Hezkuntza inklusioaren bidean

Hezkuntza inklusioaren bidean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/12/26
erreportajea
Hezkuntza inklusioaren bidean
Gizartearen egituraketak hala eskatuta, ‘inklusioa’ gero eta entzunagoa den berba da gure artean. Inklusioa gizartean, lan merkatuan, eta nola ez, hezkuntzan. GAZTEZULO unibertsitatera abiatu da, hezkuntza arloan inklusioa zertan den ezagutzera.

Ander Cornejok 23 urte ditu, eta Kazetaritza ikasketak egin ostean, Komunikazio Korporatibo Masterra bukatzen ari da. Txikitan, erretinoblastoma gaixotasuna atzeman zioten, eta harrezkero, itsua da. Ikusi ezintasun horrek, ordea, ez du kikildu Gallartako gaztea, eta  irudiak horrenbeste esangura duen kazetaritza munduan murgiltzea erabaki zuen. Anderrek berak aitortu digunez, ibilbidea erabat laua izan ez den arren, ikasturte guzti hauetan ederki moldatu da. "Eskola eta institutu garaian, IBT (Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko Baliabidetegia) delako zerbitzuaren laguntza izan nuen, hau da, laguntzaile espezializatua izaten nuen, batez ere, ikusmena ezinbestekoa zen irakasgaietan, matematiketan esaterako".

Unibertsitatera iritsitakoan, Anderrentzat gauzak aldatu egin ziren apur bat, han jada ez zuen espezializatutako laguntzailerik izan ondoan. Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako EHUko Zerbitzuaren bidez, ordea, unibertsitatean behar izan dituen baliabide guztiak izan ditu eskura.

Ikasturtea hasi aurretik, Orientazio Zerbitzuko teknikarien laguntzaz, Anderrek EHUko Leioako Campusaren bazter eta txokoak bisitatu zituen. Arlo akademikoari dagokionez, irudiak aparteko garrantzia zuen irakasgaietan, fotokazetaritzan, diseinu grafikoan, eta ikusentzunezko komunikazioan, esaterako, zailtasunak izan zituen, irakasgai horren funtsa irudien edizioa delako, eta Anderrek ezin duenez ikusi, irakasleak Ander ebaluatzeko beste sistema bat bilatu behar izan zuten.

Osterantzean, Anderrek aitortu digu ez duela zailtasun berezirik izan. Ordenagailuko pantaila irakurgailuaren bidez, eduki gehienak eskura eta irakurgai izan ditu. "Ordenagailua nire boligrafoa da; horrekin idazten dut, horrekin jasotzen ditut e-postak, horrekin irakurtzen dut. Ordenagailuaren teklatuarekin eta aurikularrekin, behar dudan guztia daukat". Unibertsitatean aurkitu duen abantailetako bat lanak taldeka egitea izan da. Anderrentzat oso baikorra izan da naturaltasun osoz hartu izana.

EHUko irisgarritasunari dagokionez, oraindik asko dago egiteko Anderren ustez. Ikusmen arloari dagokionez, irakasleekin hitz eginez eta komunikazioa landuta, EHUko Leioako Campusa nahikoa irisgarri dela iruditzen zaio. Nola nahi ere, zerbait hobetzerik balego, Anderrek arlo digitaleko irisgarritasuna hobetuko luke, baliabideak erraztu eta informatika geletan pantaila irakurle gehiago ezartzea, esaterako. Bestela esanda, "norberaren ordenagailuaren menpe egon behar ez izatea".

Irisgarritasun arazoak

Ander bezala, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako EHUko Zerbitzuaren bidez iritsi zen Itziar Perez Leioako Campusera. Sortzetik miastenia duen 24 urte gazte hau, Matematika lizentziaturako azken ikasturtea ikasten ari da. Miastemia gaixotasun arraroen taldean sailkatuta dagoen eritasun neuromuskularra da. 10 hilabete zituela diagnostikatu zioten gaitza, eta pauso batzuk eman ditzakeen arren, gurpildun aulkian ibiltzen da.

Itziarrek unibertsitatean aurkitu dituen arazorik handienak irisgarritasunarekin loturik daude. Gurpildun aulki elektrikoa erabiltzen du, eta unibertsitate barruko desplazamendu guztiak berak bakarrik egiten ditu, komunera doanean izan ezik. Kasu horretan, Pilarrek, berezitutako laguntzaileak, laguntzen dio.



Ongi gogoratzen du unibertsitateko aurreneko urtean gurpildun aulkiarekin oso deseroso egiten zitzaiola gelarik gela aldatzen ibili beharra, Zientzia Fakultatean desgaituentzako igobideak nahiko murritzak direlako: "Fisika irakasgaia Paraninfoan ematen genuen, gela arruntean ez ginelako denok sartzen, eta paraninfora joaten nintzenean, gurpildun aulkia aretoaren goiko aldean utzi, eta laguntza eskatu behar izaten nuen zenbait eskailera jaisteko".

Azken urteetan, irisgarritasunari dagozkion kontu asko hobetu diren arren, gaur egun badago zer egin, esaterako, liburutegian. Bigarren solairutik gora ez dago igogailurik, eta komunak ez daude elbarrientzat egokituta: "Narratiba arloko liburuak dauden tokira, 6.solairura, joan nahi badut, telefonoz deitu behar dut eta EHUko beharginak etorri behar dira, zenbait ate ireki, igogailua hartu eta liburutegira iristeko".