Eta zuk, zer usain duzu?

Eta zuk, zer usain duzu? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
Testua eta argazkiak: Leire Palacios @AnnieSdelMono
Eta zuk, zer usain duzu?
Norbanakoon ezaugarri pertsonaletako bat da berezko dugun usaina. Hala ere,
lurrinak erabiltzen baditugu, usain horiek ere definitzen gaituzte. Zer egin, orduan, mundu guztiak bezala usaindu nahi ez baduzu? Maddalen Marzol lurrin zaleak
murgilduko gaitu fragantzia esklusiboen itsasoan.


Lurrin bakoitzak duen usainetik harago, filosofia propioa dutelako bereizten dira ‘nitxo’ lurrin edo lurrin esklusiboak komertzialetatik. Hiru baldintza bete behar ditu lurrin batek ‘nitxo’ izendatua izateko. Hasteko, sormenarekin lotutako gainontzeko obretan gertatzen den bezala, egiletzak garrantzia du. Hau da, perfumistaren lana eta bere irudia gailentzen dira, eta bere izena da lurrinari marka jartzen diona. Bestetik, ezin dira promozionatu, ezin dute publizitatean dirurik inbertitu lurrina ezagutzera emateko. Eta azkenik, banaketa mugatua dute; markak jarri behar dizkio mugak, eta ondorioz, eremu jakin batean ezingo da marka bat denda bat baino gehiagotan aurkitu.

Maddalen Marzolek (Andoain, 1985) magisteritza ikasketak egin bazituen ere, lurrin esklusiboen zale amorratua da, eta bere kabuz usaimenaren artean sakondu ostean, aditu dugu gaur egun. Azaltzen duenez, aipatutako hiru baldintza horiek ez dute inondik inora salmentetan eragin ezkorrik: "Gaur egun jendeak esklusibitatea nahi du. Hori dela eta, perfume komertzialak beherakada handia pairatzen ari dira, eta lurrin esklusiboen ospeak gora egin du".  Marzolek argi dauka balantza aldaketa horren zergatia: "Lurrinetaz ezer askorik jakin ez arren, usaintzea nahikoa da bi moten arteko diferentzia nabarmena dela konturatzeko". 

Zentzumenek jasotzen dutena hitzekin adieraztea erraza ez bada ere, konparaketa argigarria egin du adituak: "Ardoarekin alderatu genezake: lurrin komertzialak brik-ean saltzen diren hautsekin egindako ardoen parekoak dira, eta ‘nitxo’ lurrinak, aldiz, erreserbako ardoekin parekatu daitezke". Tankera horretako konparazioak dira Marzolen sinadura. Izan ere, lurrin mota horien inguruko bloga dauka, El tocador de Dorothy izenekoa. Bertan konparatzen ditu fragantziak eguneroko kontuekin: pertsonaiak, egoerak, telesailak, abestiak, gastronomia eta abar. Horrela, hitz teknikoak erabili gabe publiko zabal batera heltzea lortzen du.
Lurrin on bati eskatzen zaiona usainaren berezitasuna eta azalean duen iraupena dira, eta bi ezaugarri horien sekretua esentzien kalitatean dago. Marzolek azaldu legez, "esentzia lau lorerekin edo lau milarekin egin daiteke, eta edonon hazitako loreekin edo egoera hoberenetan hazi diren loreekin. Horren arabera, produktuaren kalitatea asko alda daiteke. Esentzia onak erabiltzen badituzu, perfume ona aterako zaizu".

Lurrina nola erabili
Fragantziak hainbat egunetan irautea nahi baldin badugu, garrantzitsua da lurrina leku egokian jartzea, perfumeari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Pultsua daukagun tokietan ematea gomendatzen du Marzolek, alegia, eskumuturren barrukaldean, eta lepoan, belarrien atzean. Arrazoia fisikoa da, izan ere, gorputzaren atalik beroenak izaten dira tokirik aproposenak, eta beraz, lurrina jartzeko zainak begi bistara ditugun guneak dira egokienak. Perfumeak gorputzaren tenperatura aldaketekin erreakzionatu egiten du eta fragantzia hedatu egiten da.

Haatik, lurrinak ez dira soilik azalean jartzeko. Marzolek hamaika erabilera ematen die, eta adibidez, irakaskuntzarekin uztartzeko aukera izan du: "Eskoletarako zein AEKren euskaltegietarako unitate didaktikoak egin ditut, eta Guggenheim museoan tailer bat eman nuen. Bestelako egitasmoak ere burutu ditut, adibidez, Garoa liburu-dendan liburuei usaina jarri genien; esperientzia hori aurten Literaturia jaialdian errepikatuko dugu. Ardoekin lotutako ekintzak ere egin izan ditut, eta denbora batez Euskadi Irratiko Amarauna saioan lurrinei buruz hitz egiteko tartea izan nuen igandetan".

Lurrin esklusibo horiek topatzea ez da oso erraza: "Donostian hiru denda daude, Bilbon bi, Miarritzen bat eta Gasteizen denda espezializaturik ez dagoen arren, lurrin denda batek baditu mota horretako batzuk. Iruñean, aldiz, ez dago saltzen dituen dendarik. Hala ere, denda guztiek eskaintzen dute Internet bidez erosteko aukera. Prezioari dagokionez, 80 eta 200 euro arteko prezioa izaten dute, 100ml-ko.

Mazol Interneti esker murgildu da fragantzien mundu horretan, badaki non topatu dezakeen gustuko duena eta ezagutza hori zaletu zein profesionalekin partekatzen du. Esperientzia politak bizi dituela dio, baita kuriosoak ere: "Nik Donostiako Urbieta dendan lan egiten dut, eta aurrekoan Iruñeako bezero batzuei hainbat lurrin proposatu zizkien dendako jabeak. Horien artean bazen bat niri askorik gustatzen ez zaidana, eta bezeroek blogean irakurrita zutenez, hori ez zutela nahi esan zioten!".

Izendapenak esentziaren kontzentrazioaren arabera:


•    Eau de cologne: %3 eta %5 artean.
•    Eau de toilette: %5 eta %8 artean.
•    Eau de parfum: %8 eta %15 artean.
•    Parfum: %15etik gora.