Gazteolinpiadak: kirola baino gehiago

Gazteolinpiadak: kirola baino gehiago https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/09/10
erreportajea
Fabio Gonzalez. EGK-ko parte-hartze teknikaria
Gazteolinpiadak: kirola baino gehiago
Kirolaz hitz egiterakoan, garrantzitsuena parte-hartzea dela entzun ohi dugu txikitatik. Bada, gazteen, kirolaren eta parte-hartze sozialaren arteko lotura aldarrikatzeko eta indartzeko asmoz, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere lehenengo GazteOlinpiadak egingo ditu 2015eko irailean eta urrian, EAEko hiru hiriburuetan.


Bitxia bada ere, elkartegintzan murgiltzen garenok sarritan ahazten dugu kirol klubak ere elkarteak direla eta balio eta jarduera sozialki arduratsuak bultzatzen dituztela. Azken urteotan, gainera, gero eta gazte gehiagok parte hartzen dute kirol taldeetan, elkartegintzaren alorrean mota horretako elkarteen pisu espezifikoa handituz.

Jakin badakigu kirolaren bitartez hainbat balio bultzatzen direla, hala nola,  talde-lana, elkartasuna, hobetzeko grina edota garaipenaren eta porrotaren kudeaketa. Aldi berean, ezin da ahaztu kirol taldeetan aritzearekin batera partaidetzari lotutako elementu asko ere abian jartzen direla, besteak beste, erantzukizuna, antolakuntza-gaitasuna, inguruaren hobekuntza edota gizarte-loturen eraikuntza.

Hori guztia kontutan izanda, gizarte osasuntsu batek kirol sare indartsu bat behar du. EAEn garatu den sare hori zaintzeko, hobetzeko eta zabaltzeko beharra dugu, eta zeregin horretan gazteak ezinbestekoak dira.

Zentzu berean, kirola gazteentzako tresna bihur daiteke. Alde batetik, gazterik gabe ez dagoelako kirol sarerik, eta, bestetik, gazteei gizartean dagokien papera bistaratu behar delako; hau da, kirolaren praktikaren eta kirol kluben bidez gizartean dagoen arazo demografikoaren (gero eta gazte gutxiago dago) eta gazteek berreskuratu behar duten lidergo sozialaren gaiak agenda publikoan sar ditzakegu.

Beraz, kirolak gazteei eman diezaiekeena eta gazteek kirolari eman diezaioketena aintzat hartuz, GazteOlinpiadek berebiziko bultzada eman nahi diote parte-hartzeari. Irailaren 19an, Bilbon, ikusmen-urritasuna duten lagunei zuzenduta dagoen kirola den Goalball txapelketa egingo da; kasu honetan gazteria osoak parte har dezan zabalik egongo da, ikusmen-urritasuna izan ala ez. Irailaren 29an, Gasteizen, saskibaloiaren txanda izango da. Eta, azkenik, urriaren 18an, Donostian, boleibolean arituko gara.

GazteOlinpiaden planteamendu osoa parte-hartzailea eta barne-hartzailea izan da hasieratik. Horregatik, aniztasun funtzionala kontutan hartuko da eta lehiaketa guztiak mistoak izango dira, neskak eta mutilak elkarrekin arituko dira. Horrekin batera, gazteek kirolean identifikatzen dituzten balio parte-hartzaileak jasotzeko dinamikak ere landuko dira.

GazteOlinpiadetan parte-hartu ahal izateko baldintza bakarra 16 eta 30 urte bitartekoa izatea da. Izena egk.org atarian eman dezakezu. Hartu baloia eta zatoz kirola baino askoz gehiago egitera!