"Gaurko aldaketak tradizio izango dira bihar"

"Gaurko aldaketak tradizio izango dira bihar" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/06/13
elkarrizketa
Testua: Igone Mariezkurrena
"Gaurko aldaketak tradizio izango dira bihar"
"Habia utzi duten zure moduko txorientzako errezetak" dio Pagotxa.eus atariko ongietorriak. Euskal eta euskarazko errezetategi intuitibo erraza proposatzen dihardute sukaldean lehen esplorazioak egitera animatu den ororentzat. Javi Rivero (Billabona, 1991) eta Imanol Zubelzu (Tolosa, 1994) sukaldariak daude atzean, azken honen bitartez jakin dugu gehiago.

Ama eta amona omen dira zaletasuna zena ogibide bilakatu izanaren errudun, horregatik "beti" defendatuko ditu haien "esku eta koilarak". Jendearen zoriontasuna eta irribarrea gastronomiaren bitartez erdiesteak liluratu egiten du Imanol Zubelzu; eta, ‘RZ’ berriak sortzeko arrazoiak soberan dituela dio.

Proiektua martxan jarri aurretik behaketa lan handia egingo zenuten webgunea benetako beharretara egokitzeko… zein da Pagotxaren premia duen erabiltzaile tipoa?
Ez dugu adin, sexu edota bizimodu zehatzik identifikatu, Pagotxa edonorentzat da! Errezeta mota eta tonua gazteei begira pentsatua dago baina, hortik aurrera, gure errezetategia edonork erabil dezake.

Baina, zein da erabiltzaileen gabezia handiena?
Informazio pila eskura eduki arren, jakintza falta da: ondo jan nahi izatea, baina nola ez jakitea; hori konpondu nahi dugu. Hemendik gutxira erabakitzeko eta erosteko boterea edukiko duten kontsumitzaileen irizpidea garatzea oso garrantzitsua da; benetako tomate baten prezioa edota garaiko ilarrak duen balioa ezagutu dezatela, adibidez. Atzean dagoen lan guztia baloratzen ikastea ezinbestekoa da, errezeten bitartez jakintza gastronomiko osoago bat sustatu nahi dugu.

Eta zein izaten da konponbide ohikoena gabezia horren aurrean?
Amari galdetzea! –barrez–, edota merkeena erostea. Baina egia da osaba Googlek asko laguntzen duela azken aldian. Hala ere, euskarazko baliabideak oso urriak dira eta, besteak beste, horregatik sortu genuen Pagotxa.

Sarean beste inoiz baino informazio gehiago dagoela diozu baina, orduan, zergatik dira asko ezgaiak sukaldean?
Ez zaielako axola. Etxera iritsi eta aitak/amak/bikoteak egindakoa jatera ohitu gara. Beharrik ez badago, ez dugu geure burua ikastera behartzen, eta gainera merkatuak gero eta aldez aurretik prestatutako plater gehiago eskaintzen ditu. Hortaz, gero eta arrazoi gutxiago dugu sukaldean iaio aritzeko. Egia da, baita ere, sarean topa daitezkeen baliabideak ez direla beti %100ean baliagarriak izaten, beharbada beste herrialde batzuetako produktuetatik abiatzen direlako.



Dena dela, hasiberria izateak edukiko du abantailaren bat, ezta? Ze potentzial dute, ze ekarpen egin dezakete?
Irizpide berri pila! Esperientzia ezak galdera mordoa sorrarazten du, eta horrek ematen dio bizia honi guztiari. Esperientziak mugak dakartzan bezalaxe, galderek orain artekoa zalantzan jartzera garamatzate, eta hortik iritsiko dira betiko errezeten aldaera berriak, produktuen erabilera desberdinak… gaurko aldaketak tradizio izango dira bihar!

Sukaldaritza gizarte eta kultur adierazpen edota ekintza bat da. Hortaz, nola ikusten duzue euskal gizartea erretratatuta?
Elkarte batean, purua eta kopa eskuan, musean… broma da! –barrez–. Janariari balio ukaezina aitortu zaio euskal historian zehar, ospakizun guztiak mahaiaren bueltan egin izan direlako. Hemendik at oso leku gutxitan gertatzen da hori. Orain sozializatzeko ohiturak aldatzen ari dira, batez ere gazteen artean eta sare sozialen eraginez: jada ez da beharrezkoa fisikoki elkarren ondoan egotea batera egoteko, eta hortaz, mahaia eta janaria ere jada ez dira ezinbestekoak. Baina, era berean, sare sozial horiek beraiek informazioa trukatzeko sekulako aukera zabaldu digute, baita sukalde-informazioa ere. Gainera, uste dut oraindik ere gordetzen dugula lagunekin pote batzuk hartzeko ohitura, asteburuak etxetik kanpo pasatzen ahalegintzen gara otorduak ere kanpoan eginez, familia batzen dugu noizean behin mahaiaren bueltan…

Habia utzi duten txorientzako dekalogoa



1. Goseak eta jatea gustuko izateak jarriko zaituzte martxan.
2. Amonaren legea: baloratu koilaraz jaten dugun hori.
3. Oliba olioa, ezinbestekoa.
4. Ahaztu lotsak: gora olagarroa palomitekin!
5. Begiak beti zabalik: ikasteko gogoak urrutira eramango zaitu sukaldean.
6. Hobe erlojua ahazten baduzu.
7. Mantendu apaltasuna: milaka tradizioren artean %0,0000001 baino ez gara.
8. Errespetua: produktuarekiko eta tradizioarekiko.
9. Merkea den hori garesti bilaka dakizuke epe ertain/luzera.
10. Ez ahaztu non gauden: gure ingururik gabe, ez gara ezer sukaldean.

Estutasun-egoeretarako larrialdi-errezetak



Azkenean, gustuko neska/mutila etxera ekarri duzu. Zer emango diozu afaltzen hurrengo goizera arte geratu dadin? Lortuz gero, zer prestatu gosaltzeko?
Kokotxak pilpilean... eskuekin jateko esanez. Tenedorerik eta mahai-zapirik ez jarri, zikindu dadila! Oso makarra! Gosaltzeko, momentuan eginiko kafe beroa eta marrubiak txokolatearekin. Ohera noski!

Gurasoen etxera postrea eramango duzula adostu duzu haiekin. Espero eta entzun nahi ez duten albistea eman behar diezu baina, era berean, mailegu txiki bat eskatu ere bai.
Getariako Elkanon ikasi nituen torrijak, dudarik gabe! Briochearekin eginak... edozein otordu amaitu eta edonor gozotzeko aproposak.

Ikastarokoekin ikasturte amaierako afari-merienda antolatu duzue, nork bere ekarpena egin behar du eta originala izan nahi duzu.
Masail edo karrilera gisatu sandwichak, Idiazabal gazta eta letxuga hosto pare batekin. Txoratzekoak! Aldeetatik edukia isurtzen duten horietakoak… jan baina aldi berean ez zikintzeko trebetasuna behar da gero! Barre egiteko onak!

Lanpostu berria lortu duzu eta bazkari bat antolatu duzu elkartean, lankideen oniritzia lortzeko.
Nahaski krematua eta Barbaina bere saltsarekin. Betiko zaporeak modu elegante eta finean aurkeztuak. Denek erabili nahi izango dute ogia, baina ez da inor ausartuko lehena izaten…

Pisukideari arropak txikitu dizkiozu garbigailuan, eta oraindik ez dizu barkatu…
Arrautza lorea, ogi frijitu eta xixa gordinekin. Zerrikeria erraz eta goxoa! Barkamen eske larrosa eman beharrean, arrautzarekin eginiko lore jangarri liluragarria entregatzea hobe, ez duzu uste?

Kotxeaz edota furgonetaz kanpin batera zoaz oporretara lagunekin, baina betiko arrozarekin, pastarekin eta sandwich hotzekin aspaldi aspertu zineten.
Olagarro entsalada palomita eta curryarekin. Lagunek erotuta gaudela esan dezaten! Beti dabiltza halakoak ez probatzeko aitzakia bila, "plater handi-eduki txiki", tradizioaz ez dakigula ezer etab, etab... Aitzakirik ez diegu emango oraingoan! Besterik ez dute izango-eta jateko!