Ikusezinen kluba

Ikusezinen kluba https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikusezinen-kluba/@@download/image/kultura_alterna_1481296754.jpg
2016/12/09
erreportajea
Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti / Argazkiak: KA
Ikusezinen kluba
Kulturaren munduko eliteetatik aldentzen bagara, prekarietatea, bakardadea eta etengabe ixten diren ateak aurkituko ditugu. Asko dira artelanak, ekimenak eta kultur proiektuak argitara eramatea lortzen ez dutenak; ez dute mediorik, kontakturik edo harremanik egiteko baliabiderik. Behar horiei aurre egiteko jaio zen KA, kultura sortzaile ikusezinen gotorleku alternatiboa. Dagoeneko bi urte bete dituzte, eta 300 artista eta kolektiboren babesleku dira.

Kulturaren zatorrak, artearen ilunpeko babesleak, lur azpiko egile bakartiak. Halakoak dira Kultura Alternatiboa proiektua osatzen duten norbanakoak. Erakundeek bultzatutako kultura eredutik aldendu, eta interesa duen edozeini irekitako espazio bat sortzeko ideiatik sortu zen KA, duela bi urte. Oinarrietako kultura bultzatu eta elkartasuna sustatzeko helburuekin, artista eta eragileen artean loturak sortzen joan dira KAren parte hartzaileak, eta topaketen bidez, proiektu ugari sortu dituzte modu ireki eta horizontalean.

Xpressionk elkarteko kide Jokin Telleria izan zen KAren sorreran parte hartu duenetako bat. Telleriaren esanetan, ilunpean ez dira sortzaile gazteak aurkitzen bakarrik; asko dira urte luzez lanean ibili diren profesionalak, esperientzia bai, baina ikusgarritasun eskasa izan dutenak: "Erakundeen aldetik babesik ez izateaz gain, ez dugu elkar ezagutzen, eta hori da oinarrian lanean gabiltzan kultur eragileon arazo nagusia. Arazo horri konponbidea emateko sortu genuen KA, gure artean konexioak sortzeko eta proiektuak elkarrekin eraikitzeko".

Herritarren parte hartzea, gogoa eta ilusioa da KAren oinarria. Espazio fisikorik, araurik eta mugarik gabe, egitura likidoak erabateko malgutasuna ematen die ekimenean parte hartzen duten 300 artista eta kolektiboei. Dagoeneko bi urte daramate lanean, eta asko dira topaketetatik ateratako fruituak. 100KA, Zumea KA Fest, IAUJA!, Stop War Festibala, Fanzinea edota GAzteKA dira proiektuak azaleratu dituen ekimen garrantzitsuenak; Donostia 2016rekin batera kolaboratu dute aurten, eta herritarren parte hartzea oinarri duen Energia Olatuak atalaz arduratu dira, ehun ekimen antolatuz.

Horizontaltasuna


Zer da zehazki KA? Nork parte hartu dezake? Hemen datza proiektu honen xarma, interesa eta jakinmina duen edonor baita ongietorria: "KAn ez dugu filtrorik jartzen. Horretarako badaude instituzio eta merkatuak. Hemen, herritar guztiak dira ongietorriak, eta ez dute zertan artistak edo profesionalak izan behar, nahikoa da kultura modu alternatibo eta horizontalean deskubritu eta bizitzeko gogoak izatea". Parte hartzea ere erraza da; KAren webguneko formularioa betetzearekin batera, interesa duenak informazio guztia jasoko du: "Gure egituraren oinarria hilabete t’erdiro antolatzen ditugun topaketak dira; aldi bakoitzean espazio berri bat aukeratzen dugu, KAk ez baitu espazio fisikorik, eta bilera horietan erabakitzen dugu nondik jo, zer egin, nola egin aurrera".



Horizontaltasunean eraikitako proiektu bat aurrera eramateak baditu bere zailtasunak, eta horiei aurre egiten ikasi dute KA osatzen dutenek. "Konflikto txikiak askotan sortu dira; azken finean, hemen gustu, iritzi eta pentsamendu ugari biltzen dira, eta logikoki, beti ez gara ados jartzen. Baina gatazkak eta ezadotasunak modu positiboan ikusten ditugu. Eztabaida ona da, eta kontrako iritziak entzutea aberasgarria da, ez da txarra; denok iritzi berekoak izango bagina, mundua oso aspergarria izango litzateke". Dena den, antolaketa mota horrek baditu bestelako eragozpenak, hala nola, erabaki estrukturalak hartzeko mantsotasuna. "Adin, diziplina eta jatorri askotako jendea bildu gara proiektuan, eta behetik gora eraikitako ekimena denez, bere denbora behar du aurrera egiteko".

Alde positiboa, araurik eta debekurik gabe sortzeko aukera da. KAn parte hartzen dutenek erabateko askatasuna dute nahi bezala elkartu eta sortzeko, proposamenak egiteko eta esperimentatzeko. "Gure oinarria libreak izatea eta elkar errespetatzean datza; adibidez, Donostia 2016rekin parte hartzearen aurka zeuden proiektuko hainbat kide, baina horrek ez du proposamena zokoratu; nahi zuenak parte hartu du, besteon errespetu osoz. Hori da formatu irekia mantentzearen abantaila nagusia".

Nola izan partaide

Parte hartzeko moduak asko direla gogoratu du Telleriak, eta horregatik dutela jende askorengana iristeko helburua: "Hartu-emana da gure lan egiteko modua, eta partaide izateko modu asko daude. Atxikipena erakutsiz, jada proiektuaren parte izatera pasatzen dira interesa dutenek, eta hortik aurrera, nahi beste inplikatu daitezke: KAren proiektuetan parte hartuz, haien proposamenak ezagutaraziz, KA osatzen dute artista eta eragileekin harremanak eginez, gure bitartez areto eta espazio berrietara iritsiz… Topaketetan parte hartzen badute, hobetu ezagutuko dituzte KAren tripak, eta erabat boluntarioak dira".

Topaketekin batera, elkarkidetzaren ondorioz sortutako proiektu berriak dira Telleriaren kuttunak: "Azken topaketa Donostiako Loiolako Erriberetan dagoen M etxean egin genuen, eta oso produktiboa izan zen; asko ikasten dugu bilera horietako bakoitzean. Bestalde, oso politak dira elkarlanaren ondorioz sortzen ari diren gauzak; esate baterako, Mattin Garikano film labur bat ekoizten dabil, eta KAri esker, bertan topatu du soinu banda egingo dion musikari bat, ekoizpenean lagunduko dion ekoizle bat, diseninu lanetan bere parte hartzea eskaini dion artista bat… Langile askoren parte hartze horri esker jaioko dira proiektu interesgarriak".

Egoitza finkorik ez izatea ere, abantaila da proiektuko kidearentzat: "Ez dugu gasturik, ez dugu espazio bat sustengatzeko beharrik. Gu gara KAren oinak. Azken finean, proiektu likidoa da, malgua eta kostu finkorik gabekoa". Horri esker, ez dute erakundeen laguntza ekonomikoaren menpe bizitzeko beharrik, nahiz eta haiekin parte hartzeko prest dauden. "Ez dugu inoren menpe egon nahi, baina denekin ideiak elkarbanatzeko gai gara".

300 partaiderekin, jendearen artean ezagunak bihurtzea da KAren erronka nagusia. Hala, datorren urterako hainbat ekimen dituzte esku artean, tartean, Kzuzenean izenekoa. "Topaketa artistikoak izango dira, ez gara soilik hitz egitera mugatuko. Ideia da plazak eta aretoak hartzea, eta bertan jendeari gure sormen lanen lagin bat erakustea, ezagutu gaitzaten eta parte hartzera anima daitezen. Hala, diziplina anitzeko hainbat ekimen erakutsiko dizkiegu, dela kontzertuak, antzerkia, performaceak…". Kultura gizarteratzea erronka gogorra da, eta kontsumismoaren eredutik aldentzea oraindik ere zailagoa, baina KAk argi ditu bere helburuak: kultura guztion artean eraikitzea, parte hartzea sustatzea eta elkarlanerako tresna bihurtzea.