Bloodline. Sekretuak lehergai.

Bloodline. Sekretuak lehergai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bloodline-sekretuak-lehergai/@@download/image/telesaila_1434008170.jpg
2015/06/11
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Bloodline. Sekretuak lehergai.
Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera
eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arte. Horixe baita ‘Bloodline’, sentimenduz betetako lehergailu ezegonkorra.

Urtea: 2015.
Sortzaileak: Glenn Kessler (Damages), Todd A. Kessler (The Sopranos).
Aktoreak: Sissy Spacek, Sam Shepard, Ben Mendelsohn, Norbert Leo Butz, Linda Cardellini, Kyle Chandler, Brandon Larracuente, Taylor Rouviere, Jamie McShane.
Herrialdea: AEB.
Denboraldiak: Momentuz, bat. Bigarrena 2016an aireratuko dute.
Atal kopurua: Hamairu atal, 60 minutukoak.

Rayburnd familia eta lagunak gurasoak omentzeko batuko dira hotsandiko ospakizun batean. Tartean izango da aspaldi ikusten ez duten Danny seme zaharrena, familiako ardi beltza. Istorioak ezer gutxi du berritik, baina zineman beti gertatzen den bezala, garrantzitsuena ez da zer kontatzen den, nola kontatzen den baizik. Horixe da telesail honetan ere interesgarriena.

Alde batetik, azpimarragarria da erritmoaren eta denboraren arteko jokoa, telesailetan ezinbestean ondo landu beharreko kontua, tentuz maneiatu beharrekoa. Kasu honetan, denborarekin lehen minututik maisutasunez jolasten du telesailak, eta ikuslea lehen ataletik erakartzea lortzen du. Nola? Lost aitzindariak egin bezala, trama nagusiaz gain, iraganeko eta etorkizuneko gertakariak dosi txikitan tartekatuta; telesaila nabarmen aberasten da. Antzematen da sortzaileen artean Glenn Kessler dagoela, kontutan hartzeko modukoa den Damages telesailean ere denboraren formula berdina erabili baitzuen.

Bestetik, ondo idatzitako pertsonaiak eta horiek gorpuzten dituzten aktore apartak aipatu behar, puzzle baten moduan ahokatzen direnak. Gurasoen paperean zinemako bi mito ditugu: Sissy Spacek eta Sam Sephard. Lau neba-arrebak, aldiz, Kyle Chandler, Linda Cardellini, Norbert Leo Butz eta sekulako erakustaldia eskaintzen duen Ben Mendelsohn daude. Eta denbora tarte txiki batez bada ere, Chloë Sevigny aktore handia ere agertuko da. Geruza ugariz osatutako pertsonaia sakon horiek hasiera batean sinesgaitza dirudien trama egiaren lurrinez zipriztintzen dute, irreala irudi lukeena egiazko bihurtuz.
Eta, azkenik, guztia osotasunean lotzen laguntzen duten atmosfera, argazkia eta muntaia; alderdi estetikoa, alegia. Alde batetik, Floridako paradisuak eskatzen duen estetika idilikoa modu zoragarrian egikaritu du Jaime Reynoso argazki zuzendariak. Eta, bestetik, kontrapuntu gisa, familiako trama ilun horrekin zuzenean lotzen den mangladiaren estetika astun eta nahaskorra ere bikain gauzatu du.

Suspentsez zipriztindutako familia drama liluragarri eta erakargarria da, azken finean. Su-motelean sukaldatutakoa, baina konturatu orduko guztiz harrapatuko zaituena. Nola ez, 2015eko telesailik onenen zerrendetan azalduko da.

BINGE WATCHING
Bai. Asteburu euritsu batean hamahiru atalak irensteko oso aproposa da. Todd Kessler sortzaileak ere halaxe egitea proposatzen du: "Pentsatu hamahiru orduko film bat dela, eta zeuk erabaki noiz moztu eta noiz jarraitu".

MUSIKA
– Hasiera kredituetan entzuten dena Book of Fears taldearen The Water Let's You In kanta da.
– Soinu banda Tony Morales eta Edward Rogers estatubatuarren lana da, eta bi eginkizun betetzen ditu: alde batetik, ‘ezer ez da dirudiena’ sentsazioa ikuslearengan indartzea, batez ere, irudiek erakusten dituzten une idilikoei kontrajarriz; eta bestetik, True Detective telesailean Louissianarekin gertatzen den bezala, pertsonaia baten pisua duen kokalekuari atmosfera ezegonkor eta iluna atxikitzea.

BITXIKERIAK
– Ben Mendelsohn aktoreak Danny anaia zaharrenaren papera egiten duen arren, bera da hiru gizonezkoetan gazteena.
– NETFLIX-ek ekoiztutako telesail hau ere, Orange is the New Black, House of Cards edota Daredevil bezala, hileroko harpidetzarekin streaming bidez ikusi daiteke; nahi izanez gero, atal guztiak egun berean ikusteko aukera ematen du.

LOKALIZAZIOAK
– Telesailean Rayburn familiarena den hotela benetakoa da. The Moorings Village and Spa du izena, eta Floridako Islamorada irlan dago.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
Six Feet Under (2001).
Damages (2007).