Eduardo Galeano: Istorioz idatzi historia

Eduardo Galeano: Istorioz idatzi historia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eduardo-galeano-istorioz-idatzi-historia/@@download/image/galeano_1431339327.jpg
2015/05/13
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Eduardo Galeano: Istorioz idatzi historia
Apirilean hil zen Eduardo Galeano (1940 – 2015, Montevideo, Uruguai) idazle eta kazetari sonatua, oinordetzan 1963. urtean hasi eta gaur arte ia etenik ez duen obra zabala utzita. Literatura eta kazetaritza konprometitua eta kritikoa landu zituen, politikoki engaiatua eta kulturalki aktiboa izan zen.


Gazterik hasi zen aldizkarietan kolaboratzen; hamalau urte zituen El Sol Uruguaiko Alderdi Sozialistaren astekarian lehen karikatura politikoa argitaratu zuenean. 60ko hamarkadan editore gisa aritu zen Marcha aldizkarian. 1971an argitaratu zuen ezagun egin zuen Las Venas abiertas de América Latina saiakera entzutetsua. Latinoamerikako historia ulertzeko ezinbestekoa bihurtu dena, bere garaian zentsuratua izan zen arren.

Época aldizkaria zuzendu zuen 1973. urtean estatu kolpe militarraren ostean atxilotua izan zen arte. Uruguaitik Argentinara alde egin behar izan zuen, eta, bertan, Crisis aldizkari kulturala sortu zuen. Hiru urteren buruan baina, 1976an, Videla diktadorearen errepresioarengandik ihesi Argentinatik espainiar estatura erbesteratu zen. Erbestealdi horretan Latinoamerikako historiari buruzko Memoria del fuego (1982-1986) trilogia idatzi zuen.

1985ean itzuli zen Uruguaira, hauteskunde demokratikoak burutu zirenean. Orduan sortu zuen, Marcha aldizkariko lagun batzuekin batera, gaur egun dirauen Brecha astekari independente eta ezkerrekoa.

Galeanoren obra saritua eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da. Euskaraz bere bi liburu irakur ditzakegu: Ispiluak. Mundu ia ororen historia eta Hitz ibiltariak. Gainera, Gerardo Markuletak itzulitako Galeanoren hainbat narrazio labur aurki daitezke Istorio hiperlaburrak antologian.

Bibliografia hautatua


• Ispiluak. Mundu ia ororen historia (Itzul.: Xabier Alegria, Txalaparta, 2013).
• Los hijos de los días (2011).
• Hitz ibiltariak (Itzul.: Gerardo Markuleta, Txalaparta, 2000).
• Istorio hiperlaburrak (Askoren artean. Itzul.: Gerardo Markuleta, Erein, Milabidai, 1995).
• El libro de los abrazos (1989).
• La canción de nosotros (1980).
• Días y noches de amor y de guerra (1978).
• Las venas abiertas de América Latina (1971).