Emilia Clarke: Dragoi erregina

Emilia Clarke: Dragoi erregina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emilia-clarke-dragoi-erregina/@@download/image/aktorea_1436770712.jpg
2015/07/13
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
Emilia Clarke: Dragoi erregina
Bai, Game of Thrones fenomeno katodikoan pertsonaia zoragarrien zerrenda hain da amaigabea, ikusle guztiak, bihotzik onberena, mizkinik zitalena zein gatzbako epelena, identifikatuta sentitzen direla.


Bada, ordea, George R. R. Martin jeinuaren imajinazioak modelatu dituen emakume eta gizon horien guztien artean bat berezia dena, tinko zein sentibera, izotzezko adatsa eta suzko erraiak dituena, ikusleek Zazpi Erreinuetako budinazko tronuan ikusi nahi dutena: Daenerys Targaryen, Ekaitzean jaioa, Erretzen ez dena, Kateak apurtzen dituena, Dragoien ama, Khaleesi gurea.

Liluratu gaituen ezohiko konkistatzailearen atzean, baina, oraindik deskubritzeke ditugun hainbat dohai ezkutatzen ditu Emilia Clarke xaloak. Fin ikus genezake Fisherman’s Blues ederra abesten Dom Hemingway (2013) ganberroan, adibidez. Inork galdu behar ez lukeena, ordea, Coldplay taldeko lagunekin Game of Thrones musikalerako abestu duen eta udako kanta izan behar lukeen Rastafarian Targaryen kantaren bideoa da: Emilia reggaeatzen entzuteak ez du preziorik –Red Nose Day sentsibilizazio kanpainarako egin dituzte aktoreetako hainbatekin bideo ezin katxondoagoak–.  

Zuzenean kantatzen entzun nahi duenak, ordea, New Yorkera joan beharko du, Broadwayn ari baita Truman Capoteren Breakfast at Tiffany’s entzutetsua taularatzen. Ez, inork ez digu Audrey Hepburnen Holy Golightly ahaztaraziko, baina norbaitek pertsonaia beraz berriz maiteminduarazi bagaitzake, hori Emiliarik atseginena dugu.

Zoritxarrez, ez dugu askok izango egunotan Broadwaytik pasatzeko aukera, baina, zorionez, bera hurbilduko zaigu gure zinema aretoetara. Zientzia fizkioak eman duen borrokalaririk gogoangarrienetakoa den Sarah Connor izango da, Schwarzenegger alboan duela, saga eraberritzera datorren Terminator Genysis berrian. Txuatxe laguna kontuz ibili dadila, Hasta la vista, baby eta halakoekin. Clarke anderea haserretzen denean, benetan haserretzen da-eta. Galdetu bestela dragoiak lapurtu zizkionari...

Emilia Clarke


IZENA: Emilia Clarke.
JAIOTEGUNA: 1986-10-26.
JAIOLEKUA: Londres (Britainia Handia).
EZIZENA: Milly.
LAGUNIK ONENA: Rose Leslie aktorea (Ygritte Game of Thrones-en.)
TELESAIL KUTTUNA: Girls.
MAITE DU: Zaldian ibiltzea.
GORROTO DU: Marradun galtzerdiak.