EHZ eraberritua; deskubritze musikala oinarri

EHZ eraberritua; deskubritze musikala oinarri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehz-eraberritua-deskubritze-musikala-oinarri/@@download/image/ehz00_1433242132.jpg
2015/06/11
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
EHZ eraberritua; deskubritze musikala oinarri
Hogeigarren urteurrenarekin batera, EHZ festibalaren arduradunek azken urteetako joeraren gaineko gogoeta sakona egin dute eta norabide berri bati ekitea erabaki: izen handien lehiatik atera eta publikoari talde berriak deskubritzeko aukera eman nahi diote.


Hogei urtetan asko aldatu da musika oinarri duten festibalen panorama. Instituzioen babes irmoa duten BBK Live, Kutxa Kultur edota Big Festival bezalako festibalek egiteko modu bat markatu dute, talde ospetsuen alde egin eta nazioarteko publikoarengan arreta jarrita. EHZk, ordea, gogoeta sakonaren ostean, bere norabidea beste alde baterantz eramatea erabaki du.

EHZren programazioa bi ardatzetan oinarritu da orain arte: publikoa erakartzeko talde entzutetsuak eta deskubritze musikala. Aurtengo ekitalditik aurrera, baina, hori aldatzera doa: "Gaur egun, Euskal Herrian bertan, enpresa edota produktora handiek diruztatutako hiru festibal behintzat badira, musika taldeen baldintza ekonomikoak ere lehen baino altuagoak dira oro har, eta egoera horrek ondorio argi batera eraman gaitu: ez gara inguruan ditugun munstro handi horiekin izen handien lehian aritzeko gai", dio EHZko talde eragileko kide Ekhi Erremundegik.

Alderdi ekonomikoaz gain, badago norabide berrirako beste arrazoi bat ere: "Ezin gara hedabide handiek maitarazi dizkiguten talde handi horiek programatzera mugatu. EHZren marka berri bat sortu nahi dugu, hain berria ere ez dena, azken urteetan jorratu izan dugulako: deskubritze musikalean oinarritutako festibala izan nahi dugu", argitu du. Beraz, EHZko lantaldeak publikoarentzat agian ezezagunak diren baina artistikoki zein politikoki erakargarriak izan daitezkeen taldeen aldeko apustua egingo du.

Noski, musikaz haratago, gogoeta gunea indartzen segitzeko asmoa ere irmoa da. "Kapitalismoaren kontrako borrokak erdigunean eman nahi ditugu, beste herrialdeetako esperientziak Euskal Herrira ekarri eta hemen egiten dugunaz gogoeta piztuz", dio Erremundegik. Hala, Afrikako deskolonizazio prozesua, Grezia eta Kurdistango militanteen lekukotasunak eta, nola ez, borroka feminista izango dituzte hizpide, beste gai batzuen artean.

Hori guztia eta gehiago, iaz bezala, Lekorneko Garroa gazteluan eta inguruko paraje ezin ederragoan. Hori bai, aurreko urteetako espazio antolaketa egokitu egin dute, guneak espazio txikiagoan antolatuta: "Helburua gune goxoago bat sortzea da. Gaztelu azpiko pentzea handiegia zen, eta, beraz, gaztelu aitzinean kontzentratuko ditugu aurten gune ezberdinak", azaldu du. Publikoari eskaintza guztia leku bakarrean emanda, diziplina ezberdinen arteko gurutzaketak sortzea dute helburu; "bi kontzerturen artean dantza emanaldi bat edo antzerki bat ikusteko aukera izanen da".

Urte guztian zehar
Festibaleko hiru egunetan ez da ordea EHZko lantaldearen lana amaituko, eta urte guztian zehar ere festibalaren baloreak gizarteratzen jarraitzeko ekintzak antolatu nahi dituzte: "Aurten, EHrZ musika lehiaketa egin dugu Europako populu eta kultura minorizatuetako musika taldeei emanez parte hartzeko aukera. Eta EHZn izanen den eztabaidaguneari begira, EHZinemaldia ere martxan eman dugu Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberoako xoko ezberdinetan, eztabaidagunean aipagai izanen diren gaiak ardatz hartuta, film emanaldi eta eztabaidak antolatuz", azaldu du Erremundegik. Horretaz gain, hogeigarren urteurrenaren karietara, sei film zuzendariri film labur bana egitea proposatu diete, eta lan horiek ekainaren 5ean izango dira ikusgai Baionako Atalante zinegelan.

Era berean, EHZren mezua zabaltzeko publikoarekin zuzeneko harremana indartzen ere saiatu dira, sare sozialetan presentzia areagotuta, baina baita inguruko eragileek antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartuta ere; horretarako Hartza maskota baliatu dute. Horiek horrela, euskararen ofizialtasunaren alde Korrikan lekukoa eraman zuen Hartzak, adibidez, eta heldu den ekainaren 20an, LGBT mugimenduak Biarritzen antolatu duen Harrotasunaren Martxan ere parte hartuko dute. "Karrikan presentzia lortzea da xedea, gure proiektua guziengana hel dadin", dio Erremundegik.

Egitaratua


Uztailak 5, ostirala:
18:00 Goliath
18:40 Tania de Sousa
19:30 Bilbomatiks
20:10 Woods
21:10 The Offenders
22:00 The Coup
23:00 Kuma No Motor
23:50 Deluxe
01:20 Last Train
02:10 Skip & Die
03:10 Polygorn

Uztailak 6, larunbata:
10:30 Cumbiam’bero
11:30 Hip Hop Château
12:30 Kasernarat
13:10 Cumbiam’bero
13:45 Il Muro del Canto
14:30 Bertsu Battle
16:00 Ttek
16:30 Rouge Elea
17:15 Kolinga
17:50 Last Fair Deal
17:50 Ttek
18:30 Martin May
19:20 Erotic Market
20:05 Electro Deluxe
21:20 Skakeitan
22:10 Berri Txarrak
23:50 Joseba B. Lenoir Gang
00:40 Cotton Claw
01:40 Anestesia

Uztailak 7, igandea:
15:00 Iron Skulls
16:00 La Compagnie du
Petit Monsieur
16:40 Kantaldi
18:40 Old School Funky Family
19:30 Garaztarrak
20:00 Un Gos Robant
20:50 Massilia Sound System
22:05 Pelax
22:55 Jim Jones &
The Righteous