Anaitz Arbilla: "Lehen mailako taldeetara igotzeko borrokatzen dutenen adibide izan nahiko nuke"

Anaitz Arbilla: "Lehen mailako taldeetara igotzeko borrokatzen dutenen adibide izan nahiko nuke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anaitz-arbilla-quotlehen-mailako-taldeetara-igotzeko-borrokatzen-dutenen-adibide-izan-nahiko-nukequot/@@download/image/kirola02_1435562998.jpg
2015/07/13
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB. Argazkiak: RCD Espanyol
Anaitz Arbilla: "Lehen mailako taldeetara igotzeko borrokatzen dutenen adibide izan nahiko nuke"
Datorren denboraldian Athletic Cluben kokatzen dute zurrumurruek Anaitz Arbilla (Larraintzar, 1987), baina talde bizkaitarraren eskaintzarik ez duela jaso dio,
eta RCD Espanyol taldean duen kontratua betetzea baino ez du buruan.



Haurra zenean Larraintzar herrixkako haurrek bi erreferente garrantzitsu zituztela aipatu du Arbillak: Cuco Ziganda futbolaria eta Julian Lajos pilotaria. Horregatik, seguruenik, futbolaren eta esu pilotaren artean bihotza banatuta izango zuten Ultzamako bailaran. 28 urteko nafartarrak, aita pilotazale amorratua duen arren, betidanik amestu du futbol zelai garrantzitsuenetan jokatzearekin.

Futbola tarteko, bizitokiz maiz aldatu duzu. Madrilen bizi izan zara, eta iaz Bartzelonara etorri zinen. Egun, zein harreman duzu Larraintzarrekin?
Urte batetik bestera bizitokiz aldatu dudan arren, nire gurasoak eta anaia han bizi dira, eta betiko lagunak ere han ditut. Beraz, posible dudan guztietan joaten naiz Larraintzarrera.

Egia al da ttikitan, esku pilotaren eta futbolaren artean bihotza bitan banatuta zenuela?
Larraintzarren, Nafarroako beste hainbat herritan bezala, esku pilotak garrantzia izan du betidanik, are gehiago Julian Lajos pilotari ezaguna bertakoa izanik. Baina egia da Cuco Zigandaren eraginak ere futbolarekiko interesa piztu zigula bati baino gehiagori.

Hala ere, zuenean, esku pilotarekiko zaletasuna zen nagusi, ezta?
Nire aita pilotazale amorratua da, eta duela hainbat urte entrenatzailea ere izan zen. Ibilbide interesgarria egin zuen, eta berarentzat esku pilotak zuen garrantzia anaia bioi oinordetzan uzten saiatu zen, beti ere, azken erabakia gure esku utzita.

Anaiak jarraitu zuen frontoian?
Ez, berak ere utzi zuen. Orain udan herrian elkartzen garenean jolasten gara bakarrik.


Aita, beraz, oinordekorik gabe gelditu da...

Kar, kar, kar. Bai, gizajoaren saiakerek ez dute fruiturik eman, eta pilotaririk gabe gelditu da azkenean. Egia esan, nire ametsa futbolari lotuta egon da betidanik. Txikitan futbol zelai handi eta garrantzitsuetan jokatzea zen nire nahia. Eta begira, kostata, baina zorionez bete da!

Urtebete daramazu Bartzelonan. Nola egokitu zara hemengo bizimodura?
Oso gustura nago. Tokiz aldatzera ohituta nagoen arren, Vallecasen urte eta erdiz bizi ondoren gogorra egin zitzaidan bertako bizimoduarekin haustea. Baina urrats hori eman nahi nuen, pertsonalki zein profesionalki garrantzitsua zelako, eta egia esan, Katalunian etxean bezala sentiarazi ninduten lehendabiziko egunetik. Bartzelona sekulako hiria da eta hemen bizi ahal izatea luxua da niretzat.

Athletic Clubeko gazteen taldeetan jokatu eta lehen mailara saltoa emango zenuela zirudienean, ateak itxi zitzaizkizun. Sekula pentsatu zenuen dena bertan behera uztea?
Inolaz ere ez. Futbolean hogei urte dituzunean asko dago ikasi eta bizitzeko. Argi dago adin horretan ateak ixten direla ikusteak min handia egiten duela, baina etsi gabe borrokatzea funtsezkoa da, garrantzitsua baita ametsen alde borrokatzea. Are gehiago, lehen mailako taldeetara igotzeko borrokatzen duten gazteentzako adibide izan nahiko nuke.

Uste duzu balio berezia duzuela bigarren mailako taldeetatik lehen mailakoetara jauzia egiteko borrokatzen duzuen jokalariek?

Lorpenei zuku gehiago ateratzen diegu, zalantzarik gabe. Pertsonalki asko ikasi dut, eta nire ibilbideak modu berezian hazten lagundu didala uste dut. Ez nituzke nire bizipenak ezerengatik aldatuko!

Rayo Vallecano taldean denboraldi eta erdi egin ostean, iaztik RCD Espanyolen ari zara. Nola joan da lehendabiziko denboraldia?
Espanyol taldea aspaldi iritsi ez zen tokietara heldu gara Errege Kopan, eta, zalantzarik gabe, final aurrekoetara iristea denboraldiko gauzarik politena izan da. Europako txapelketan ere atean geratu ginen, baina urte handia izan da.

Diotenez, datorren denboraldian Athletic Clubera itzuliko zara. Hala da?
Udaro zabaltzen diren zurrumurruak dira, Athletic-ek merkatu mugatua du... baina nik ez dut zoratu nahi. Gainera, Bartzelonan oso gustura nago eta Espanyolen pentsatzen dut bakarrik. Hemen jarraitu nahi dut kontratua amaitu bitartean.

Eskaintzarik ez duzu jaso, beraz?
Bat ere ez. Udako oporren ostean Bartzelonan jarraituko dut, orain han ikusten baitut nire burua. Nigan apostu itzela egin duen kluba da, estimu handiz hartu naute eta zuzendaritza taldeak, lantalde teknikoak, jokalariek eta afizioak etxean bezala sentiarazten naute.

Zenbaterainoko garrantzia izango luke zuretzat berriro etxera itzultzeak?
Argi dago Athletic berezia izango dela beti niretzat, txikitatik gauza asko eman dizkit, baina berriz diot, oraintxe Espanyolengan utziko ditut indar guztiak.

Harritu al zintuen iaz Espanyolek zure atea jotzeak?
Noski, bigarren mailatik lehendabizikorako urratsa emateko botatako izerdia gogoratuta, Espanyol bezalako talde batek niregan interesa zuela ikusteak asko poztu ninduen. Nolabait, Espanyolek eman didan konfidantza urtetako lanaren ordainsaria da.

Uste duzu Espanyol eta Barçaren arteko lehia Athletic eta Realarenarekin alderatu daitekeela?
Argi dago derbi guztiak alderagarriak direla, afizioen arteko lehia berezia baita, eta jokalari ororentzat partidu bereziak izaten dira. Bartzelona, argi eta garbi egon da aurten futbol talde guztien mailaren gainetik. Baina datorren urtean, gure afizioari merezi dituen emaitzak eta pozak oparitzeko borrokatuko dugu.

Amaitzeko, zein iritzi duzu Errege Kopako finalean Neymarren jokaldiak sustatu zuen iskanbilaren iguruan?
Neymarrek bere joko estiloa du, baina jokaldi hura saihestu zezakeela uste dut nik, batez ere, aurkariarekiko errespetuagatik.

Anaitzen kuttunak


Futbolari bat: Ronaldo brasildarra.
Pilotari bat: Juan Martínez de Irujo.
Futbol partidu bat: 2014-2015 denboraldiko FC Barcelona-RCD Espanyol.
Entrenatzaile bat: Arsène Wenger.
Futbol zelai bat: San Mamés.
Miresten duzu: Roger Federer.
Ez duzu ahaztuko: Lehen mailara iritsi nintzen eguna.