Gizartea mugiarazteko sua

Gizartea mugiarazteko sua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gizartea-mugiarazteko-sua/@@download/image/deabrauk_1435567559.jpg
2015/07/13
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
Gizartea mugiarazteko sua
Herrialde Katalanetako Correfoc tradizioa oinarri hartuta, Euskal Herriko kaleak su piroteknikoz berotzen dihardute Lekittoko Deabruek. Uda honetan, gure gizartean bizi ditugun arazoak hizpide dituen ‘D. K. Dance’ ikuskizuna estreinatuko dute.

Agian ikusi dituzu, zure herriko kaleetan, sua, txinpartak, kea eta eztandak lagun dituztela, giroa berotzen. Lekittoko Deabruak dira, Herrialde Katalanetako Correfoc tradizioaren iruditeria Euskal Herrira ekarri eta jai giroan infernua lurrera dakartenak.

Herriko hainbat gaztek osatzen duten taldea 2012an sortu zuten, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiaren karietara. "Gorka Rodriguez taldekideak buruan zerabilen Correfoc-en antzeko zerbait hemen egiteko aukera, eta proposamena egin zion Udalari. Baiezkoa jaso ostean, taldea osatzeari ekin zion. Horretarako, Aittitta Txiki kultur taldeko jendearengana, antzerki munduan ibilitakoengana zein, besterik gabe, sua gustuko dugunongana jo zuen", azaldu du Lander Guenaga deabrukideak.



Hasiera batean, Kale Antzerki Jaialdian egin beharreko ikuskizuna zuten helburu, eta Guenagaren hitzetan, emaitzarekin oso gustura geratu ziren: "Oso ondo atera zen, publikoak bikain erantzun zuen, eta guk geuk ere hain ondo pasatu genuen, aurrera egitea erabaki genuela". Hala, beste herri batzuetako taldeekin zituzten harremanak baliatuz, sua plaza berrietara eramaten hasi ziren. "Herri askotan egon gara eta 30 ikuskizunetik gora egin ditugu. Adibidez, Bilboko Konpartsekin aurten hirugarrenez izan gara San Juan bezperan Etxebarria parkean, eta Eibarren ere hiruzpalau aldiz egon gara, futbol taldea zein tabernariak tarteko direla", azaldu du Guenagak. Herri bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak direnez, ikuskizun bakoitza ere halakoxea izaten da, baina badira batzuk maitasun bereziz gogoratzen dituztenak: "Donostian iaz 11 Koloreren Aniztasunaren Festan bizitakoa oso hunkigarria izan zen, eta, nola ez, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian egindakoa beti gogoratuko dugu".

Dramatizazioa
Su piroteknikoa dute tresna nagusi, baina ez dira horretara mugatzen, eta egiten dituzten ikuskizunak antzezpen eta istorioz janzten dituzte. Lekeitioko estreinaldikoan, adibidez, Aste Santuetan herrian santuekin batera ateratzen den Mingorri deabruaren kondaira izan zuten hari gidari. Akelarrea eta Euskal Herriko kalejira tradizioa ere izan dituzte girotze-lagun.

Uda honetan, baina, aurrerapauso nabarmena emateko apustua egin du taldeak, eta D. K. Dance izeneko ikuskizuna prestatu dute, dramatizazioari berebiziko garrantzia emanez. Antzezpenean, jendea pasibotasunera eta indiferentziara kondenatzen duen birus lazgarri bat izango da protagonista, baina klandestinitatean lanean ari den gudari talde batek birusari aurre egiteko antidotoa aurkituko du: dantza egitea. "Gizartean gaur egun ditugun arazoetan oinarritu gara, eta suarekin batera interpretazioak eta istorioaren garapenak indar handia izango dute", argitu du Guenagak.

Datozen ikuskizunak



D. K. Dance ikuskizuna hilaren 14an estreinatuko dute Santurtziko jaietan, eta udan zehar hainbat lekutan izango dira, uztailaren 19an Markinan edota abuztuaren 9an Sodupen, adibidez. Aurretik, ordea, euren plaza kuttunera bueltatuko dira, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdira, eta han ere ikuskizun ezin bereziago bat aurkeztuko dute uztailaren 11n: Foc ta Ke. Herrialde Katalanetako tradizioarekin bat egingo dute lekeititarrek, Diables Mussols Sokarrats taldearekin elkarlanean.

www.lekittokodeabruak.com