Bikotekidea seduzitzen

Bikotekidea seduzitzen https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
erreportajea
Testua: Ander Lertxundi. Arremanitzeko Kolaboratzailea @Arremanitz
Bikotekidea seduzitzen
Azkenaldian zuen arteko harremana aldatu egin da; elkar maite duzue, ongi konpontzen zarete eta elkar errespetatzen duzue, baina intimitate erotikoa bilatzen duzunean ez duzu erantzun positiborik jasotzen. Zer egin berriz ere seduzitzeko?


Bikote harremanetan hasierako grina eta desira denborarekin desagertuz joaten dira; horiek berpiztea buruhauste bihurtzen da. Ohituta gaude sedukzioa harremanaren hasieran lantzera, eta ondorioz, harremanak aurrera egin ahala gero eta zailagoa egiten zaigu bikotekidea gureganatzen jarraitzea.

Gomendio gisa, ohikoak dira aldizkari, blog eta antzekoetan harremanen eguneroko dinamikatik kanpo geratzen diren proposamenak; hala nola, sorpresa erotikoak ematea, barre eginaraztea, etxean biluzik ibiltzea edota ezohiko jolas erotikoak prestatzea.

Era berean, noizbehinka, gure onetik ateratzen gaituzten eguneroko ekintzen (noiz eta nola egin harrikoa, berogailua noiz jarri…) inguruan ez eztabaidatzea ere gomendatzen da; ongi pentsatuz gero, ez baitira kontu garrantzitsuak.
Adimen erotikoaren kontzeptua defendatzen duen Esther Perel ikertzaile eta psikoterapeutaren ustez, aurretik aipatutako bi jokabideak onuragarriak dira, baina, epe luzera, ez dira nahikoa. Dioenez, elkarbizitzak denbora guztia bikotearekin pasatzera garamatza, eta hori ekiditea ezinbestekoa da; hau da, distantzia hartzea beharrezkoa da, adibidez, bakoitzak bere zaletasunak bere kabuz landuta. Sarritan entzuten dugu ez dakigula zer daukagun galtzen dugun arte. Hain zuzen ere, ideia hori dago distantzia hartzearen atzean, denbora jakin batez besteak gu ‘galtzea’, gure hutsunea sentitzea eta berriz ere gurekin egoteko desira piztea.

Dependentziarik ez
Perelen hitzetan, "ez dago dependentzia baino antiafrodisiako handiagorik". Denbora luzez bikotearen menpe badago gure ongizatea, zailagoa egingo zaigu seduzitzea, desiratzen duguna autonomoa, dinamikoa, desafiatzailea dena izaten baita.

Bestalde, pozik bagaude, hori bistaratzen badugu eta autonomoak bagara, asko lagunduko dugu sedukzioa. Adibidez, zerbaitetan autonomoak eta onak bagara, bikotekideak horretan lanean ikus gaitzala: jende aurrean hitzaldia ematen, lagunekin elkarrizketan edota gure zaletasuna praktikatzen. Gustuko lanetan ari garenean erakargarri bihurtzen gara.

Proustek zioen bezala: "Benetako aurkikuntza dakarren bidaia ez da paisaia berriekin hasten, begi berriak edukitzearekin baizik". Beraz, egunerokotasunarekin apurtzen duten elementu berriak harremanean sartzeaz gain, gure erakargarritasuna handitzen duten elementuak sustatuz eta ikustaraziz ere egin dezakegu sedukzioaren bidea.

1. Gogoratu sedukzioa ez dela bikotea dugunean amaitzen.
2. Dituzun alde onak bistaratu.
3. Bion gustuko planak elkarrekin egin.
4. Zaletasunak landu, eta banatzen bazarete, ostean elkarrekin egoteko denbora hartu.
5. Bikotekidea autonomoa eta ona zaren eremuetara gonbidatu.
6. Gogoratu harreman erotikoak programatu daitezkeela, eta programatzea jolas bihurtu.

Hitzetatik ekintzetara



La voz de Gina
Seriotasun umoretsuz landutako sexuaren gaineko kontuak aurkituko dituzu blog honetan. Adibidez, publizitate sexistaren inguruan egindako azterketa irakur dezakezu, edota LGTB txokoan sartu. Eta guztia sexu joera ezberdinak kontutan hartuta.

3NDER
Hirukoteak egiteko aplikaziorik erabiliena da. Facebook bitartez izena eman eta erabiltzaileak profil pertsonalizatua sortzearekin aski du hiruko sexu harremanak bilatzen hasteko. Pribatutasuna ziurtatzeko asmoz, gehienez ere, hiru eguneko iraupena izan dezake app honetako elkarrizketa bakoitzak.