Aitor Ormazabal: "Hoberena saioari esker neska zoragarri bat ezagutzeko aukera izan da"

Aitor Ormazabal: "Hoberena saioari esker neska zoragarri bat ezagutzeko aukera izan da" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/01/15
elkarrizketa
Aitor Ormazabal: "Hoberena saioari esker neska zoragarri bat ezagutzeko aukera izan da"
Aitor Ormazabal (Villabona, 1995) ‘Gu ta gutarrak’-etik kaleratua izan den arren,
esperientzia oso baliagarria izan zaiola dio. Abenturazale amorratua da; ‘reality’-en martxa hartuta, ‘El Conquis’-era joatera animatuko al da?


Jatorra zara?
Jatorra naiz, bai.

Beste ‘reality’-ren batean parte hartuko zenuke?
Bai, El Conquis-en. Nire ametsetako bat egia bihurtzea izango litzateke abentura hori bizitzeko aukera izatea. Nire zaletasunekin bat egiten duen ‘reality-‘a da.

Zerk animatu zintuen parte hartzera?
Lagun batek esan zidan ea kotxez Miramonera eramango nuen programa baten hautaketa proba egitera, eta nik ere kastinga egitea erabaki nuen.

Izokinen familiako Espainiako arrantza txapelketan laugarrena izan zinen. Zer behar da arrantzale ona izateko?
Asko gustatu behar zaizu, pazientzia eta dedikazio ikaragarria behar baitira.

Zuk non arrantzatzen duzu hobekien, uretan edo uretatik kanpo? Egia da uretan ondo moldatzen naizela, baina uretatik kanpo askoz hobeto! Kar, kar, kar. Antzekotasunik badute bi arrantzek: pazientzia eduki behar da eta ausarta izan, pieza hona ikusi eta haren bila joateko.

Eta zer behar da pilotari ona izateko? Zaletasuna eta frontoian lan egitea. Ondo dakit hori lesio ugari izan ditudalako.

Norekin sartuko zinateke etxe batean? Bikotekide edo lagun oso on batekin. Hori bai, nire pisukideak sekulako pazientzia izan beharko luke. Desastrea eta oso despistatua naiz.

Eta norekin ez zenuke sekula horrelako esperientzia bat biziko?
Etengabe marmarka eta umore txarrean dagoen edonorekin.

Zer da ‘Gu ta gutarrak’ saioak eman dizuna? Taldekide guztiak zoragarriak dira. Pertsona bezala garatzen lagundu dit. Hori gutxi balitz, hoberena saioari esker neska zoragarri bat ezagutzeko aukera izan da.

Eta zuk eman diozuna? Nire pertsonalitatearen barne dauden zenbait aspektu eman dizkiot. Alaitasun puntu hori eman diodala uste dut. Hoberena Txurrurekin izan ditudan pikeak izan dira!