Hau ez da martxoko GAZTEZULO

Hau ez da martxoko GAZTEZULO https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/02/08
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Hau ez da martxoko GAZTEZULO
Ez, hau ez da martxoko GAZTEZULO, otsailekoa da. Eta ez, emakumeen kontrako indarkeria ez da soilik martxoaren 8aren karietara editorialetara ekarri behar dugun zerbait, hilabetero, astero, egunero gure etxeetan, lantokietan, etxeetan milaka emakumek pairatzen duten biolentzia onartezina baizik. Beraz, berdin dio zein hilabetetako aldizkaria den esku artean duzuna, komunikabide garen heinean indarkeria matxista salatzeko hilabete guztiak baitira egokiak.

Hasieratik argi eta garbi utz dezagun: emakume baten kontrako eraso matxistaren arduraduna erasotzailea da. Pertsona da, eta izen-abizenak ditu. Baina horrek ez gaitu gizarte bezala dagokigun erantzukizunetik libratzen. Guri ere badagokigu arduraren zati bat, eta kasu honetan, komunikabideoi badagokigu zati handi bat. Eguneroko erasoak ezkutatzea konplize izatea da. Baina oro har emakumea gutxiesten duen komunikazioa lantzea ere bai. Eta baita alor guztietako gaien tratamenduan emakumea ezkutatzea ere. 

GAZTEZULOn urteak daramatzagu emakumeen eskubideak errespetatzen dituen kazetaritza egiten saiatzen, eta saiakera horretan ziur akatsak ere egingo genituen arren, betaurreko moreak jantzita lan egiten jarraitzeko asmo irmoa dugu. Ez dugu emakumea objektu sexual bihurtzen duen erreportajerik idatziko. Ez ditugu gizarte patriarkalak erreferente izatea nahi dituen gizonezkoak soilik elkarrizketatuko. Ez ditugu emakumeak gure azaletatik zein orrietatik desagertaraziko.

Komunikabideon lana da berdintasuna oinarri duen kazetaritza egitea. Baina, era berean, herritarron lana da, irakurle, entzule eta ikusleona, komunikabideok lan hori behar bezala egiten dugula kontrolatzea, egin dezagun exijitzea. GAZTEZULOn prest gaude luparen azpian jarriak izateko.