Harrotasunaren Egun bat egunerokoan indarrak irabazteko

Harrotasunaren Egun bat egunerokoan indarrak irabazteko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harrotasunaren-egun-bat--egunerokoan-indarrak-irabazteko/@@download/image/2011621799harro_1361379448.jpg
2011/06/03
erreportajea
TESTUA: Antxoka agirre
Harrotasunaren Egun bat  egunerokoan indarrak irabazteko
Johannesburg, Reykjavik, Budapest, Tokio, Jerusalem, Milan, Vancouver, Berlin, Belgrado… mundu guztian zehar ehundaka hiritan ospatzen da Harrotasunaren Eguna ekainaren 28an. Eta milioika lagunek hartzen du parte gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko ospakizunean: Sao Paulon 3 milioi lagun, Toronton eta San Frantziskon bina milioi, Madrilen milioi bat eta erdi… Kolorez eta ekimenez jantziko dira kaleak Euskal Herrian ere. Harrotasunaren egun bat egunerokorako sexu askatasunaren errespetua aldarrikatzeko.  

1969ko ekainaren 28an protesta olde indartsua piztu zen New Yorken Greenwich Village auzoko Stonewall In izeneko pub-ean poliziak gay-en aurka buruturiko sarekada bortitzari erantzunez. Ordutik, LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualak) kolektiboak data hori bere eskubideak aldarrikatzeko baliatu du. "Gorputza, sexualitatea eta nortasuna zapaltzen dituen sistemaren kontra oldartzeko eguna da" dio Ekaitz Herrero Gaztehgameko kideak.

Uda hasi berritan ospatzen da eguna, eta ez alferrik. Kalera atera eta euren aldarrikapenak eguzkipean, guztien bistara egiteko beharra baitu historikoki erabat baztertua, eta itzal artean giltzapetua izan den kolektiboak.

"Gaztehgamen lehen kanpaina nahiko esanguratsua izan zen: 'Dena lortua badago, zergaitik ezkutatzen zara?'. "Beldurra uxatu eta gordelekutik irten beharra dago" dio Herrerok. Honela, manifestazioak festarekin nahasten dira, pankartak koloretako globoekin, kontsignak jite guztietako mozorroekin.    
Bera Bilbon egin ziren ekitaldietan izan zen iaz. Manifestazioaren ondotik batukada-poteoan aritu ziren Zazpi Kaleetatik eta iluntzean EHGAMen sari banaketa jaialdia egin zuten Kafe Antzokian. "Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina banatzen dira urtero. Hirukia, sari ona, 80 egunean filmeko partaideei eman zitzaien; eta espartina, sari txarra, Bilboko Udalari", kontatzen du. Udalak eremu publikoa arautzen zuen ordenantza bat argitaratu zuen iaz, kalean afektibitate sexualeko adierazpenak debekatzen zituena, eta jarrera zapaltzaile hori salatu nahi izan zuten. "Afaria, hainbat ikuskizun antolatu genituen sari banaketaren inguruan. Hura bukatutakoan gazteok parrandara eta helduagoak direnak lotara. Kar, kar, kar" kontatzen du algortarrak.

Aurtengoaren antolakuntza lanak nahikoa bideratuta dituzte. Festari buruzko xehetasun gehiegi ez ditu aurreratu, baina egin nahi duten salaketa nagusia bai: lan erreformaren aurka altxa nahi dute euren ahotsa. "Lan munduan homofobia eta lesbofobia oso hedatuak daude. Eta transfobia zer esanik ez. Orain, krisiarekin eta geroz eta larriagoa den prekarietateari esker fobia hauek guztiak nabarmen azaleratzen dira ERE eta kaleratzeetan. Transexualak dira kalera botatzen dituzten lehenak" esplikatzen du.

Kolektiboa Euskal Herrian

EHGAM da Euskal Herriko sexu askapenerako lehen erakundea, 35 urte egingo ditu aurten, eta bertatik sortu zen Gaztehgam duela hiru urte. "Gazteok ez dugu arazorik helguagoekin lanean aritzeko, eta hala egiten dugu askotan. Baina gure egoera ezberdina da. Leku ezberdinetatik eta leku desberdinetara mugitzen gara. Hausnarketa horretatik sortu zen bide berri hau" kontatzen du. Disidentzia sexual gisa definitzen du euren burua, sistema heterosexista onartzen ez duen subjektu aktiboen kolektibo gisa. "Gure artean heteroak ere egon daitezke. Sistema heterosexualak inposatzen ez dituzten heterodisidenteak. Aniztasuna da gure indarra eta ez diogu inori aterik ixten".

EHGAM, Gehitu, Hegoak, Bizigay, Queer Ekintza, MDM, Emakin, Euskalhartzak, Garaipen, Ala-ala, Gehitu, Kattalingorri, Mass-medeak… Aniztasunaren haritik tiraka kolektiboak Euskal Herrian hamaika erakunde dituela komentatu diogu. Kolektiboa atomizatua dagoela aitortzen du, baina printzipioz elkarlana dela nagusi euren artean. Hala ere, talde erreformisten eta iraultzaileen arteko bereizketa ere egiten du. "Batzuk legeetan erreformak egitera mugitzen dira. Gizartean inposatzen diren ereduak dira, ordea, arazoa; askoz sakonagoa. Harreman eredu bat inposatzen da, heterosexuala, rol jakin batzuk, sistema patrialkalarenak, betetzen dituzten gizon eta emakumeen artekoa. Gorpuzkera patroi zurrun batzuk inposatzen dira, genero patroi zurrun batzuk, sentitzeko eta sexua bizitzeko patroi zurrun batzuk… Hori dena irauli beharra dago eta nork bere askatasuna errespetatuz, malgutasunez funtzionatzen ikasi", dio.

Gazteen artean

Gizarteak gai honen inguruan dituen jarreretan azken urteotan aurrerapausu nabarmenak direla esan ohi da. Algortarrak ez dauka horren garbi, eta kontrako norabidea seinalatzen duten fenomenoak ere nabaritu daitezkeela dio: "Gazteen artean gertatzen dira eraso eta irainik larrienak… Gure ustez oso kezkagarria da hau eta analisi sakon bat eskatzen du".

Maiatzaren 17an, homofobiaren aurkako eguna zela eta, Bilboko PPren egoitza aurrean egin zuten elkarretaratzea izan da buruturiko azken ekintza. Borroka molde berritzaileak plazaratzen saiatzen direla dio Herrerok: "Gaur kontzentrazio bat egin dezakegu Opus Dei egoitza aurrean, bihar preserbatiboak banatzen egon gaitezke eliza baten atarian, asteburuan triki-poteo zirikatzaile batekin dantzan, hurrengo asteburuan PPko mitin batean muxukada masibo bat egingo dugu… Queer praktika bete betean geureganatzen saiatzen gara, hau da, nork bere irudimenari mugarik ez jartzen".

Urteak 365 egun ditu. Eta kolektiboaren ekimena ez da mugatzen ekainaren 28an Harrotasunaren Egun bat antolatzera. Gaztehgamek irailaren 28an transexualitatearen despatologizazioaren nazioarteko eguna ospatzen du. Azaroaren 6rako Kristallnahct edo Kristal Apurtuen Gaua antolatu nahi du, faxismoaren aurka, SOS Arrazakeria eta Sare Antifaxistarekin batera… "Hitzaldiak ere antolatzen ditugu, Pink-Pank-Punk irratsaioa, ostiralero herri batean topaketa parranderoa egin…".

Armairutik ateratzera animatzea beharrezkoa dela iruditzen zaio. "Armairu barruan egoteak norberari bakarrik egiten dio kalte. Nork gure bizia nahieran bizitzeko indarra izan behar dugu" dio. Baina hori ere modu natural batean egin behar dela azpimarratu nahi du: "Armairutik irtetea gure nortasuna lau haizetara zabaldu eta justifikatu beharrarekin nahasten badugu, oker gabiltza. Nik, adibidez, nire lagunei ez nien ezer esan. Egun batean beste mutil batekin musuka ikusi ninduten eta kito! Galdetu zidaten ea gaya nintzen. Neuk ezetz esan nien, Ekaitz nintzela".

Ekainaren 28an Donostian manifestazioa egingo dute 20:00etan Bulebarretik abiatuta. Kursaala harrotasun gay-lesbikoen koloreekin argiztatuko da. Bilbon Moyua plazatik aterako da ordu berean… Zazpi kolore eta mila ekimen izango dira aurtengo Harrotasunaren egunean; bakoitzak aukera dezala gehien interesatzen zaiona.