Aukera berdintasuna

Aukera berdintasuna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/01/14
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Aukera berdintasuna
Urte berria, asmo berriak. Bada GAZTEZULOn ez dugu asmo berririk behar, azken urteetan izan duguna lantzen jarraitzea baita geure buruari jartzen diogun egitekoa: aukera berdintasuna oinarri hartuta gizarte justuagoa baten alde gure ekarpena egitea.

2016an inoiz baino gehiago berba egingo da gurean kulturaz. Berba egitea alferrik da, ordea, ekintzetara pasatzen ez baldin bada. Hala, aurten ere, kultur arlo ezberdinei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu, jarraipen handia dutenei zein bazterreko disziplinatzat hartzen diren horiei buruzkoa. Iaz, adibidez, zinema komertziala zein esperimentala, ilustrazioa, kale antzerkia, autoekoizpena edota literatur sariketak izan genituen hizpide. Era berean, kultura pentsatzen, lantzen eta maitatzen ari diren hainbat perfiletako pertsonak elkarrizketatzen jarraituko dugu, jende ezaguna zein ezezaguna, gehiengo bat zein gutxiengoak erakartzen dituen kulturan ari direnak. Pasa den urtean, kasu, Maika Etxekopar, Giorgio Basmatti, Tulsa, Iñaki Gonzalez ‘Fortun’, Les Marines DJ, EHZ festibala, Martxel Mariskal, Kattalin Miner edota Torii izan genituen bidailagun.

2016an kirolaz ere asko berba egingo da, urtero legez; hori ez da berria. Baina Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoek ere izango dute eraginik. Egunkarien azalak, informatiboak zein sare sozialak beteko zaizkigu ohiko futbolariez zein domina irabazlez. Eta guk jarraituko dugu inongo laguntzarik gabe lan askorekin aurrera egiten duten kirolen jarraipena egiten, jarraituko dugu kiroletik bizi direnak zein kirola egiteko ordaindu behar dutenak elkarrizketatzen. Iaz, adibidez, orriotan izan genituen Ainara Elbusto fixed txirrindularia, Irati Astondoa segalaria, June Kitana disko-jaurtitzailea, Iñigo Vidondo izotz patinatzailea edota Emarri taldeko harri-tiratzaileak.

Eta, batez ere, 2016an, zoritxarrez, berba egiten jarraituko dugu indarkeria matxistaz, emakumeenganako jazarpenaz, berdintasun ezaz. Eta matxismoari oinarritik aurre egin behar zaiola sinetsita, berbek ekintza barik ez dutela ezertarako balio jakinda, matxismoak oharkabean pasatzen zaizkigun detaileak baliatzen dituela jakitun, jarraituko dugu genero berdintasuna gure lanaren oinarrian jartzen, aldizkari guztietan protagonisten genero oreka mantetzen. Eta iaz Joseba Elorza, Ianire Elorriaga, Lara Izagirre, Jordi Évole, El_Txef_A, Anari, Adela Úcar, Markel Alberdi, Amancay Gaztañaga, David Fernàndez eta Belakorekin egin legez, 2016an ere azaleko protagonismoa berdin emango diegu neska zein mutilei.