Ibone Sanchez: "Jendeak askotan erokeriak egiten ditu inongo kontrolik gabe"

Ibone Sanchez: "Jendeak askotan erokeriak egiten ditu inongo kontrolik gabe" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/16
elkarrizketa
Zuriñe Maguregi @zmaguregi Argazkiak: Galder Izagirre
Ibone Sanchez: "Jendeak askotan erokeriak egiten ditu inongo kontrolik gabe"
Hiru kirol batean, horixe da triatloia: igeriketa, txirrindularitza eta korrika lasterketa, hirurak lehiaketa berean. Fondo fisikoa, erresistentzia handia eta etengabe hobetzeko grina dutenentzako diziplina. Ibone Sanchez (Laudio, 1989) egungo Euskal Herriko triatloi txapelduna bada ere, familiaz eta kirolaz gozatzen duen neska irribarretsu eta lotsatia ezagutu dugu.


Gasteizen bizi da Ibone, bere bikote eta katuarekin. Lasterketetan parte hartzen ez duenean La Blancako benjamin eta aurrebenjamin atletismo  taldekoak entrenatzen ditu, Laudioko igerilekuetako sorosle lanetan aritzen da edo etrenamendu pertsonalizatuak eskaintzen ditu mendiko lasterketak, triatloiak edo igeriketa lasterketak prestatzen dabiltzanentzako.


Euskal Herriko triatloi zirkuitua bi aldiz irabazi duzu,  2013an eta 2015ean.  Nolakoa izan da zure ibilbidea lehenengo postuetara iritsi arte?
Egia esan, triatloian berandu hasi nintzen, 20 urte nituela. Bost urterekin, igeriketan hasi nintzen jolas moduan eta hemezortzirekin utzi nuen, igerilekuan bakarrik egoteaz aspertuta nengoelako. Ondoren, nebarekin Abentura RAIDak egiten hasi nintzen naturaz gozatuz: eskalada, bizikleta, mendia, ...
Atletismoan ere ibili izan naiz pare bat urtez, korrika egitea asko gustatzen zitzaidalako eta horrek aquatloia probatzera eraman ninduen (korrika + igeriketa). Azkenik, bizikleta probatzeko gomendatu zidan lagun batek...

... eta bizikletatik triatloi podiumetara. Zeintzuk dira triatleta baten ezaugarri fisiko idealak? Eta psikologikoak?
Fisikoki orekatua egon behar da, pisuarekin obsesionatu gabe. Fin egon zaitezke baina indarrik gabe, beraz, erresistentzia, arintasuna eta indarraren arteko oreka ideala litzateke. Psikologikoki ordea, kirol guztietan bezala, burugogorra eta nola ez, sufritzeko gaitasuna izan behar da momentu txarrak gainditzeko.

Zein izan da bizitza profesionalean izan duzun lorpenik handiena?
Euskal Herriko zirkuitua irabaztea. Espainiako txapelketa autonomikoan laugarren geratu nintzen eta olinpiko batean, elite mailan, bederatzigarren. Bestalde, Madrilgo ekipoarekin Taldekako Duatloi Txapelketan txapeldun izan gara.

Madrilgo Diablillos de Rivas klubean egoteak elite mailan lehiatzeko aukera eman dizu. Euskal Herritik kanpo joatea beharrezkoa al da goi mailan aritzeko?
Badira eliteko euskal kirolariak, Ainhoa Murua esaterako, Euskal Herritik irten ez direnak. Hauetako batzuek Basque Team bezalako erakundeen babes ekonomikoa jasotzen dute, elite mailan aritzeak diru inbertsio handia eskatzen duelako. Nire kasuan berriz, denbora batez langabezian izan naiz eta horrek Madrilgo ekipoak egindako eskaintza onartzera eraman ninduen, besteak beste, gastu guztiak ordaintzen dizkidatelako.

Erabaki honek goi mailako probetan esperientzia hartzeko balio badizu ere, dedikazio gehiago beharko du... Nolakoa da zure entrenamendu saio bat?
Lau bat orduz entrenatzen dut egunero. Bi saio egiten ditut korrika, igeriketan eta bizikleta rodilloan (bizikleta modu estatikoan erabiltzeko aparatua). Bizikleta irteera luzeak asteburuetarako uzten ditut.

Triatleta baten egunerokotasunak esfortsu handia eskatzen du: orduak entrenatzen, dieta... Nortzuk dira egunez egun laguntzen zaituztenak? 
Nire mutila triatleta da eta elkarrekin entrenatzen dugu. Familia ere nahiko kirolaria dut eta probetara etortzen dira animatzera. Gasteizko lagun gehienak ere triatletak dira baina Laudiokoek ordea, ezberdin ikusten dute eta nahi baino gutxiagotan egoten gara elkarrekin.

Sakrifizioa da kirolariok duzuen berezko gaitasuna, noizbait aukeratu behar izan al duzu kirola eta beste zerbaiten artean?
Ez, kirola ez dut sakrifizio bezala ikusten. Astebururen batean ezin izan dut lagunekin irten  txapelketak izaten ditudalako, besterik ez.

Gustuko duzun zerbait egongo da aspaldi egiten ez duzuna...
Ba bai, nebarekin RAID Abentura lasterketa batean parte hartzea. Aita izan berri da eta uste dut hemendik aurrera halakoak egiteko denbora gutxi izango duela.
Nola kargatzen duzu pila lasterketa edo entrenamendu gogor baten ondoren?
Fruta jan, gatz mineralak dituzten edariak hartu eta sofan siesta luuuuuuuze bat egiten dut. Etxera iristean katua gainean jartzen zait eta horrek ere lasaitasun handia ematen dit.

Eta nolatan zu bezalako kirolari batek etxeko katua dauka eta ez entrenamenduetan lagunduko liokeen txakur atletiko bat?
Txakur batek dedikazio handia behar du eta Raiztik hamasei urte daramatza nirekin.

Raizti?
Bai, txikia nintzela nire lagun Itziarren begi kolore berbera zuela konturatu nintzen eta bere izena alderantziz jartzea erabaki nuen.



Zer egiten duzu entrenatzen ez zabiltzanean?
Momentu honetan hezkuntzarako oposaketak prestatzen ari naiz –IVEF-SHEEko ikasketak egin nituen– eta lanean nabil entrenatzaile gisa. Denbora librean Laudiora joaten naiz familia eta lagunekin egoteko.

Eta ba al duzu kirolarekin zerikusia ez duen zaletasunik?
Laudioko antzerki taldean ibili nintzen bost urtez, lotsa kentzen lagunduko zidalakoan. Lotsati izaten jarraitzen dut baina oso gustora egon nintzen. Denbora falta dela eta, utzi behar izan nuen azkenean.

Zure bizitza kirolaren inguruan antolatua badago ere, noizbait deskonetatzeko aukera izaten al duzu?
Bai, batzuetan deskonektatzen dut. Astean behin yoga egiten dut nire kabuz eta meditazio pixka bat praktikatzen dut ere. Arnasketaren kontrola izaten laguntzen dit eta hau kirolean funtsezkoa izaten da.

Zeri diozu beldur?
Inguruko pertsonek nigandik espero dutena ez lortzeari. Batzuetan "Gaur irabaztera zoaz, ezta?" bezalako komentarioak egiten dizkidate eta asmo txarrez ez bada ere, presio handia izaten da niretzat.

Presio horrek gainezka egingo dizula pentsatu al duzu noizbait? Hala bada, nola lortu duzu egoerari buelta ematea?
Orain arte ez dut gainezka egin didanaren sentsaziorik izan. Tarteka atsedena hartzea beharrezkoa izaten da. Iazko udan esaterako, entrenamenduak amaituta, bizpahiru asteko oporrak egin nituen,  denboraldi amaieran. Oporretan ez dugu kirolik egiten eta aitortzen dut batzuetan neure buruari barkatzea kosta egiten zaidala.

Zer ematen dizu gorputza muturrera eramatearen sentsazioak?
Lasterketa batean lehenengo postuetan geratzea satisfazio handia izaten da niretzat, entrenamenduetan egindako lanaren saria delako.

Zure gorputzaren muga topatu al duzu?
Ez, oraindik ez dut nire gorputza mugara iritsi denaren sentsaziorik izan.

Hilekoak baldintzatzen al zaitu zure eguneroko jardueran?
Egia esan bai, nahiko gaizki eramaten dut eta lasterketetan edo entrenamenduetan eragiten dit. Halakoetan oso suabe entrenatzen dut eta lasterketa egunean tokatzen bazait, bi gauza gerta daitezke: lortu nahi dudan marka baino okerrago egitea, ala mina gainditu, amorrua atera eta espero baino askoz hobeto ibiltzea. Ez dago erdibiderik.

Zerk laguntzen dizu lasterketan zehar?
Familia, mutila eta entrenatzailarean hitzak dira lasterketan zehar aurrera egiten laguntzen didatenak.

Zein izan da kirolean izandako momenturik gogorrena?
Iaz Espainiako Triatloi Txapelketan bizikletaren katea atera zitzaidan eta denbora asko galdu nuenez, azken postuetan geratu nintzen.

Esango zenuke triatloia, runningarekin gertatu bezala, moda bilakatzen ari dela?
Baliteke, baina moda osasuntsua dela iruditzen zait. Halere, kontrola eraman behar da, jendeak askotan erokeriak egiten ditu eta gorputza muturrera eramaten du. Kirol jarduera kontrolatua izanez gero, ez dago arazorik.

Zer esango zenieke triatloian parte hartzea pentsatzen ari diren neskei?
Probatzeko eta entrenatzen hasteko. Ez dute inbertsio handirik egin behar, lasterketetan ibiltzen hasteko bizikleta norbaiti eskatu diezaiotela eta aurrera!

Materialetan inbertsio handia egin behar ez bada ere, lasterketetan parte hartzeko inskripzioak gero eta garestiagoak dira...
Bai, azkenaldian hala izaten ari da. Triatloiak antolatzen dituzten enpresek negozioa ikusi dute parte-hartzaileen inskripzioetan, eta gero eta garestiago jartzen dituzte. Nik ez dut batere ondo ikusten eta horregatik behin baino gehiagotan, prezio dela eta, ez dut triatloietan parte hartu. Halako bidegabekeriei aurre egiteko, lasterketa alternatiboak antolatzen ari dira hainbat hiritan.

Euskadiko Triatloi Federazioaren zuzendaritzan egongo bazina, zer nolako aldaketak jarriko zenituzke abian?
Lehenengo postuetan ibiltzen diren triatletekin kontzentrazio gehiago antolatuko nituzke, hauen jarraipena eginez. Beste federazioetan halako jarraipenak egiten dira, kirolariei laguntzeko. Juniorrekin egiten hasi badira ere, helduei ez diete behar duten denbora eskaintzen.

Eta generoaren ikuspegitik, laguntza edo babes ezberditasunik al dago mutil eta nesken triatloi taldeen artean beste kiroletan gertatzen den bezala?
Ez dut uste. Izan ere, generoaren aldetik nahiko kirol parekatua dela esango nuke.

Kirola eta sexua praktikatzeko mitoa: egia al da egun garrantzitsuetan ez dela komeni harreman sexualak izatea errendimendua jaisteko arriskua izaten delako?
Baliteke elitekoen kasuan hala izatea, nirean ordea, sekula ez didate halakorik gomendatu.

Triatleta izango ez bazina...
Beste edozein erresistentzia kiroletan ibiliko nintzateke, mendi lasterketetan, adibidez. Ez dut neure burua kiroletik kanpo imajinatzen.

Nola ikusten duzu zeure burua hogei urte barru?
Familia eta kirolaz gozatzen, beste maila lasaiago batean. Ikasitakoa irakatsiz.


Iboneren kuttunak


ABESTI BAT Amaren besoetan (Sorotan Bele).
LIBURU BAT La Princesa que creía en los Cuentos de Hadas (Marcia Grad, 1998).
PELIKULA BAT Braveheart (Mel Gibson, 1995).
LEKU BAT Suitza. Behin eta berriz bueltatuko nintzateke.
AMETS BAT Nazioarteko lasterketetan parte hartzea.
EZIN DUZU JASAN Azken ordukoak.
MAITE DUZU Gauzak pentsatu bezala ateratzea.