Azentuen erotika

Azentuen erotika https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/03/10
erreportajea
Testua: Maider Jericó Zelaia. Arremanitzeko kolaboratzailea @Arremanitz
Azentuen erotika
Entzumenak, beste zentzumenek bezalaxe, sedukzioan paper garrantzitsua jokatzen du. Kasu honetan, ahotsa da gure tresnarik baliotsuena. Ahots bakoitzak, bere berezitasunak ditu: doinua, tinbrea, ahoskera… bakoitzak ezberdina eta ondorioz, erakargarria izateko gaitasuna du. Gainera, egoeraren arabera, erregistro ezberdina erabiltzeko joera izaten dugu; testuinguru erotiko batean, ahotsarekin jolas dezakegu, bolumena eta tonua aldatuz adibidez, esaten dugunari esanahi ezberdin bat emateko.

Hitz egiteko modua, pertsona bakoitzak duen berezitasun bat da, besteengandik ezberdintzen gaituen ezaugarrietako bat, gutako bakoitza bakarra eta errepikaezina da, eta horrek besteen interesa pizten du. Orokorrean, arrotza zaingun azentu bat, exotiko bezala sumatzen dugu eta ezberdina denez, erakargarria izateko joera dauka.

Baina, zer dute azentuek?
Pertsona baten azentua gustuko dugunean, horren atzean ezkutatzen den pertsonak erakartzen gaitu ere. Atzerritar batek gure hizkuntza hitz egiten duenean, bestelako pronuntziazio bat erabiliko du, baina ahoskatzeko moduaz gain, bere herrialdeko estereotipoak eta topikoak datozkigu burura, beraz, ahoskera bakoitzak dituen konnotazio kultural konkretuak erakartzen gaituztela ere esan genezake. Hortaz, baliteke andaluziarren azentua, adibidez, bereziki ez gustatzea, baina haien izaera bai, ondorioz, andaluziar bat hitz egiten entzunten dugunean txundituta gelditzea.

Halaber, hizkuntza bat modu oso ezberdinetan hitz egin daiteke lurraldearen arabera. Bakoitzak hitz, doinu edota esaera ezberdinak erabiltzen ditu eta nahiz eta hizkuntza bera partekatu, ‘bitxi’ deritzogun azentua oso interesgarria izan daiteke.

Aitzitik, badaude azentu atzerritarrak gustuko ez dituzten pertsonak ere, nahiago dute autoktonoa! Baina, gogoratu dezagun, euskara oso hizkuntza aberatsa dela eta euskalki bakoitzak bere xarma duela, horrela, bizkaitar batentzat, nafarra oso bitxia izan daiteke edota, gipuzkoar batentzat iparraldeko azentua oso sexya. Orokorrean, gure azentuak berezitasunik ez duela pentsatzeko joera dugu, baina kanpotarrentzat, zein bertakoentzat, oso exotikoa izan daiteke euskara!
Nolanahi ere, ahotsarekin adierazteko moduaz gain, hitzen edukiak hitz egiteko moduak baino pisu handiagoa izan dezake eta elkarrizketa interesgarri bat azentua baino kitzikagarriagoa izan daiteke.

Bestalde, azentu konkretu bat gustoko izateak, ez du esan nahi modu konkretu batean hitz egiten duten pertsona guztiak gustuko ditugunik. Solaskide bakoitzak ahots doinu, tinbre eta hamaika berezitasun gehiago izango ditu ahoskeraz gain eta ezaugarri guztiak batuta, bakarra eta berezia bilakatzen dute pertsona bakoitza, erakargarria azken batean.