Eddie Redmayne: Denboraren kurbatura

Eddie Redmayne: Denboraren kurbatura https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Eddie Redmayne: Denboraren kurbatura
Telebistazaleek The Pilars of the Earth telesailean ikusiko zuten; edo baliteke gogoratzea, igande arratsalde tonto hartan, lau orduz Tess of the d’Urbervilles telefilmera engantxatuta egon zirenean ezagutu zutela.


Beste batzuk, areto ilunaren intimitatean egingo zuten topo Eddierekin, Elizabeth: The Golden Age (Shekhar Kapur, 2007) edota The Other Boleyn Girl (Justin Chadwick, 2008) filmetan, adibidez. Kasualitatez, irakurleotakoren batek ohiko badu Londresko West Endera Shakespearen dramaturgiaz gozatzera joatea, Richard II.aren koroa buruan duela topatuko zuen.

Badirudi mutilari debekatu egin diotela Frantziako Iraultza ostean jazotako istorioak protagonizatzea; bai, bera zen Marius Les Misérables (2012) filmean. Baina hurbilago geratzen zaizkigunak ere egin ditu: Julianne Moorek bere semearena Eddiek egitea exijitu zien Savage Grace (Tom Kalin, 2007) erdipurdikoaren ekoizleei, edota munduko emakumerik desiratuena konkistatu zuen denetariko iritziak jaso zituen My Week with Marilyn (Simon Curtis, 2011) estimagarrian.

Zalantzarik gabe, baina, zeluloidezko izarren konstelazioan jarri duen filma aretoetan dugun The Theory of Everything (James Marsh, 2014) da. Stephen Hawking zientzialari ezagunaren azalean eta ariman sartzea aktore batek izan dezakeen erronkarik zailenetakoa izanik, benetan liluragarria da Redmayne jaunak lortu duena: transformazio fisikotik haratago, ezagutzen dugun bururik argienean sentimenduek duten lekua bistaratzea. Zientziak eta maitasunak merezi dutela uste baduzu, ez ezazu galdu. Noski, hilabete honetan aktore onenaren Oscar saria irabaziko du. Sentimentalismoak gorroto badituzu, eta fikziozkoa denean bakarrik gustatzen bazaizu zientzia, lasai, zuretzako ere badu eta Eddiek hilabete honetan proposamenik: Wachowski neba-arreben Jupiter Ascending. Ezin esango dugu iraganean ataskatuta geratu denik!

Eddie Redmayne


IZENA: Edward John David Redmayne.
JAIOTEGUNA: 1982-01-06.
JAIOLEKUA: Londres (Ingalaterra).
BIKOTEKIDEA: Hannah Bagshawe.
LAGUNIK ONENA Andrew Garfield aktorea.
MAITE DU: Berak egindako filmen kritikak irakurtzea.
GORROTO DU: Bere burua pantailan ikustea.