Babesaren plazera

Babesaren plazera https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/01/14
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
Babesaren plazera

K.A. 1350 – K.A. 1000

Tutankamon faraoiaren hilobian agertu zen munduko kondoirik zaharrena, kondoi egipziarra bezala ezaguna dena. Oihalezko zorroa zen, eta ikerlariek dioetenez, krokodrilo kakarekin igurtzen zuten kaka horren gaitasun espermizida dela-eta.


K.A. 100 – K.O. 200
Frantziako Combarelles kobazuloetan topatu zituzten Europako lehen kondoien arrastoak, paretetan egindako margoetan. Ikerketen arabera, animaliekin egindako lehenak dira: arrainen igeri-maskuriekin eta ardien maskuriekin egiten zituzten, espermaren isurketa gordetzeko zakil babes zorroak.  


XVI. mendea
Andrazkoen falopio tronpei izena eman zien Gabrielle Fallopius mediku italiarra da kondoi garaikidearen aitzindaria. Zakilean jartzeko lihozko zorroa asmatu zuen sifilisetik kutsatzea ekiditeko asmoarekin. Bere idatzien arabera, 1100 gizonezkok frogatu zuten eta ez zen bat bera ere kutsatu.


XVII. mendea
Londresen bizi zen Charles II. erregeak txortarako zuen zaletasunaren ondorioz aitortu nahi ez zituen makina bat seme-alaba izan zituen. Horregatik, gorteko medikuari laguntza eskatu zion, eta Condom doktoreak condus deitu zutena asmatu zuen; latinez ‘ontzi’ esan nahi du. 


XVIII. mendea
Haurdunaldia ekiditeko erabiltzen zen kondoia, eta Estatua zein Eliza erabilera horren kontra zeuden. Garaiko literaturan aurki daitezke animalien maskuriekin egindako zorroak agertzen diren errelatoak. Gainera, kondoien iragarkiak egin ziren estreinakoz.

XIV. mendea
Japonian bi kondoi mota erabiltzen hasi ziren. Batetik, Kawagata edo Kyotai izenekoa, larru finarekin egindakoa, eta bestetik, Kabutogata izenekoa, marfilez edo dortoka oskolarekin eginda egon zitekeena.


1843
Charles Goodyear eta Thomas Hancock zientzialariek kautxu bulkanizatua asmatu zuten. Kautxu gordinari azido sulfurikoa tenperatu oso altuetan gehituta materiale gogor eta malgua lortu zuten. Ikerketekin jarraitu eta denbora gutxira gomazko lehen kondoia asmatu zuten.


1930
Latex likidoa asmatu eta kautxoa erabiltzeari utzi zitzaion. Gaur egun latexa da kondoiak egiteko gehien erabiltzen den materiala.


1992
Emakumeen kondoia asmatu zuten. Baginan jartzeko zorroa da, eta gizonak erekzioa mantendu edo ez kondoia bere tokian mantentzen da. Bi uztai ditu; lehena bagina barruan sartu eta bigarrena kanpoan utzi behar da. 

Bitxikeriak



1. Kondoiak maitasuna egitetik aparte, gerra egiteko ere erabiltzen dira, adibidez,
armak babesteko.

2. Droga herrialde batetik bestera garraiatzeko modurik ohikoenetakoa da
kondoietan gordeta eramatea.

3. Munduan, urtero, 10.000.000.000 kondoi erabiltzen dira.

4. Danieraz honela esaten da ‘kondoia’: svangerskabsforebyggendemiddel

5. Kondoia ez erabiltzeko aitzakia bakarra egon daiteke: latexari alergia izatea.
 
6. Latexezko kondoiez gain, gaur egun poliuretanozko eta poliisoprenozko kondoiak ere egiten dira.
 
7. Bi kondoi batera erabiltzea ez da inondik inora eraginkorragoa; are gehiago, bien arteko marruskadurak kondoiak apurtzea eragin dezake.

8. 2014ko Sochiko Olinpiar Jokoetan 100.000 kondoi banatu zituzten kirolarien artean, 35 pertsona bakoitzeko.