Hitzetatik haratago

Hitzetatik haratago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitzetatik-haratago/@@download/image/20125316949libu_1360608337.jpg
2012/06/01
elkarrizketa
Hitzetatik haratago
Ekainaren 1etik 3ra literaturzaleek antolatutako literatura topaketek hartu dute Larrabetzu. Iñigo Astiz eta Eric Dicharry bertan izango dira; iruindar kazetaria bata, lapurtar antropologoa bestea. Biak idazleak, biak literaturaz mintzatzeko prest.

1. Nola ikusten duzu gaur egungo euskarazko literatur ekoizpena?

2. Zer deritzozu beste hizkuntzetatik euskarara itzulitako literaturari buruz?

3. Nola egin euskal literatura atzerrian ere ezagutu dezaten?

4. Paperaren krisiak ba al du konponbiderik?

5. Zer behar dute gazteek literatura erakargarri ikus dezaten?

6. Eta nola egin idazten has daitezen?

7. Zer behar du idazle batek sorkuntza prozesuari ekiteko?

8. Gaur egun, posible al da originala izatea?

9. Garai batean euskara gal ez zedin eta beronen konstantzia gera zedin idazten zuten euskal idazleek. Gaur egun, zergatik idazten du euskal idazleak?

10. Zergatik poesia?

11. Irakurri duzun azken obra…

12. Gomendatuko zenukeen euskal liburu bat…

Iñigo Astiz: "Euskal gazteek idazten dute!"



1. Kultur kazetaria izanik, erraz jarraitzen ditut euskal sortzaileen nondik norakoak, eta euskarazko literaturan, nik behintzat, gustuko gauzak aurkitzen ditut. Ez naiz euskal literaturaren argazki orokor bat egiteko gai, baina argi dut beste hizkuntzetan egindako obretan aurkitzen ez ditudan osagaiak aurkitzen ditudala gurean, eta horrek erabat asetzen nau.

2. Itzulpenak beharrezkoak dira, noski! Orain, gainera, erderetan idatzitako poesia euskarara itzultzeko joera berrindartu da, eta zoragarria da. Poesia horietako asko jatorrizko hizkuntzetan ere irakurri ditut, baina euskarara itzultzeak sorkuntzarako tresnak eskaintzen dizkigu; hau da, esaldiak egiteko moduak, etab. jaso ditzakegu.

3. Itzulpenak beharrezkoak dira kasu horietan ere, baina nik, egia esan, ez ditut irakurtzen, eskizofreniko sentitzen naizelako euskarazko lanak erderaz irakurtzen! — barrez—.

4. Kazetari naizen aldetik, larriagotzat dut papereko kazetaritzaren krisia literaturakoa baino, ondorio zuzenagoak baititu. Egunkariek Interneten jarraituko dute eta liburuak ere beste formatuetan irakurri ahal izango dira; baina azken hauek errazago biziraungo dute paperean egunkariek baino.

5. Jende guztiak galdetzen du ea zergatik ez diren gazteak hurbiltzen ekimenetara, elkarteetara, etab. Ba eskura jartzen ez zaielako eta erakargarri ikusten ez dutelako. Izan ere, haiengana iristea erraza da egun Sarearen bidez. Dena den, badaude literaturara hurbiltzen diren gazteak, ez dakit nahikoa ote diren, baina badaude; ez naiz apokaliptikoa horretan.

6. Euskal gazteek idazten dute! Sortzea ez da soilik liburua bat argitaratzea; libururik kaleratu ez duten idazle asko baitaude, eta Facebooken, Twitterren, blogetan… ere oso oso gauza burutsuak idazten dituen jende mordoa dago.

7. Literatura nahikoa tresna pobrea da, eta ez da ia ezer behar; ideiaren bat akaso, baina ezta hori ere: susmo batekin, jolasteko gogoarekin… aski duzu. Pentsatu behar duzun bakarra zera da, une horretan ordenagailuan idaztea dela komunikatzeko duzun tresnarik egokiena, beste bitarteko bat aproposagotzat baduzu, horixe erabiliko baituzu.

8. Originaltasuna ez da lan baten kalitatea neurtzeko modu bakarra. Basho izeneko poeta japoniar batek zioen berak ez zuela bide berririk irekitzen, antzinakoek bilatzen zuten bera bilatzen zuelako, eta horrek egiten zuen berritzaile.

9. Oso era natural eta antinaturalean bizi dut euskararen kontua, badakidalako munduaren zati handi bat ez dela hala bizi, eta aldiz, niretzako arrunta delako. Euskarazko, gaztelerazko edota ingelesezko liburuak irakurtzen ditut, zein hizkuntzatan idatzirik dauden ohartu gabe. Nire lanak euskaraz idazteak ez du eragin handirik hizkuntzaren iraupenean; euskarazko kazetaritza egiteak, aldiz, bai.

10. Idazten hasten naizen unean kontatu nahi dudan hori adierazteko modurik onena dela uste dudalako. Hala sentituko ez banu, beste bitarteko bat erabiliko nuke.

11. El Canto (2003) C. K. Williamsena; baina gau-mahaian hainbat liburu ditut, txandaka irakurtzen ditudanak.12. Harkaitz Canoren Twist (2011).  

Eric Dicharry: "Irakurri ditugun testuekin idatziak gara"


1. Bi bereizketak egingo nituzke. Lehena geografikoa. Joan den apirilan Sarako biltzarrean nintzen, eta konturatu nintzen euskaraz idazten duten idazle gazte guttik parte hartu zutela. Iparraldean euskaraz argitaratzen den literatura mikro kosmos bat da. Euskaraz argitaratzen diren idazle gazteak bi eskuekin zenbatzen ahal dituzu. Eta hau iparraldeko literurarako ez da batere seinale ona.

Bigarrena bereizketa, kalitatearena. Kalitatea eta kantitatea usu antinomikoak dira. Nik betidanik nahiago izan dut kalitatea zaintzea kantitatea baino. Niretzat garrantzitsua den galdera ez da nola ikusten dudan gaur egungo euskarazko literatur ekoizpena, baizik eta nola ikusten dudan gaur egungo euskarazko literaturaren erabilpena: zer nolako harremana dugu literaturarekin?  Zeure buru ertzean uzteko bada, ez duzu libururik erosi behar. Libururak mentalki bidaiatzeko eginak dira, eta baita pentsarazteko ere. Ideiak sortzeko. Pentsa moldeak asmatzeko.

2. Nik Bukowski euskaraz ezagutu nuen. Auster inglesez. Barthes frantsesez. Kajsa Dahlberg espaniolez. Ekarpen positiboak edonundik etortzen ahal dira. Nik ingurumenaz sinesten dut. Zure ingurumena aldatzen baduzu zu ere aldatuko zira. Faltatzen zaiguna da jakitea zein ingurumena nahiago dugun. Literatura ingurumena hautatzekotan lagungarri izan daiteke.

3. Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe eta beste batzuk Madriltik pasatu ziren nazioarteko errekonozimendua lortzeko, eta bertako sariak eskuratuta munduraino heldu dira. Baina geure uste dut nazioarteak interes eskasa duela literaturarekiko; Pen Kluba iniziatibari esker agian gauzak aldatuko da. Beti baikor izan behar da, bestela karramaroek geure izaerak janen dizkigute. Euskal Herrian liburu frango argitaratuak izan dira. Eta gaur egun liburu frango argitaratzen dira. Hortik hasi behar da. Argitaratuak izan ziren liburuak ondo ezagutu behar dira. Bere literatura ezagutzen ez duen herri bat herri eri bat baita. Batzuetan, gainera, euskaraz idatziak diren liburuek munduko literatura ezagutzeko parada oparitzen dizute. Joseba Sarrionandiari esker adibidez, milaka testu, milaka autore ezagutu ditzakezu. Hau da literaturaren marka bat. Literaturak usu literaturari buruz hitzen egiten baitu. Zaletasuna horrela hasten da. Liburu bat irekitzen duzu eta beste liburu batera eramaiten zaitu. Prozesua ad infinitum da. Hortik dator literaturaren atrakzioa.

4. Papera, zibilizazio baten aztarna bat bilakatu da. Gu orrialde artean hazi ginen eta gaur egungo gazteak pantaila baten aurrean hazten dira. Galdera da non eta nola elkatuko ditugun biak. Niri berdin zait papera edo digitala, mamia baita garrantzitsuena. Azken finean, gelditzen dena hitza da. Eta hitzaren azpian edo atzean, ideia. Gaur egun ideiak falta dira. A-kritizismoa errege bilakatzen baita.

5.
Literatura bizi. Eta biziz gero, plazera sentitu. Zergatik dira erakargarriak gauzak? Plazera erakartzen dutelako. Plazera polimorfoa izan daiteke, eta literatura ere mila gauzetarako izan daiteke erakargarri: burmuina bultzatzeko, besteekin hobea bizitzeko, bidaia mentalak egiteko, gizartea hobekiago ulertzeko, galdera batzuei arrapostuak aurkitzeko, herstura konprenitzeko, hitz berriak barneratzeko, lengoia menperatzeko... Denok, irakurri ditugun testuekin idatziak gara. Literaturak, nola edo hala, aberastu egiten gaitu. Inoiz ez da berandu idazteko, ezta irakurtzeko ere.

6. Idaztea beti jolas bat izan behar da. Idazleek hitzekin jolasten dute. Filosofoek konzeptuekin. Pilotariek pilotarekin. Haien artean ez dut desberdintasun handirik  ikusten. Plazera da garrantzitsuena. Sufrimenduak beti plazeraren atzean  egiten du korrika. Niretzat idaztea ez da lana, plazer ariketa baizik. Hitz batekin hasten zara. Hitzak beste hitz batera eramaten zaitu. Baina lehen idazten nuen bezala, laster konturatzen zara hitzen azpian ideiak badirela. Eta hitzak ideien lagunak dira. Idazteak bizirik mantentzen zaitu, eta nik bizirik nagoela ulertzeko idazten dut. Dena den, idazten duen bakoitzak bere arrazoiak ditu.

7. Batzuk talka une bat bizi ondoren hasten dira idazten; beste batzuk liburu artean haziak dira; badago beste norbaitentzat idazten duen idazlerik, edota haientzat egiten dutenak. Ez dago egia bakar bat, bakoitzak berea du. Nik sortzen dut ezagutzen dudan munduarekin ez naizelako ados. Desadostasun horrek paperera eta teklatura eramaten nau. Bidegabekoak ez baititut jasaiten.  Bahituak izan diren bihozkadak eta hunkipenak askatzeko idazten dut, horrek bultzatzen nau.

8. Dena asmaturik dagoela esaten dutenak kontserbadoreak dira, izan ere, asmakizunak bizitzarekin egiten du bat. Plagioak badira noski, baina plagioak ez dute deusik ekartzen. Originala izanez unibertsaltasunaraino heltzen zira, unibertsaltasunaraino heltzeko bide bakarra baita, unibertsaltasunaraino heltzeko zarena izanez heltzen baitzira. Originaltasuna hazi behar da, lapurtu ezin den gauza bakarra baita.

9.
Metafora bat baliatuz erantzunen dizut. Gizon batek zergatik hartzen du harnas? Azken batean, literatura gabeko herririk ez dago munduan. Batzuetan ahozkoa da, batzuetan idatzikoa, baina beti literatura. Ados naiz zurekin Euskal Herrian literaturaren funtzioak aldatu egin direla diozunean, baina literaturak milaka funtzio ditu. Funtzioen translazioan bizi gara, baina horrek ez dizkio oraingo funtzioak kentzen literaturari.

10.
Ez dut uste idazten dudana poesia denik. Transgeneroa da gehiago. Testu batzuk ahoskatzeko idatziak izan dira, eta beste batzuk irakurtzeko. Baina beti mugak galdezkatzen ditut. Dena den, bidea ez da liburuarekin bukatzen, alderantziz baizik: orduan hasten da abentura. Orain, liburuko materialarekin performanzak eginen ditut. Musikariekin. Literatura literakzio bat baita. Azken finean, freskotasuna ekartzeko idazten dut.

11. Ludwig Josef Johann Wittgensteinek idatzitako Tractatus logico-philosophicus (1921).

12. Hatsak urtean argitaratzen den olerki bilduma gomendatuko nuke, nahiko heteroklitoa baita. Eta beste bat: Paddy Rekalderen Spray (2011).