Bizikleta bat, hamaika istorio

Bizikleta bat, hamaika istorio https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizikleta-bat-hamaika-istorio/@@download/image/bizikletak_spar_1467361946.jpg
2016/07/11
erreportajea
Ane Urrutikoetxea @aneurruti
Bizikleta bat, hamaika istorio
‘Pupper’ zertxobait izututa zegoen BeCiclosera iritsi zenean; ohitzeko tarte bat eskaini zioten, guztien lagun egin zen arte. Adoptatua izateko prest dago azkenik; jolaskoia da, eta beti dago laguntzeko prest. Gezurra badirudi ere, ez gara txakur batez ari, bi gurpileko lagun baten inguruan baizik. Berrerabilpena oinarri duen enpresa da BeCiclos; zeren zain zaude beren lana ezagutzeko?


Bi gurpileko gaixoak sendatzen dituzten ‘medikuak’ dira BeCiclos enpresaren sortzaileak. Amsterdamen finkatuta, desagertzera kondenatutako bizikleta abandonatuak berreskuratu, konpondu, garbitu eta bigarren aukera bat eskaintzen diete, berriz ere maitatuko dituen norbait aurkitzen lagunduz. Berrerabilpena da enpresa hau martxan jarri zuten lau lagunen arrakastarako gakoa; hala, Saskia Schrijnen holandarrak, Gonzalo Fernandez galiziarrak, Ana Larre bilbotarrak eta Danel Viana donostiarrak 2.000 bizikleta bueltatu dituzte bizitzara.

BeCiclosen, ez dituzte bigarren eskuko bizikletak besterik gabe saltzen; bizikleta bakoitzak izen bat du, eta baita bere izaera adierazten duen istorio bat ere. Adopziorako paperak sinatzera behartzen dituzte jabe berriak, bertan, bizikleta zainduko dutela eta betirako maitatuko dutela zin eginaraziz. Haiekin lan egiten duten mekanikoak gizarteratzeko programatik kontratatuak dira, eta enpresa batek soberan ekoiztutako piezekin konpontzen dituzte bizikletak.

BeCiclosen sortzaileei Haarlemen piztu zitzaien bonbila, duela ia lau urte. Ikasketak amaitzen ari zirela, hiri hartan eta herrialde osoan bizikletek zuten garrantziaz jabetu ziren. Egunero, ehunka bizikleta erretiratzen dituzte kaleetatik, ondoren gordailuetan pilatzeko. Hiru hilabeteko epean jaberik agertu ezean, nolanahi subastatu edo besterik gabe suntsitzen dituzte. Danel Viana BeCiclosen sortzaileetako baten esanetan, baztertutako bizikleta horiek berreskuratzeko aukera ikusi zuten lau lagunek, eta ideia martxan jarri zuten: "Gure abentura Bilbon hasi zen; 160 bizikleta hartu genituen Herbeheretako gordailuetatik, horiek konpondu, eta Bilbon pop up store bat –behin behineko saltokia– ireki genuen. Ez zen erraza izan Amsterdameko gordailuekin akordio bat egitea, baina azkenean lortu genuen".



Bilboko proiektuarekin batera, Amsterdameko bigarren eskuko merkatu batean saltzen hasi ziren hainbat bizikleta; bertan, gainontzeko bizikletatik bereizteko, izenak jartzea erabaki zuten. "Arrakasta handia izan genuen; jendeari asko gustatu zitzaion bizizkletei identitate bat ematea, eta hala, izenarekin batera istorio bat lotu genion bizikleta bakoitzari, adopzioaren kontzeptua garatuz". Vianaren arabera, berreskuratutako bizikleten jabe berriek zirrara handiz jasotzen dituzte bi gurpileko lagun berriak: "Harrigarriak dira jendeak bidaltzen dizkigun mezuak; bizikleta onik iritsi dela, oso polita dela, eta asko maite dutela esanez idazten digute".

Hasieran bizikleta gutxi batzuk konpontzen zituzten baina egun, astean 15 bat bizikleta berreskuratzen dituzte: "Mekaniko baten laguntza dugu gordailuan; gizarteratze programaren barruan kontratatu genuen, eta hark bere egoera berean dauden beste batzuei erakusten die lanbidea". BeCicloseko kideek Axel Group izeneko enpresa handi baten laguntza jaso zuen, soberan ekoiztutako piezak oparitu baitzizkieten: "Egun batean 28 kamioi etorri ziren, piezaz beteta... ezin genuen sinistu! Horrek izugarri merketu ditu erreparazio kostuak". Batez beste, bizikleta bat berreskuratzeak 80 euroko kostua du, eta orokorrean, salmenta prezioa ez dute 200 eurotik igotzen: "Produktua gehiegi ez garestizea izan da hasieratik gure helburu nagusietako bat. Horregatik, eskatu diguten arren, oraindik ezin izan dugu AEBetara edota Hego Ameriketara bizikletarik bidali, bidalketa kostuak bizikletak baino garestiagoak direlako".

Herbeheretan bezero asko dituzten arren, Espainia eta Euskal Herrira esportatzen dituzte bizikleta gehienak. Europa mailan zabaltzeko webgunea indartzea dute helburu: "Hizkuntza aldetik erraza zaigu Espainia eta Euskal Herrian zabaltzea, baina webgunean hizkuntza gehiago jarri nahi ditugu, Frantzia eta Erresuma Batura iristeko, besteak beste".



Bizikletak berreskuratzearekin batera, txirrindularitzaren aldeko kultura bultzatu nahi dute BeCiclosekoek. "Euskal Herrira eraman nahi dugu Herbeheretan bizikletaren inguruan bizi duten kultura. Uste dugu oso positiboa dela, eta bertan pixkanaka joera hori bereganatzen ari badira ere, oraindik asko gelditzen zaie egiteko". Bidegorrien aldeko apustu irmoa egiten du Vianak, eta bere ustez isunek ez dute batere onik egiten. "Amsterdamen bizikletaz iritsi zaitezke edozein puntutara, bertatik jaitsi gabe; umeek eta helduek erabiltzen dute, eta denek arauak betetzen ez dituzten arren, ez da isunik jartzen; bizikleta beste modu batean bizi dute".