Geologoak Supermanen koban

Geologoak Supermanen koban https://www.gaztezulo.eus/albisteak/geologoak-supermanen-koban/@@download/image/20128283847zien_1360242169.jpg
2012/09/07
erreportajea
Testua: M. Jesus Irabien Gulias eta M. Karmele Urtiaga Greaves. Mineralogia eta Petrologia Saila. Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU.
Geologoak Supermanen koban
Nola eratu ziren Naica-ko (Chihuahua, Mexiko) meatokiko Cueva de los Cristales Gigantes izeneko koban dauden igeltsuzko kristal erraldoiak? Gerta daiteke egun batean edozein bisitarik altxor horrekin gozatu ahal izatea?

XX. mendeaz geroztik ezagunak dira Naicako berun eta zilar meategietan agertzen diren tamaina handiko igeltsuzko kristalak. 1920an, 120 metroko sakoneran lanean zihardutela, bertako meatzari talde batek ezohiko luzeradun kristalez (bi metrora artekoak) estalitako harpe bat aurkitu zuen; haien morfologia bereziari erreferentzia eginez, Cueva de las Espadas izena jarri zioten.

Larogei urte geroago, 2000ko apirilean eta 170 metro sakonago, gehiago azaldu ziren. Orduan, ustiatze lanetarako beharrezkoa zen ur beroaren kanporatze lan konplexuetan zebiltzan bi meatzarik topatu zuten aurrerantzean Cueva del Ojo de la Reina deituko zen zortzi metro inguruko geoda. Handik egun gutxira, edozein zinemazaleri Superman film ospetsuaren eszenatoki famatuenetariko bat gogoraraziko diona aurkitu zuten: hamaika metrora arteko luzera eta metro batera arteko lodiera duten kristal gardenez guztiz estalitako leizea. Nola ez, Cueva de los Cristales Gigantes izendatu zuten. Kristal batzuk zuzenean zorutik hazten dira. Beste batzuek, ordea, gatzariak balira bezala, alderik alde zeharkatzen dute koba. Inguru baldintzak muturrekoak dira bertan: tenperatura 45-50ºC-koa eta hezetasuna %90 baino handiagoa. Hau dela eta, gizaki batek minutu gutxi batzuez baino ezin du bizirik iraun babeserako ekipamendu egokirik gabe.

Dena dela, Granadako Unibertsitateko Juan Manuel Garcia Ruiz doktorearen taldeko zientzialariek barrura sartzea lortu zuten hain gauza miresgarria sorrarazi duten prozesuen ikerketa aurrera eraman ahal izateko.

Naicako kristal erraldoiak igeltsuzko (CaSO4 •2H2O) aldarte gardena den selenitaz osatuta daude. Haien sorrera argitzeko oso garrantzitsua izan da megakristal hauen baitako fluido-inklusioen azterketa egitea. Azken hauek minerala hazi zeneko jatorrizko likidoa harrapatu zuten burbuila txikiak dira. Burututako ikerketen arabera, kristalak 54ºCko tenperatura zuten gazitasun baxuko fluido urtsuetan murgilduta handitu ziren.

Dena den, kristal erraldoi hauek nola eratu ziren ulertzeko, lehendabizi, meatzean ustiatzen diren mineralizazioak sortu zituzten prozesu geologikoak kontuan hartu behar dira. Metaldun mineral hauek burdin- (pirita eta pirrotina), zink- (esfalerita), kobre- (kalkopirita) eta berun- (galena) sulfuroak dira gehienbat; bertako faila-sistematik higitzen zen tenperatura altuko eta gazitasun handiko gatzun batetik eratorriak. Prozesu hidrotermal honen azken etapetan, aurrerago sortutako sulfuroen oxidazioaz sortutako azido sulfurikoak arroka ostalaria osatzen zuten karbonatoekin erreakzionatu zuen anhidritaren (kaltzio sulfatoa, CaSO4) hauspeatzea baimenduz. Azken mineral honen disoluzioak, 58ºCtik behera, uretako sulfato eta kaltzio kontzentrazioen areagotzea ekarri zuen. Honen ondorioz, igeltsua kaltzio sulfato hidratatua (CaSO4•2H2O) suertatu zen, fase mineral egonkor berria.

Sinestezina dirudien arren, kristalek duten ezohiko tamaina erraldoiak inguruko baldintza geokimikoak milaka urtetan zehar iraunkor mantendu direla adierazten du. Izugarri geldo hazi ziren: giza-ile baten lodieraren tankerako luzera irabazi dute mende bakoitzeko. Duten tamaina eta hazkunde-abiadura kontuan izanik, hortaz, kristal hauek ehundaka mila urte izan ditzakete.

Baliteke etorkizunean Cueva de los Cristales Gigantes ikuskizun turistiko bilakatu eta guztiok bisitatzeko aukera izatea? Hori nekez gertatuko dela dirudi. Alde batetik, igeltsuzko kristalen iraupenerako lehen aipatutako muturreko tenperatura eta hezetasun baldintzak mantendu behar direlako, bisitarientzat jasanezinak. Eta, bestalde, koba betetzen duen ura gatzari formako kristalen euskarria delako eta, hortaz, ur hau turisten mesedetan ateratzeak megakristalen makurdura eta apurketa ekar lezakeelako. Dena den, Juan Manuel Garcia Ruiz ikerlariaren esanetan "hain da sistema berezia, polita eta zientifikoki interesgarria, ezen ura ateratzen jarraitzeak eta Naicako koba museo natural bilakatzeak merezi baitu". Bere iritziz, leku paregabe honek gizon-emakume guztien ondarea izan beharko luke.