Adela Úcar: "Telebistan sormen falta handia eta arriskatzeko gogo eza daude"

Adela Úcar: "Telebistan sormen falta handia eta arriskatzeko gogo eza daude" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adela-car-telebistan-sormen-falta-handia-eta-arriskatzeko-gogo-eza-daude/@@download/image/adela__arg5717_1435313627.jpg
2015/07/13
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37. Argazkiak: Galder Izagirre
Adela Úcar: "Telebistan sormen falta handia eta arriskatzeko gogo eza daude"
Munduko txokorik interesgarrienak ikusleen etxeetara eramaten aritu ostean,
Cuatro telebista kateko ’21 días’ saioan egin zen ezagun Adela Úcar (1980, Bilbo). Gaur egun, ETB2ko ‘Sin ir más lejos’ saioan ari da.


"Espero baino gehiago luzatu zaigu Iruñeko grabazioa. Ordu erditxo bat atzeratuko naiz, ados?" Mundua zeharkatzeari utzi eta etxera lanera etorri arren, alde batetik bestera ibiltzea odolean darama Adela Úcarrek, berezkoa du bidaiari izaera.

Goizean goiz eguzki ederrarekin esnatu gara; uda girorako jantzita datorkigu Adela, kapela eta guzti. Eguerdirako laino beltzek estali dute, ordea, Donostia, eta Miramonen elkartu garenerako, euri zaparrada ari du. Panorama ikusita, EITBren egoitzara sartzea erabaki dugu. Sin ir más lejos saioko platoan lehenengo, aurkezle izarren argazkiz jantzitako korridoreetan gero, eta, azkenik, batek daki zenbat saio eta telesailetako atrezzoak gordetzen dituen biltegian, Tortolikaren begiradapean, atera ditugu argazkiak. Ostean, platoko gonbidatuak zain izaten diren geletako batean sartu gara, elkarrizketatzailea elkarrizketatzera.

Nafarroako Unibertsitatean Ikus-entzunezko ikasketak egin zenituen. Argi zeneukan alor horretan lan egin nahi zenuela?
Umetan esaten zidaten Antoñita la fántastica txiki bat nintzela, aktorea izan eta Hollywoodera joateaz hitz egiten nuelako. Zinema betidanik gustatu izan zait, kamerak asko erakarri izan nau eta eskolan ikasten ari nintzela dokumentalak egitea nuen buruan; natura eta gizartea gai zituzten dokumentalak. Beraz, unibertsitatean argi izan nuen zer ikasi. Eta, ostean, bide berean sakontzeko, Australian Dokumentalen Zuzendaritzako Masterra egin nuen. Telebistan lan egin nahi nuen, bidaiatzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera emango zidan lan batean.



Australiako egonaldiak zure bizi-filosofian eragin handia izan zuela irakurri dizut.

Bai, urtebetek askorako ematen du. Alde batetik, masterra amaitu ostean hiru hilabetez furgoneta batean zeharkatu genuen herrialdea mutil-lagunak eta biok, dutxarik eta bestelako erosotasunik gabe, eta halakoetan konturatzen zara bizitzan zer den garrantzitsua. Bestalde, australiarren izateko moduak ere eragin zidan; guk baino gauza gutxiago behar dute gustura bizitzeko. Han, taberna batean oso ohikoa da goi-mailako abokatu edo exekutibo bat eta lan finkorik ez duen manitas bat trago bat hartzen eta solasean aurkitzea, maila berean. Gurean gizartea zatikatuago dago, eta pertsona arrakastatsua izateko zortzi ordutik gorako lanpostu bat izan behar dugu, seme-alabak ikastetxe jakin batzuetara eraman eta sekulako etxea izan, erosita, noski.

Australian zinela aurkeztu zinen Discovery Channel-en Reel Race lehiaketara.
Lehiaketa hura ametsa zen niretzat. Sei lehiakide ginen eta bakoitzari kamera, ordenagailua, gai jakin bat, diru apur bat eta hegazkin billetea ematen zizkiguten, eta bi eguneko epean dokumental bat aurkeztu behar genuen. Niri Filipinak, Macao, Zeelanda Berria, Australia eta Papua Guinea Berria egokitu zitzaizkidan. Esperientzia hartan konturatu nintzen zerbait egitea irmo erabakitzen baduzu, egin dezakezula, eta gauza interesgarriak egiteko ez dela baliabide askorik behar derrigorrez. Horrek konfidantza handia eman zidan.

Lehiaketa hartan irabazlea izan zinen, eta horrek Discovery Channelen ateak ireki zizkizun.
Nire ibilbidean mugarri izan zen. Saria Discovery Channelentzako Asian hiru hilabetez lan egitea zen. Saio batean sartu ninduten ekoizpen-laguntzaile gisa; egia esan, kafeak ateratzea eta aurkezlearen trajea garbitzera eramatea zen nire lana, gutxi gehiago. Baina saioaren zuzendaria Ian Wright zen, Pilot Guides saio ezagunaren arduraduna, eta esan zidatenean berarekin lan egingo nuela, ezin nuen sinetsi [saioaren izen ofiziala Globe Trekker da, baina herrialde batzuetan izen ezberdina dauka, Lonely Planet edota Pilot Guides, kasu]. Hamar egunez berarekin egin nuen aurrez aurre lan, eta zerbait ikusi zuen nigan. Espainian saio bat grabatzeko proposamena egin zidan, flamenkoa eta zezenak gai hartuta Jerezko Feriara Domecq familiarekin joatea proposatu nien, eta saioa ekoizteko eskatu zidaten. Saio bikaina atera zitzaigun, eta hortik aurrera, asko lan egin nuen Ian Wrightekin.

‘Pilot Gidak’ saioan zein beste batzuetan, ezta?
Hasieran VIP Weekends with Ian Wright eta Out of Bounds saioetan aritu nintzen, eta ostean hasi nintzen Pilot Gidak saioan, ekoizpen zein aurkezle lanak egiten. Pilot Gidak atalak banaka errodatzen ziren, eta bost egin nituen, hiru urteko denbora tartean. Noski, saio horiekin irabazitako diruarekin ezinezkoa da bizitzea, eta batzuen eta besteen artean dokumentalak, bideo korporatiboak edo inoiz aurrera ateratzen ez ziren proiektuen hamaika aurrekontu egin nituen Madrilgo zein Euskal Herriko hainbat ekoiztetxerentzako. Eta beste telebista saio batzuetan ere lan egin nuen, Españoles en el mundo (TVE1), Muchoviaje (La2) edo Ven de viaje (Neox) saioetan, adibidez.

Bidaiaren bat gogoratzen duzu bereziki?
Gogoan dut egin nuen azken Pilot Gidak saioa, Nigeriakoa. Azken sekuentziak Chadekin muga egiten duen desertuan errodatu genituen, eta herrixkara iritsi ginenean, umeek atzamarrarekin seinalatzen gintuzten, sekula pertsona zuri bat ikusi gabeak zirelako. Durbar festibala ospatzen ari ziren, non desertuko gizonek zaldi gaineko prozesioak eta lasterketak egiten dituzten; milaka dira, Nigeriako arropa tradizionalekin jantzita, eta benetan ikusgarria da. Nire sentipena zen inork aurretik ezagutu ez zuen herria eta jendea ezagutzen ari nintzela.

Azken saioa izan zen, grabazio hura amaitu eta bi egunetara ‘21 días’ saioan hastekoa zinelako...
Bai, Pilot Guides saioan hiru urte neramatzan, eta zuzendariak hurrengo urtean hainbat saio egitea proposatu zidan momentuan iritsi zitzaidan 21 días saioko eskaintza. Argi nuen sekulako jauzia egiteko zein sekuako kolpea hartzeko aukerak nituela.

Saioa nolakoa den kontutan hartuta, beldur pixka bat izango zenuen, ezta?
Akojonatuta nengoen. Asko pentsatu nuen, gurasoekin, mutil-lagunarekin, lagunekin... jende askorekin hitz egin nuen, eta euren iritzia eskatu nien. Batzuk inolaz ere ez onartzeko esaten zidaten, batzuek ezin nuela ezetzik esan, eta besteek nik jakingo nuela zer egin. Irudipena dut ezezkorik ezin izan nuela eman; konturatu orduko "ongi etorri" esan zidaten, eta erabakia hartu gabe nuen arren, aurrera egin nuen. Beste astebete izan banu pentsatzeko...

Samantha Villar aurreko aurkezlearekin egin zenuen sarrerako atalaren ostean, bakarrik egin zenuen lehena La Chureca zabortegikoa izan zen: 21 egun Erdialdeko Amerikako zabortegirik handienean.
Oso-oso gogorra izan zen. Momentu hartan nire buruari galdetu nion non demontre sartu nintzen. Baina burugogogorra ere banaizenez, harrotasun puntu bat ere badut, dena ondo egitea dut gustuko, eta norbaitek egin ezin dudala esateak, indartu egiten nau. Baina inoiz ez nuen halakorik aurretik bizi, ezta Nigerian ere, eta La Churecako familia batekin 21 egunez bizitzeak gainez egin zidan.

Ziurrenik, horixe zen saioaren arduradunek bilatzen zutena.
Bai, azken finean, kazetariaren jakin-mina eta usaimena zuen norbait nahi zuten, baina ez esperientziadun kazetari zaildu bat. Eta noski, gainez egite hori ere telebistaz transmititu egin zen. Telebistaren beste aldean dagoen inor ez dago prest halako zerbaiterako, eta jendea nirekin identifikatzea lortu genuen. Hainbat ikuslek idatzi ere egin zidaten esanez negar egin zutela, atalak jota utzi zituela, lorik egin ezinik. Nik uste esperientzia gizatasunez eta hurbiltasunez transmititzea lortu genuela.

Hori izan zen atalik gogorrena?
Gogorrena Dominikar Errepublikako kartzelakoa izan zen. Nik giza berotasuna beharrezkoa dut, eta lantaldetik guztiz isolatuta egotea gaizki eramaten dut. Ondorioz, hartu-eman hori kartzelako neskengan bilatzen saiatu nintzen, eta euretako batzuk ere niregan babestu ziren. bereziki, bere kasua guztiz galdutzat zuen neska bati lagundu nion asko: GKE batekin harremanetan jarri nuen, eta bere amarekin elkarlanean estradizioa eskatzeko behar zituen paperak lortu genituen. Egoera bideratzea lortu genuen eta iazko azaroan baldintzapeko askatasuna eman zioten. Orain etxean dago.

Pertsonalki, halakoek utziko dizute arrastoa.
Bai, nire ibilbide osoan, laguntza behar zuen jende askorekin egin dut topo, eta askori ezin izan diet lagundu edo ez diet lagundu nahi izan. Egoismoa, defentsa mekanismoa, zure erantzukizuna ez dela pentsatzea... Hamaika arrazoi egon daitezke, baina kasu gehienetan ez dut ezer egin. Neska horren kasuan, ordea, laguntzeko aukera izan nuen, eta horrek oso ondo sentiarazi nau.

Dramak alde batera utzita, zein izan da gehien gozatu duzun atala?
Surfekoa! [Mexikon, Puerto Escondidon, pasa zituen 21 egun, munduko olaturik onenetakoa omen den Zicatelako olatua surfeatzeko helburuarekin]. Itsasoa txikitatik izan dut gustuko. Hemeretzi urterekin hasi nintzen lagunekin surfa praktikatzen, eta senarra ere surflaria denez, bidaia asko egin ditut surfeatzeko asmoz, adibidez, Maldivak, Bali, Sumbawa (Indonesia), Kalifornia (AEB) edota Hawaiira (AEB).

Ziur atal horretako gaia zeuk proposatu zenuela!
Ekoizleek esan zidatenean hurrengo saioen gaiak Sadomasokismoa, Ehiza, Musulmanak eta Alkohola izango zirela, esan nien ea zergatik ez genuen surfeko bat tartean sartzen! Brometan esan nuen, baina ideia ona iruditu zitzaien. Puerto Escondidon 21 egun baino gehiago ere geratuko nintzen.

21 egun horietan, zenbaterainokoa da isolamendua? Telebistan ikusten dena baino harreman handiagoa izango duzu lantaldearekin, edo ez?
Gai batzuen inguruan hitz egiteko denbora tarte batzuk aldez aurretik programatzen ziren, eta sekuentzia horiek grabatzeko lantaldearekin batzen nintzen. Baina hortik kanpo, bakarrik nengoen protagonistekin. Helburua protagonistekin momentu intimoak izateazen, egiten zizkidaten konfesioak grabatzea, gai delikatuagoak tratatzea... Adibidez, umeekin egoteko tartea bakarrik nengoenean hartzen nuen. Hiru asteak familia bakarrarekin egotea egokitzen zitzaidanean oso isolatuta nengoen, baita bizpahiru egunez lantaldekoak ikusi gabe ere. Eta horrek asko erretzen du.

’21 días’ saioan hiru urte eta erdi egin zenituen.
Guztira 25 atal izan ziren, eta azkenerako oso erreta nengoen. Aurretik ere izan nuen uzteko asmorik, baina luzatzen eta luzatzen joan zen kontua. Haurdun geratu nintzenean proposatu zidaten amatasun bajaren ostean segitzea, baina ez nuen gogorik haur bat etxean izanda baldintza horietan lan egiten jarraitzeko, denbora asko kanpoan, inkomunikatuta... eta uztea erabaki nuen.

Denbora asko pasa baino lehen eskaini zizuten ETBko ‘El impostor’ saioa aurkeztea.
Inoiz pentsatu izan dut, bertokoa izanik, aukera sortuko zela, agian noizbait deituko zidatela. Nire asmoa haurra jaio eta urtebetez edo lanik egin gabe egotea zen, baina El Impostor saioko grabazioak astean bi egunetan baino ez ziren, saio arina zen, ordura arte landu ez nuen formatua, eta aurrera egitea erabaki nuen. Gainera, Cuatrora bueltatzeko asmoa badut oraindik, eta halako saioak ondo datozkit ikus dezaten sufritzetik aparte beste gauza batzuk ere egin ditzakedala. Bere garaian Cuatroko arduradunekin hitz egiten nuenean esaten zidaten 21 días ostean zerbait heavy-agoa egin behar genuela! Baina jende gazte asko dago lan egiteko gogoz; eman diezaietela aukera.

Oso ezberdina da Cuatron edo ETBn saio bat egitea?
El impostor saioan oso gustura aritu nintzen, lantaldea oso profesionala da; gogo eta ilusio handiarekin lan egiten da hemen. Beti pentsatzen dugu kanpokoa hobea dela, baina ezta gutxiagorik ere. Hori bai, igarri dut ETBn presio gutxiago dagoela telebista kate nazionaletan baino; haietan audientziek gehiago agintzen dute.

Gaur egun, ‘Sin ir más lejos’ saioan ari zara.
Lehen aldia da eguneroko saioa egiten dudala, zuzenekoekin eta platoko jardunarekin. Pentsatu nuen proiektu oso ona zela niretzako, halako zerbait lehen aldiz kate nazional batean egitea agian gehiegi arriskatzea izan baitaiteke. Klaudio Landa oporretan egon denean nik gidatu dut hiru orduko saioa, eta erronka handia izan da. Egia esan, ezin zitzaidan jokaldia hobeto atera. Badut Cuatrora bueltatzeko asmoa, baina ikusi beharko da noiz eta nola.

Nola ikusten duzu gaur egun telebista? ETB, adibidez, kate publikoa izanik, ez al da gehiegi lerratzen Espainiako kate pribatuen formatuetara?

Zerbait berria ateratzen denean eta arrakasta izaten duenean ohikoa dugu mundu guztia horixe errepikatzen hastea. Modak dira. Hara, duela lau bat urte ia ez zegoen sukaldeko saiorik, Arguiñano salbu, eta orain dena da janaria telebistan. Gogoan dut Cuatroko zuzendaritzakoekin egindako bazkari batean, duela urte batzuk, esan niela gustura egingo nukeela sukaldaritzarekin lotutako saio bat, eta esan zidaten horrek ez zuela etorkizunik! Sei hilabeteren buruan Master Chef atera zen, eta begira gaur egun nola gauden.

Gurean, baina, formatu amerikar eta europarrak kopiatzen ari gara etengabe.
Master Chef Espainiakoa da, adibidez, baina oro har, bai, kopiatu egiten ditugu. Hasteko, sormen falta handia dago, baina baita arriskatzeko gogo eza ere. Telebistak errentagarritasunera lotuta daude, eta ez dute gaizki atera daitekeen formatu baten aldeko apusturik egiten; segurura doaz, beste leku batzuetan arrakasta izan duten formatuetara.

Baina ez duzu uste, telebista publikoek ez luketela hainbeste oinarritu behar errentagarritasunean?

Interesgarria litzateke formatu berrien eta jende gaztearen aldeko apustua egitea, baina uste dut gure izateko moduak kontrakora garamatzala. Euskal Herrian zein Espainian betikoaren gainean egiten dugu lan, jende berdinarekin, 30 urteko ibilbidea duen jendearekin. Hori ondo dago, baina oraindik ezer egin ez duen eta ideia freskoak dituen jendearekin lan egitea onuragarria litzateke. Gazteoi esaten digute ekintzaile izan behar dugula, baina ez dute guregan inongo konfidantzarik jartzen.

Adelaren kuttunak


Musika talde bat: Smile.
Liburu bat: L’Élégance du hérisson (Muriel Barbery, 2007).
Film bat: Two for the Road (Stanley Donen, 1967).
Kazetari bat? Gay Talese.
Herrialde bat: Australia.
Hiri bat: Paris.
Leku bat: Antzinako edozein hiriko espezia merkatua.
Kolore bat: Urdina.
Amets bat: Hainbat hilabetez familiarekin bidaiatzea.
Miresten dituzu: Ametsetan sinetsi eta horiek egia bihurtzeko ahalegina egiten dutenak.