hemen, bihar berriz Parisera... atzoko lasterketa gauez izan zen, adibidez, eta irabazi egin nuen, baina ez dut apenas denborarik izan garaipenaz gozatzeko dagoeneko gogoa hurrengoan dudalako.

Norgehiagoka etengabe honek badu eraginik zure izaeran edo zure bizitzako gainerako esparruetan?

Ez, ez baitaukat beste bizitzarik –barrez–. Ez daukat beste esparrurik, ez dut beste ezertan pentsatzen, honek ez dit denborarik uzten.

Egun libreak, oker ez banago, neguan hartzen dituzu. Zer egiten duzu oporretan?

Hamar bat egun hartzen ditut, Oiartzunera joateko –barrez–. Gabonak orain arte beti familiarekin pasatu izan ditut, berriz errepikatuko dut etxekoak izugarri garrantzitsuak direla niretzat, beraiengatik eta eman didaten hezkuntzagatik ez balitz ni ez nintzateke hemen egongo orain zuekin hizketan. Hortaz, hara itzultzen naiz eta... ez pentsa gauza handirik egiten dudanik! Etxean lasai egon eta, gabonetan denok egiten dugun moduan, jan eta edan. Pisu gehiegi ez hartzeko kontuz ibili behar izaten dut baina tira...

[Argitu digunez, berak, normalki, ez du bazkaltzen. "Lasterketak arratsaldez izaten dira eta arin joan behar dut". Gainerakoan, berdea da nagusi bere dietan: frutak eta barazkiak. "Nahitaezko zerbait da, baina ez zait gogorra egiten". Hori bai, aitortu digu eguneroko txokolate dosiari ez diola uko egiten eta izugarri baloratzen duela noizean behin, gutizia modura, jatetxe on batera joan eta bazkari ederra egitea.]

Pentsatzen dut agian penagarria baina aldi berean liberatzailea izango dela tarte batean zaldiengandik banantzea, gurasoek seme-alabak udalekuetara bidaltzen dituztenean bezala.

Ezinbestekoa da. Joan den urtean, adibidez, oso nekatuta bukatu nuen, mozteko beharra sentitzen nuen eta beste urte batzuetan baino egun gehiago hartu nituen. Ez da gogorra izaten, ez dut zaldien hutsunea bereziki sentitzen, badakidalako bueltan berrindartuta eta kontentu itzuliko naizela haiengana.

Iruditzen zait honek baduela antza harreman humanoekin, ezta?

Bai, bai. Zaldi bakoitzak bere izaera du, eta animaliaren eta jockeyaren artean feelinga sor daiteke edo ez. Lasterketa hasi aurretik, esate baterako, oso garrantzitsua da irteera lerrora hurbiltzen garen une hori. Zaldi gainean kaxetara bidean egiten dugun canter edo footing horrek kontakturako balio du. Animaliak eta biok elkar lasaitzen dugu, berak orduan ulertuko du lasterketara doala, eta nik antzemango dut nolako zaldia den. Oso kategoria handiko animalia izan daiteke, baina feelingik ez badago, akabo, zaldi-jockey bikote horrek ez du funtzionatuko. Diruak ez du dena konpontzen. Aldiz, gerta daiteke kategoria eskasagoko zaldi batekin lorpen handiagoak egitea harreman berezia sortu delako, Rudolphekin gertatzen zaidan bezala.

Hortaz, zaldiei belarrira xuxurla egitea eta horrelako kontuak benetan sinesgarriak dira.

Bai noski, pertsona batzuek gaitasun berezia eduki dezakete, eta badaukate, animalia hauekin konektatzeko eta komunikatzeko. Ez dira hain desberdinak.  

Animaliekin ere landu daitezke kirolaren muinean dauden sakrifizioa edo autosuperazioa bezalako balio abstraktuak?

Kontuan izan honetan zaldiak egiten duela guztia, guk ez dugu apenas ezer baldintzatzen lasterketan, jockeyaren influentzia minimoa da. Zaldia egun horretan gogo onez badago, korrika egiteko prest, lasterketa ondo joango da. Arduraren %80 animaliarena da eta, beraz, esaten didatenean "Zorionak! Irabazi duzu!", ez barkatu, zaldiak irabazi du.

Baina, zerk egiten du zaldi bat ona? Odolak, entrenamenduak, tratuak, jockeyak berak...?

Nire ustez, alde mentalari eta motorrari edo fisikoari begiratu behar zaio, biei. Hau da, ze gorpuzkera duen animaliak eta, batez ere, ze izaera: lehiakorra den ala ez. Gero, noski, beste faktore askok ere badute eragina; zaldiak duen bizi-kalitateak, adibidez. Zalditegia egunero txukuntzeak, zaldia egunero ateratzeak eta entrenatzeak... horrek guztiak ere laguntzen du.

Lehen begiratuan igarri daiteke kategoria?

Fisiko ona zeinek duen bai antzeman daiteke, baina gainerako guztia animaliarekin lan egin ostean baloratzen dugu.

Eta zu, zergatik zara Frantziako jockey onena?

Ba... 

–Isilik geratu dela ikusita– Beste modu batera galdetuta, zerk markatzen du jockeyen arteko aldea? Denek entrenatzen duzue gogor.

Bai. Suerte pixka bat ere eduki behar da, leku egokian egon. Futbolariei ere gertatzen zaie talde batean egoten direla batere jokatu gabe baina beste entrenatzaile batek hartu eta zelairatzen dituenean hasten direla golak sartzen. Mundu honetan ere hori gertatzen da askotan. Ona izan zaitezke, baina suertea behar duzu erakusteko aukera izateko.

Zaldiaz eta jockeyaz gain, badira honetan beste bi aktore garrantzitsu: jabea eta entrenatzailea. Denok ulertzeko moduan, zein da lau aktore hauen arteko harremana?

Zaldien jabeak entrenatzailea kontratatzen du zaldien prestaketarako, eta entrenatzaile horrek jockeya kontratatzen du lasterketarako. Hain justu horretan datza entrenatzailearen garrantzia, meritua edo balioa: zaldi-jockey bikote egokiak osatzen asmatzea, hau da, zaldi bakoitzarentzat jockey aproposa topatzea eta alderantziz.

Atseginak izaten al dira harremanak?

Ba, irabazten duzunean, denak lagunak. Galtzen duzunean... orduan agertzen dira arazoak –barrez–. Dirua dagoen leku guztietan bezala!

Eta honetan badago, asko gainera! Mugitzen den diru kopurua irudikatzeko: zenbat balio du hauetako zaldi batek, adibidez?

Desberdintasun handiak daude. 5.000 eurotik hasi eta 400.000 euroraino hel daiteke. Erdi mailako batek 8.000 euro balio dezake; lasterketa bat edo beste irabazten hasiz gero, 15.000 eurora igoko da prezioa; eta kategoria altukoa bada, 200.000 eurora helduko da aise.

Eta sari handi samar bat, zenbatekoa da?

15.000 edo 20.000 euro. Baina jabeari dagokio parte handi bat...

Hori galdetu nahi nizun. Nola banatzen da pastela?

Jabeek diru kopuru handia aurreratzen dute eta horregatik dagokie sariaren %80a.

Eta zaldiari?

Muxu haundi bat! –barrez–. Ez, beti saiatzen gara hobeto zaintzen, tratu berezia ematen. Denak gara berdinak: interesa tartean dagoenean, hobeto egiten ditugu gauzak, horrelakoa da bizitza.

Zure katxea igo al da azken urte hauetan?

Ez, Frantzian denok berbera dugu. Gure zaldiak irabazten duenaren %7 jasotzen dugu.

Baina, nahiago dituzun zaldiekin lehiatzeko aukera handiagoa izango duzu...

Hori bai.

Orain lasterketa hasi aurretik izaten duzun sentsazioa eta lehenengo aldi haietan edukitakoa konparatzen jarrita...

Oraindik urduritasun puntu bat mantentzen dut, eta ona da, beharrezkoa, horrek eramaten gaitu aurrera. Kontua da hasierako hura negatiboa zela, blokeatzen zaituen estres hori, gauzak behar bezala egiten uzten ez dizuna. Denborarekin ikasi dut on bihurtzen, hasierako paralisia gainditzen.

Aizu, dopingaren mamua iritsi da zaldi lasterketetara ere, ezta?

Bai, baina oso kontrolatuta gaude. Gu eta, batez ere, zaldiak. Orain dela urte asko izan ziren kasuak eta orduz geroztik segimendua izugarria da.

Kirol honek apustuetatik edaten du...

Apusturik gabe ez dago lasterketarik –gehitu du azkar–.

...hortaz, eta galdera tipiko samarra den arren, nabaritu al da krisia?

Nik ez behintzat. Nire ustez, zenbat eta diru gutxiago eduki, orduan eta gehiago jokatzen du jendeak irabazteko asmoz. Logikarik ez dauka, baina apustuetara jotzen dute askok.

Eta apustuez badakigu zertxobait Euskal Herrian. Gurean zaldi lasterketak ez dira errotu, ordea. Zergatik?

Saiakerarik ere ez delako egin. Hango egunkari bat zabalduz gero, kiroletan futbola topatuko duzu, eta futbola, eta futbola. Bukaeran agian pilota eta saskibaloi pixka bat... baina zaldiak inoiz ez. Publizitaterik gabe, ezinezkoa da hau han aurrera ateratzea. Euskal Herrian ere interesa eta zaletasuna pizteko hasiera onena telebistan eta prentsan jarraipena egitea litzateke.

Momentuz, orduan, hau gustuko duenak ez du zer eginik han?

Ezetz esango nuke.

Zu erretiratzeko inongo borondaterik gabe: zer egingo duzu hau bukatutakoan?

Goizero, edozein ordutan jaikita ere, inongo alferkeriarik gabe jartzen naiz martxan. Alfertzen naizen egunean... mmm! Seinale txarra! Hau uzteko eguna izango da. Ona litzateke gauzak aldez aurretik pixka bat planifikatzea, baina, momentuz behintzat, ez dut egin. Irudipena daukat horretan pentsatzen jarriz gero, alboratu egingo dudala orain eskuartean dudana. Honek izugarrizko sakrifizioa eskatzen du, %100era egon behar dut.

Itzuliko zara Euskal Herrira?

Ez dakit. Ez dut pentsatu. Oraingoz bizitza hemen daukat eta gustura bizi naiz, gainera ez gaude urruti. Hamalau urterekin atera nintzen handik eta oso gutxitan itzuli naiz, hango lagunak galdu ditut. Baina bizi-kalitatea ona da han eta... auskalo!

Ioritz Mendizabalen kuttunak:



Irakurtzeko: Asterix eta Obelix.
Film bat: Ez dadila beldurrezkoa izan.
Bizio bat: Txokolatea.
Zaldi bat: Spirit One.
Miresten duzun inor: Aita eta ama.