Alex Prior (Eskrimalaria): "Rio 2016ko olinpiar jokoetara joatea posible da"

Alex Prior (Eskrimalaria): "Rio 2016ko olinpiar jokoetara joatea posible da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alex-prior-eskrimalaria-quotrio-2016ko-olinpiar-jokoetara-joatea-posible-daquot/@@download/image/alex_1423045078.jpg
2015/02/10
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Nagore Koch
Alex Prior (Eskrimalaria): "Rio 2016ko olinpiar jokoetara joatea posible da"
Alex Prior (1991) donostiarrak eskrima gustatzen ote zitzaion jakin barik hartu zuen sablea aurrenekoz, baina handik gutxira munduko txapelduna izan zen
23 urtez azpikoetan, gurpildun aulkian. Goizetan kimikako gradua ikasten
dihardu, eta arratsaldetan lauzpabost orduz entrenatzen du. 


Nola piztu zitzaizun eskrimarako grina?
Udako ikastaroetan hasi nintzen, hamasei urte nituela. Ez nekien zertan izena eman, eta amak esgrima egitera animatu ninduen. Ez zuen kirola ezagutzen eta asko gustatu zitzaidan.

Oker ez banago, gurpildun aulkian kirola praktikatzeko aukera izateak jarraitzera bultzatu zintuen.
Bai, entrenatzaileak gurpildun aulkian egiteko aukera zegoela esan zidan, eta horrela aurrera egitera animatu ninduen. Gogor entrenatuta menderatuz joan nintzen. Entrenatzailea eta biok aritzen gara. Izan ere, gainontzekoekin entrenatzea apur bat zailagoa da. Gurpil aulkian aritzeak beste nolabaiteko mugimenduak egitea eskatzen du, eta gainera bat aulkian aritu eta bestea zutik egoteak asko zailtzen du entrenamendua.

Laster hasi zinen garaipenak lortzen. 2012an Munduko Txapelketarako sailkatu zen lehenengo eskrimalari euskalduna izan zinen.
Ikaragarria izan zen esperientzia hori. Gainera, zirkuitu horretan dabiltzan gazteenetakoa izanik, Budapesteko Munduko Txapelketa horretan emaitza ona lortu nuen. Budapestera joan ahal izateko, beste hiru Munduko Kopatan aritu behar izan nintzen: Italian, Alemanian eta Polonian. Horietan, orotara, hamaseigarren postua lortu nuen eta Budapesten lehiatzeko sailkatu. Hala ere, esperientzia falta zitzaidala nabaritu nuen. Baina urteen poderioz hobetuz joan naiz.

2013a hobetzeko urtea izan zen, ezta?
Bai, maila horretan lehiatu ahal izateko gogor lan egin behar nuela argi neukan. 2012an Olinpiar Jokoak izan ziren, eta postu bakar batengatik ez nintzen sailkatu. Eta Rio 2016ko Olinpiar Jokoetako sailkapen probak 2014an hasi ziren. Horregatik, 2013ak lan egiteko urtea izan behar zuen, argi eta garbi.

2014ko Budapesteko Munduko Txapelketan hamabigarren postua lortu zenuen. Emaitza ona den arren, oraindik ez dizu Rio 2016rako sarbidea ziurtatzen.
Ez, emaitza ona denez, momentuz, aurrera egitea ahalbidetzen dit. Baina datorren urtera arte ez dut jakingo Olinpiar Jokoetan lehiatzeko sailkatuko naizen. Guztira zortzi proba egin behar ditut, zortzi Munduko Txapelketa. Horietan lortutako emaitzen arabera sailkatuko naiz edo ez. Sailkapen orokorrean lehen hamabi, hamahiru edo hamalau postuetan daudenak joango dira.

Hamabi, hamahiru edo hamalau diozu. Inoiz ez da sailkapena postu berdinean ixten?
Ez, hainbat faktorek eragiten dute, diru-laguntza kopuruak, pistak…

Hala ere, 2014an izan duzu zertaz poztu. Varsovian 23 urtez azpikoen Munduko Kopan, sable modalitatean, txapelduna izan zinen.
Oso pozik nago lorpenagatik. Nahiz eta aulkiarekin bi modalitateak egiteko aukera daukadan, tresna guztien artean, sablearekin bakarrik entrenatzen dut. Egia da, urduritasuna kentzeko entrenamendu hasieran ezpata erabiltzen dugula, baina ondoren sablearekin jarraitzen dugu.

Zer ezberdintasun dago sablearen eta ezpataren artean?
Ezpata oso motela da, eta ondorioz, batez ere taktika da lantzen duzuna. Sablea, aldiz, oso azkarra da, eta horregatik, zalutasuna eta bizkortasuna dira garrantzitsuak. Esango nuke sablea oso instintiboa dela. Pertsonalki ezpata baio gehiago gehiago gustatzen zait.

Iaz, uda mugitua izan zenuen. Varsoviatik Estrasburgora joan zinen, Europako Txapelketara.
Egin dudan Europako Txapelketarik onena izan da; ezpatan hogeigarren postua lortu nuen eta sablean hamahirugarrena. Aurrekoan, 2011n, Erresuma Batuan, 33. geratu nintzen. Nire lehenengo txapelketa izan zen hura. Horregatik 2014koan askoz ere emaitza hobea egitea kristoren lorpena da niretzat. Zein zaila den konturatu nintzen, eta orain gauza bat badakit: Lan eginez gero, Rio 2016ko Olinpiar Jokoetara joatea posible da.

Motibatuta joan zinen, beraz, urte amaieran Hong Kongeko Grand Prix-ean lehiatzera. Horrela behar du, izan ere, japoniarrak munduko eskrimalaririk onenetakoak dira.
Bai, hala da. Hamaikagarren postua lortu nuen bertan. Japoniarrak eta txinatarrak onenak dira. Adibidez, Grand Prix-ean dena irabazi zuten, gizonezko zein emakumezkoetan, eta modalitate guztietan. Ikaragarria da zenbat entrenatzen duten; egun osoa ematen dute horretan!

Nola ikusten duzu 2015a?
Lan handia daukat aurretik. Maiatzean Kanadara eta Italiara joango gara, uztailean Poloniara, abuztuan edo irailean Europako Txapelketa Hungrian izango da seguru asko, eta ondoren urrian Frantzian izango gara… Urte gogorra aurretik, baina ilusioz betetakoa!