Adi pilulekin!

Adi pilulekin! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
erreportajea
TESTUA: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea
Adi pilulekin!
Azken urteetan estasiaren purutasuna Euskal Herrian orokorrean handia izan bada ere, aurten pilula arriskutsu batzuk aurkitu dira; erabiltzaileen osasuna jokoan jar dezakete.

Estasiaren printzipio aktiboa MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina) konposatu anfetaminikoa da; kalean ‘kristal’ zein pilula itxuran aurkitzen da normalean. Euskal Herrian kristalak pilulek baino MDMA kontzentrazio handiagoa dutela neurtu bada ere, toxikotasunari dagokionez, azken urteetan pilulekin ez da halako alarma deigarririk gertatu, merkatu beltzean aizunketak zein iruzurrak beti egon diren arren.

Hala ere, aurten, pilula susmagarri batzuekin topo egin dute substantzia psikoaktiboen edo drogen analisia eskaintzen duten hainbat zerbitzuk, tartean, Ai Laket!! elkarteak. Pilula horiek PV8, etilona edota PMMA daukate. Bizkaian, esaterako, Supermanen logotipoa duten arrosa edo laranja koloreko zein diamante formadun pilulak aurkitu dira, PMMA dutenak; oso toxikoak dira eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jar dezakete. Are gehiago, horrelako pilulak Europan gertatutako sei heriotzarekin eta AEBetako beste seirekin lotu berri dira.
Bestalde, Bizkaian baita ere, MDMA gisa saldutako PV8-dun lagin bat eta etilona zeraman MDMA lagin bat aurkitu dira; gaur egun, bi substantzia horien toxikotasunari buruzko informazio fidagarririk ez da ezagutzen.

Kasu horiek kontutan hartuta, Ai Laket!! elkarteak estasiaren, eta batez ere, pilulen inguruko alerta oharra kaleratu du hainbat hedabidetan (webgune, telebista, irrati zein egunkarietan), erabiltzaileak zein erabiltzaileekin kontaktuan dauden profesionalak egoeraz ohartarazteko.

MDMA erabiltzaileei, aldiz, estasia kontsumitu aurretik laginaren analisia egitea gomendatzen zaie (batez ere, Superman gisa ezagutzen diren pilulak hartzeko asmoa badute), laborategiko analisia egitea baita substantzien konposaketa zehatza ezagutzeko modu bakarra. Analisi hori, adibidez, Ai Laket!! elkarteko Ai Test gunean edo Testing zerbitzuan egin daiteke konfidentzialtasun osoz eta dohainik; eskuhartzeak noiz egingo diren elkarteko agendan zein mugikorretarako aplikazioan kontsultatu daiteke. Nafarroako erabiltzaileek Hegoak elkartean eta Espainian bizitzen ari direnek Energy Control elkartean egin ditzakete kontsultak.
Bestetik, droga mota guztiekin gertatzen den bezala, ezinbestekoa da kontsumitu baino lehenago substantziaren eta aizuntzaileen informazio fidagarria izatea, eta zalantzaren bat izatekotan, ez kontsumitzea. Gogoratu baita ere, garrantzitsua dela dosi txikiarekin hasi eta eraginari itxarotea dosi handiagoa hartu aurretik; modu horretan gutxitzen da arriskua. Nahi ez den eraginik sentituz gero, lehenbailehen eten behar da kontsumoa. Izan ere, PMMAk, adibidez, MDMAk baino denbora gehiago behar du eragiteko, eta ondorioz, dosia handitzeko tentazioa izan dezake erabiltzaileak, lortu nahi duen eragina heltzen ez dela ikusita.

Informazio gehiago nahi duenak Ai Laket!! elkarteko webgunean (ailaket.com) aurki dezake, 945 231 560 telefonora deitu edo elkarteko bulegotik pasa daiteke (Gasteizko Jesusen zerbitzarien kaleko 40. zenbakia).

Estasia



• Jatorrizko izena: MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina).
• Estasiaren formatu ezagunenak: ‘Kristala’ eta pilulak.
• Kontuz ibili: PV8, etilona eta PMMA duten laginak aurkitu dira. Batez ere, Supermanen logotipoa duten pilulekin kontuz ibiltzea gomendatzen da.
• Lagin arriskutsuak aurkitu dira: Bizkaian.
• Arriskuak murrizteko: Mota horretako laginak hartu baino lehen analisia egin.